Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Seaskako Etxepare lizeoa, Estatuko hoberena baxoaren emaitzetan

Hezkunde Nazionalak iazko ikasturtean Estatuko 6.500 lizeotan baxoa gainditu duten ikasleen emaitzak kaleratu ditu aste honetan. Baionako Bernat Etxepare lizeoa da lehena. Azterketa euskaraz egin ahal izateko «bultzada» izan beharko lukeela dio Hur Gorostiagak.

Gaur egun oraindik ikasketak euskaraz egitea oztopo edo traba izan daitekeela uste duenik baldin bada, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleen emaitzak ikustea besterik ez dauka oker dagoela ohartzeko.

Izan ere, 2015ean Estatu frantseseko 6.500 lizeoen artean, Seaskarena da emaitza onenak lortu dituena baxoa (selektibitatea) gainditu duten ikasleei dagokienez. Zehazki, iaz ikasle guztiek (59 ikasleen %100ek) gainditu zuten goi-mailako ikasketak egiteko bidea zabaltzen duen azterketa. Ez hori bakarrik, bigarren mailako ikasketa guztiak ikastetxe berean egin ostean, baxoa gainditu dutenen adierazleen artean ere hoberena da (%96).

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria ez da harritu emaitzekin. «Azken urteetan lehen 30 lizeoen artean izan gara eta, bide batez, Diwan bretoierazko lizeoa ere multzo berean izan da». Pozik azaldu da «azterketa sistema frantsesaren baldintzetan egin behar duten arren, emaitza hoberenak» ukan dituztelako baina, halere, datu horiek erlatibizatu egin ditu: «Guretzat sailkapenetako norgehiagokan sartzea baino inportanteagoa da ikasle, irakasle eta gurasoak gustura izatea ikasketen bilakaerarekin».

Ikasleak 18 urtera arte ikasketak euskaraz egin eta baxoa derrigorrez frantsesez egin behar dutela kontuan hartuta, argi dago, Gorostiagak nabarmendu duenez, «emaitzok denek izandako inplikazioaren eta motibazioaren» ondorio direla.

Baxoa eta ikasketak euskaraz

Hain zuzen ere, bere esanetan, «emaitza on horiek frogatzen dute badela garaia baxoa euskaraz egiteko aukera izan dezaten. Sailkapenak baino garrantzitsuagoa da azterketa gure hizkuntzan egin ahal izatea».

Hortik aurrerako goi mailako ikasketak egiteko zailtasunak ere aipatu ditu. «Ikasketa guztiak euskaraz egiteko eskubideari begira urrats gehiago egin behar dira. Hemen ez dugu, esaterako, euskal unibertsitaterik, baina hegoaldekoetara joateko ere traba anitz izaten dituzte gure ikasleek. Errazago zaio Sevillako ikasle bati EHUn sartzea Hendaiako bati baino, Estatuko ikasleei lehentasuna ematen zaielako» gaineratu du, laster egingo den unibertsitate legearen erreforman hezkuntza eta unibertsitateko eragileei gai horri «serioski hel diezaioten» dei egin aitzin.