Lander GARRO
Idazlea

Mamuen politika

Politika egitearen eta gobernatzearen arteko aldea gero eta laburragoa da, ezker abertzalea hegemonia politikoaren borrokan sartu zenetik. Ez nator bat Arnaldo Otegirekin honek atez atekoaren ezarketan egindako akatsa didaktikoa izan zela dioenean –herenegun entzun nuen “Azpimarra”-n, Maddalen Iriarterekin elkarrizketan–. Ulertzen dut zein printzipiotatik abiatzen den Otegi, politika «herriarekin» –iritzi publikoarekin kontuz ibiliz– egin behar dela dioen printzipio horixe. Ezin luke besterik izan. Ezker abertzaleari, gobernatzea egokitu zitzaionean, lobbyen aurka modu basatian jardutea egokitu zitzaion, geurean ia inoiz ezagutu ez den bezala. Eta guda horretan galtzaile atera zen. Okerreko irakurketa da, ordea, hori akatsa dela ondorioztatzea, hori agintea lobbyen esku uztea baita. Lobbyak, ez dezagun ahaztu, inork aukeratu ez dituen eta inor ordezkatzen ez duten itzalpeko botere, nolabait, mafiosoak dira. Eta mafia horien interesen aurka jarduten zarenean, hain zuzen politika eginez, zu boteretik kanporatzen saiatzen dira. Lortzen badute, ez daukazu onartu besterik. Erraustegiaren aurkako apustua, guztiz zilegi ez ezik, guztiz premiazkoa zen; galdu egin zen? Onar dezagun porrota, eta segi dezagun lanean. Hori da jendea defendatuz politika egitea. Bestea edozein preziotan gobernatzea da, eta hori eskuinak egin izan du beti.