Ariane KAMIO
BILBO

Nola hedatu, nola bultzatu, euskal kulturaren heldulekuetatik

Komunikazioa estrukturaren barruan. Transmisioa belaunaldien artean. Euskal kulturak dituen bi helduleku nagusietakoak badira ere, azken urteetan gabeziaz gabezia ibili diren arlo bi dira. Aterabideak jartze aldera, hainbat eragilek Jalgi plaza ibiltaria abiaraziko dute maiatzean astebetez. Aiaraldea eta berau osatzen duten udalerrietan egingo da aurtengo hitzordua. Orotara, 65 ekitaldi baino gehiago, bidea urratzen jarraitze aldera.

Hurrengo lerrootan ez da musika talde ezagunen kontzertuen edo antzerki konpainiaren baten estreinaldien berri emango. Ez da egitarau baten xehatzea; ez da iragarki bat. Baina horrekin guztiarekin zerikusia duen zerbaiti buruz aritzea izango da helburua, ez orrialde honetan soilik, baizik eta maiatzean astebetez luzatuko den plaza ibiltarian. Jalgi du izena eta hainbat eragilek bultzatu dute bere sorrera; aita-amaponteko ditu Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (Ehaze), Euskaltzaleen Topagunea, Aiaraldea Komunikazio Leihoa eta Ahotsenea Sortzaileen Gunea.

Baina zer da Jalgi Kulturaren Plaza Ibiltaria? Estreinakoz egingo den hitzordua da. Zehazki, maiatzaren 23tik 29ra Aiaraldea osatzen duten udalerrietan egingo dena. Astebetean, gutxi gorabehera 65 ekitaldi batuko ditu, guztiak euskal kulturaren bueltan. Eta, tartean, hilaren 26an eta 27an, komunikazioari eta transmisioari hertsiki lotutako jardunaldiak, antolatzaileen esanetan, euskal kulturaren festa-analisi honen nukleo zentrala. Hain zuzen, egun bakoitzean gai bat landuko da; goizetan sektorean aditu direnek eskainiko dituzten ponentziekin eta, arratsaldean, mahai-inguru eta eztabaidekin. «Egun bakoitzean hamaika laguni proposatuko diegu ponentzia bana prestatzeko, gure kultura zelan komunikatzen ari garen eta zein gabezia ditugun azaltzeko, eta beste hamaika laguni, estrukturan nola transmititzen ari garen eta ze gabezia ditugun azaltzeko», argitu du Gotzon Barandiaran idazle eta kultur eragileak. Eduki horiek lantalde txikietan landuko dira eta arratsaldean mahai-inguruetan eztabaidatuko dira. Finean, euskal kultura zertan den ezagutzea, sare bat osatzea, eta transmisiorako gabeziak gainditzea izango dira helburuak.

«Garrantzia handiena jardunaldiei emango diegu; oso-oso inportanteak izango dira. Sarea egiteko eta kulturgintzan ari garenok bidea elkarrekin egiten hasteko abiapuntua izango da. Oso baliagarria izango zaigu gure kulturaren komunikazioan eta transmisioan zertan ari garen jakiteko, zeren askotan ez dakigu zertan ari garen ere, gutxi gara, ezagutzen dugu askok elkar, baina ez dakigu zertan ari garen», gaineratu du. Hain zuzen, jardunaldi horiek “Jakin”, Hik Hasi eta Sortzen Ikasbatuazekin batera antolatuko dira eta antolatzaileen asmoa da Jalgiren talde sustatzailean gero eta eragile gehiago biltzea.

Jalgi Eguna

Astebeteko egitaraua izango da Jalgik bere baitan hartuko duena, nahiz eta antolatzaileek ez duten oraingoz xehetasunik eman, ez eta izenik aurreratu ere. Apirilean emango dute programazioaren azalpena. Nolanahi ere, badirudi euskal kultura bere osotasunean bilduko duen topagunea izango dela, sortzaile amateurretatik abiatu eta Euskal Herrian sona handia lortu dutenenganaino.

Hartara, jardunaldietako edukiez gain, gainerako egunetan tailerrak edo maisu eskolak emango dira, kontzertuak, antzezlanak, bertsolariak... Hilaren 28an, larunbatarekin, Jalgi Eguna izango da Laudion. Euskal kulturaren bueltan gizarte osoari zabalduko zaion festa izango da, kultur adierazpide guztiak bilduko dituena.

Antolatzen diren ekitaldien %90 doakoak izango dira, nahiz eta kontzertu eta emanaldi batzuetarako sarrera «oso eskuragarriak» jarriko diren, sortzaileen lana duintze aldera. Finantzaketari dagokionez, Jalgik Lakuako Gobernuko, Bizkaiko eta Arabako aldundietako eta Aiaraldeko udalerrietako diru-laguntza jaso du.

Datozen asteetan emango da egitarauaren gaineko zehaztapen gehiago, baina helburuak dagoeneko finkatuta daude. Euskal kultura zertan den, hura nola transmititu eta kultur sarea osatu eta oinarriekin finkatu.