GARA
ZUMARRAGA

Galderaren Batzordea aurkeztu du Goierriko Gure Esku Dago taldeak

Eskualdeko aniztasunaren erakusle, 27 lagun arduratuko dira, «ahalik eta herritar gehienen parte hartzearekin», ekainaren 19an gauzatuko duten herri kontsultako galdera adosteaz.

Goierriko Gure Esku Dago-k aise gainditu du erabakitzeko eskubidea gauzatzeko jarritako lehen erronka. Izan ere, helburua herriz herri 5.000 sinadura, botoa emateko eskubidea duten herritarren %10 ingurua jasotzea zen, eta 8.875 herritarrek babestu dute ekainaren 19rako antolatu duten galdeketa.

Hurrengo pausoa adoste fasea izango da, eta Elkarrekin dinamika izendatu dute. Dinamika horren barruan lan egingo duen Galderaren Batzordea aurkeztu zuten atzo Zumarragan. Azaldu zutenez, 27 lagunek osatuko dute lantaldea, «Goierriren aniztasunaren adierazle».

«Bere lan nagusia ahalik eta herritar gehienen parte-hartzearekin denok gure senti dezakegun galdera formulatzea izango da», nabarmendu zuten. Bide horretan, hurrengo hitzordua otsailaren 27an izango da, Idiazabalen. Bertan, herritar eta eragile guztiei irekia izango den eztabaida antolatu dute.

Gogora ekarri zutenez, apirilaren 9an hirugarren eta azken fasea hasiko dute, «erabakiarena». Agerraldian esan zutenaren arabera, «galdera zehaztuta, bai ala ez, erantzun bakoitzaren argudioak lantzeko bitartekoak jarriko ditu Elkarrekin dinamikak, herritarrek ahalik eta bitarteko gehienekin egin dezaten euren hautua». «Ekainaren 19a prozesu honen ospakizuna, elkarrekin egindako bidearen ospakizuna eta jaia izango da, emaitzaz harago», azpimarratu zuten.

Era berean, datorren ekainean galdeketak egingo dituzte baita ere Diman, Bakaikun, Ispasterren eta Azpeitian. Aitzindaria Etxarri Aranatz izan zen, 2014an egin baitzuen galdeketa. Atzetik, 2015ean, Arrankudiaga eta Zollo herriek jarraitu zioten.