GARA
BILBO

Gaur abiatuko da Correscales, duintasunaren aldeko korrika, Bilbotik

Gaur abiatuko da Bilbotik, 18.30ean Buenos Aires kaletik, azkenaldian hitzetik hortzera dabilen Correscales martxa. Euskal Herriak jada berea duen Korrikaren antzera, ibilbide bat eginen da eskuz esku, helburu batekin: prekaritatea amaitzea eta duintasunez bizitzea.

800 kilometro izanen ditu ibilbideak eta Bilbo eta Bartzelona lotuko ditu. Indar sozial, sindikal eta politiko ugariren babesa duen ekimenak datorren astelehenera arte saretuko ditu justiziaren eta duintasunaren alde borrokatzen duten bizipenen arteko konplizitateak, 80 errelebotan.

«Orain arte egin den sustapen kolektiborako crowdfunding-ik handiena osatzeko» xedea dute.

Marea urdin bat sortuko dute zatiketa eta prekarizazio laboral eta sozialaren aurkako borroka duina azalarazteko, baita egoera tamalgarri hauek bizitzan dituzten inpaktuak ere.

Hernani, Iruñea...

Movistar telefono konpainiako langileen iazko grebari lekukoa hartu nahi dio ekimen honek, haien borroka ezagutzera eman eta ataka berean diren beste enpresetako langileei laguntza emateko asmoz. Babes ekonomikoa jasotzea ere badu helburu. Greban pilatutako zorrak kitatu eta jasotako diruarekin Erresistentzia Kutxa sortu nahi dute prekaritatearen aurka borrokatzen diren kolektiboentzat.

Bizkaitik Gipuzkoara igaroko da martxa bihar goizaldean. Hernanin izanen da 10.15ean eta 13.00etan Tolosan. Nafarroan sartuko da gero, eta 20.45ean Iruñera helduko da. Larunbat goizaldea herriz herri pasatu eta 9.00etan Artiedan izanen da. Handik Aragoira igaroko da eta agur erranen dio Euskal Herriari.