GARA
GASTEIZ

Atxoste gizakiaren babesleku izan zen 10.000 urtetan zehar

Atxoste 10.000 urtez erabili zuen gizakiak, hasi Mesolitoan, ehiztari-biltzaile zen garaian eta Neolitora arte, dagoeneko ekoizle zenean. EHUko ikerketa batek ondorioztatu du okupazio-aldi luzeak izan zituela Atxostek, nahiz eta ez izan bizileku finkoa.

Harpeak asko erabiltzen zituzten gizatalde ehiztari-biltzaileek. Harkaitzetan, askotan haien oinetan, dauden sakontasun txikiko haitzuloak dira harpeak; ehiztari-biltzaileek baliabideak ondoan zituztenak aukeratzen zituzten, eta inguruko animalia eta landare basatiak ustiatzeko egonaldiak egiten.

Neolito garaia iristean, eta ekoizle bihurtu zirenean, harpe gehienak alde batera utzi zituzten gizakiek. Baina ez Atxoste. «Kokaleku garrantzitsua edo errentagarria izan zela adierazten du horrek», nabarmendu du

Unai Peralesek, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak.

Bere doktore-tesian, bertan aurkitutako harrizko tresnetako aztarnak aztertu ditu, erabilerari lotutakoak. Mesolitoan ehizarako asko erabiltzen zuten Atxoste: jaurtigai asko aurkitu dituzte, inpaktu-aztarnak dituztenak, baita ehizatutako faunaren aztarnak ere. «Baina ez zen ehizarako egonaldi motzak egiteko kokaleku huts bat –nabarmendu du Peralesek–. Larrua eta egurra ere lantzen zituzten bertan, eta, horretarako, beharrezkoa da egonaldiak luzeagoak izatea».

Neolitoari dagozkien aztarnetan, ekintza askoren arrastoak aurkitu dira, larrua, ehizaturiko animaliak edo egurra lantzekoak, adibidez. Peralesek oso adierazgarritzat jo du bertan aurkitutako errota: 20 kiloko harri bat da, hareharrizkoa, eta haren azterketa geologikoa egitean ikusi zuten Elgea-Urkila mendilerroetatik eraman zutela, 20-30 kilometroko bidea eginez.

Ehiza baino gehiago

«Halako harri handia haraino eraman baldin bazuten, Atxoste ehizarako baino zerbait gehiagorako erabili zutela ondoriozta dezakegu, eta garai hartan ere egonaldi luzeagoak egiten zituztela bertan –adierazi du–. Eta badakigu nekazaritza eta abeltzaintza ezagutzen zituztela».

Peralesek ondorioztatu du Mesolito garaian, Atxoste «erdibideko kanpamentu bat izan zela, ez bizileku finkoa, ez ehizarako lekua. Horrek iradokitzen du inguruko beste harpe batzuekin konektatuta zeudela gizataldeak, eta batetik bestera joaten zirela, garaiaren arabera».