Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Larrua» gidari, larrubizirik jarri eta larruazaleraino iritsi nahi du Literaturiak

Intimotasunari helduta dator aurten Literaturia, Zarautzen maiatzaren 19tik 22ra egingo den letren jaialdia. «Larrua» gaitzat hartuta, irakurleen larruazala kitzikatu eta literaturaren plazeraren erpinak arakatzeko gonbidapena egin nahi du. Jaialdirako berariaz sortutako proposamenez hornitu dute indarturik datorren literaturaren festa.

Sorleku izan zuen Larrabetzun forma hartu eta Zarautzen egonkortzea lortu du Literaturiak. Aurten zortzigarrenez –hirugarren urtea du kostaldeko herrian–, literaturak bere horretan zein beste diziplinekin nahasian emateko duenaren erakusleiho bilakatuko da letren jaialdia eta, ohi bezala, aurtengoan ere gai baten bueltan egituratuko da jaialdia: larrua. «Iradokitzailea da larrua. Larru hila dira horko txaketa edo nire botak, baina gure larruazalean emozioa eta sentipenak bizitzeko gai gara. Baita larrubizirik jartzeko gauza ere», azaldu zuen atzoko aurkezpenean Literaturiako lantaldeko kide Iratxe Aranburuk. Hala, gai nagusitzat “larrua” duten bezala, lematzat “Plazer hutsa” dutela gaineratu zuen ekimeneko partaide Ana Galarragak.

Literaturia josiko duen haria izango da “larrua”, baita abiapuntua ere. Izan ere, maiatzaren 20an, ostiralarekin, jaialdiko irekiera hitzaldian “Larruaren kodea” hartuko du hizpide Miren Agur Meabek (19.30, Modelo antzokian). Horren ostean, Harkaitz Canok euskaratu dituen Anne Sextonen poemei arima eta gorputza jarriko dizkiete Ainara Gurrutxaga antzezleak eta Iban Urizar “Amorante” musikariak, “Ene maite kuttun guztiak” ikuskizunean (3 euro).

Bezperan, ostegunarekin, Isaac Xubin poeta galiziarrak Joseba Sarrionandiaren poemak errezitatuko ditu, euskaraz eta galegoz, Galiziarren Elkartean.

Nobedadeak ere baditu aurtengo edizioak. Mikel Fernandezek egindako kartelaz gainera, aurten logotipoa estreinatuko baitu Literaturiak. Galarragak azaldu zuenez, Oihana Leundak diseinatu duen logotipoak jaialdiak duen «topagune» izaera ikusarazten du. «Literaturia zerbait bada topagunea da, idazle, irakurle eta editoreena, kaleko jendearena», eta bateratze hori hiru gune nagusitan egiten dela ekarri zuen gogora: Musika plaza, Garoa liburu-denda eta Modelo antzokia. Lehenaren bueltan liburu-azoka egingo da larunbatean, goiz eta arratsaldez, eta igande goizean. Bigarrenak liburu aurkezpenak hartuko ditu –aurrerago zehaztuko dituzte, literaturia.eus gunean– eta antzokiak, zenbait sortzailek “larrua” gaitzat hartuta sortu dituzten ekitaldiak hartuko ditu.

Berariaz sortutako obrak

Horien artean daude Itu Bandak jaialdirako berariaz sortu duen “Isabel Iturberen bizitza eta heriotza”. «Antxotarra zen bera, gauetan euskara eskolak ematen zituen. 40ko hamarkadan jaio eta 70ekoaren amaieran hil zen, eta haren irudian oinarrituta pieza bat sortu dugu Literaturiarako», azaldu zuen Itu Bandako kide Alazne Arrutik. Errealitatea fikzioarekin, poesiarekin eta musikarekin uztartzen dituen obra larunbatean estreinatuko dute, Modelon, 12.30ean.

Espresuki Literaturiarako sortua da ere, Oiar Guillanek aurki Txalapartarekin argitaratuko duen “Mr. Señora” liburuko antzerki-testuak oinarri hartuta, Metrokoadrokak sortu duen irakurraldi dramatizatua. «Begiratuta sentitzen diren gorputzei buruz hitz egiten du liburuak, eta badu ekintza performatibo puntu bat ere», azaldu zuen Guillanek. Errenteriako poeta eta antzezleaz gain, errezitalean parte hartuko dute Ainhoa Alberdi, Amaia Corral eta Joseba Roldan aktoreek (17.00, Modelo, 3 euro). Ruper Ordorika abeslari oñatiarraren «kontzertu intimoak» itxiko du larunbateko egitaraua (20.00, Modelo, 8 euro).

Igandean, Fresnesen preso daukaten Ekhiñe Eizagirreren “Alde erantzira” poesia-liburuaren errezitala eskainiko dute bere lagunek (11.00, Musika plaza); Eider Rodriguez eta Kirmen Uribek «larrua eta hitzak» izango dituzte hizpide, Goizalde Landabasoren gidaritzapean (12.00, Modelo, 3 euro); eta bazkalordura arteko egitaraua “Egun on, Pyongyang” ikus-entzunezkoak itxiko du. Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko musikarien zuzeneko emanaldiak osatuko du ekitaldi hori (13.15, Modelo, doan). Apaxi ipuin-kontalariak irekiko du igande arratsaldeko egitaraua (17.00, Santa Marina), eta ordu berean Beñat Axiari eta Joseba Irazokik “Maitiak galde egin zautan” ikuskizuna eskainiko dute. «Bakarka bikainak badira, elkartzen direnean zer esanik ez», esan zuen Galarragak, eta ikuskizunean kantu tradizionalak garaikideekin elkartu, inprobisaziora jo eta irakurketaren bat ere egongo dela aurreratu zuen (17.00, Modelo, 3 euro). Azkenik, Xabi Paya eta Patxi Gallegok itxiko dute aurtengo Literaturia, “Nork hil du Andoni Egaña?” komikian oinarritutako emanaldiarekin (19.00, Modelo, 3 euro).