GARA
BAZTAN

Baztan ikastolak bere Oinez Basoa inauguratu du, ekimeneko bosgarrena

2015eko Nafarroa Oinez antolatu zuen Baztan ikastolak bere Oinez Basoa inauguratu du Gainekolan. Ikastolen bestak 2008an ekimena martxan jarri zuenetik sortuko duen bosgarrena da. Baztango bederatzi hektareako lursail batean babestutako bi espezie landatuko dituzte.

Baztan ikastolak bere Oinez Basoa inauguratu du Gainekola inguruan. Udalerriko bederatzi hektareako lursaila da Gainekola. Bertan, bi espezie babestu landatuko dituzte, erramu portugaldarra edo loroa (Prunus lusitanica) eta karpea, xarma edo pago-lizarra (Carpinus betulus).

Loroa Nafarroan eta kopuru handi samarrean Baztango txoko batean bakarrik aurki daiteke, Aritzakungo bailaran. Karpea edo xarma, aldiz, Iberiar penintsula osoan kopuru adierazgarri batean Bortzirietan soilik dago, Arantzako mugan, Igantziko udalerrian dagoen San Juan Xar inguruan eta Bidasoa ibairako pendizetan.

Baztangoa 2008an Oinez Basoa ekimena jaio zenetik sortuko den bosgarren oihana izanen da. Ikastolen bestak naturan duen ekologia-inpaktuaz jabetzearen ondorioa da proiektua. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi-efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Horregatik, ospatzen den tokian natura-gune autoktono bat birsortzea erabaki zuten.

Hala, mendebaldeko baso bat sortu dute Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran eta baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan.