Ion SALGADO
GASTEIZ

Iruña-Veleiako grafitoen balioa ikertzeko nazioarteko biltzarra

SOS Iruña-Veleia, Lurmen, Martin Ttipia eta Euskaren Jatorria elkarteak nazioarteko biltzarra antolatu dute aztarnategian aurkitutako grafitoen balio historikoa eta linguistikoa aztertzeko. Biltzarra astelehenean hasiko da Donostiako Koldo Mitxelenan eta larunbatean amaituko da hainbat mahai inguru hartuko dituen Gasteizko Europa jauregian.

Iruñe-Veleian topatutako «altxor» arkeologikoen balio historiko eta linguistikoa aztertzea eta azaltzea. Horixe da SOS Iruña-Veleia, Lurmen, Martin Tippia eta Euskararen Jatorria elkarteak elkarrekin antolatu duten nazioarteko biltzarraren helburu nagusia.

Atzo Gasteizen egindako prentsaurrekoan, Maritxu Goikoetxea SOS Iruña-Veleiako kideak arkeologia aztarnategian aurkitutako grafitoen benetakotasuna defendatu zuen, eta aztarnon garrantzia nabarmendu nahi izan zuen. Izan ere, kazetariei banatutako informazioan azaltzen dioenez, «garrantzi berezia dute euskarazko grafitoek, testuinguru propioan agertutako lehen hitzak eta esaldiak izategatik eta filologia eta historia aldetik duten interesagatik».

Patxi Alaña Euskararen Jatorria elkarteko kideak jardunaldiak datorren asteartean hasiko direla iragarri zuen. Lehenengo hitzaldia, “Nuñezen ‘Aro Berria’: txikizioa eta ilunpea” izenburukoa, Donostiako Koldo Mitxelenan izango da. Bertan Juan Martin Elexpuru Euskal Filologian doktoreak eta Koenrrad Van den Driessche Geokimikan doktoreak hitz egingo dute.

Hurrengo hitzaldia maiatzaren 6an egingo dute, Langraizko Gizarte Etxean. Miguel Thomson Okatsu biologoak grafitoen benetakotasunak sortutako eztabaida jorratuko du ikuspegi zientifikotik. Donostian bezala, Langraizko Gizarte Etxean bildutakoek “Iruña-Veleia: Historiak ezin du itxaron” erakusketa ikusi ahalko dute.

Europa jauregia

Maiatzaren 7an, larunbatean, hamaika ekimen izango dira Gasteizko Europa jauregian. Eguna Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoen hitzaldiarekin hasiko da, eta 11.15etik aurrera hainbat mahai inguru jarraitzeko aukera izango dute herritarrek. Martin Elexpuru, Alicia Satue, Mapi Alonso, Luis Silgo eta Mikel Urkola “Altxor linguistikoa: euskara eta latina” solasaldian izango dira; eta arratsaldean Patxi Zabaleta, Eliseo Gil, Maritxu Goikoetzea, Iñigo Larramendi eta Patxi Alañak honako gaia izango dute aztergai: “Nola askatu Iruña-Veleiako korapiloa”.

Ia hamar urte igaro dira Iruña Veleiako grafitoak aurkeztu zituztenetik, eta ia zortzi Batzorde Zientifiko Laguntzailea faltsutzat jo eta Arabako Foru Aldundiak Lurmeneko arkeologoen kontrako salaketa jarri zuenetik.

SOS Iruña-Veleia elkarteak grafitoen benetakotasuna defendatzen du, eta hori frogatzeko egin ahal diren proba guztiak ez direla egin azpimarratzen du. Goikoetxeak atzo esan zuenez, elkarteak grafitoen benetakotasunaren aldeko hogei txosten baina gehiago ditu.

 

Julio Nuñezek ez du deklaratu oraindik Gasteizko epaitegietan

Gasteizko 1. epaitegiak Iruña-Veleiako zuzendariaren aurkako kereila tramitera onartu ondoren deklaratzera deituta dago Julio Nuñez. SOS Iruña-Veleiak azaldu duenez, «ondarearen kontrako kalteak eta justizia oztopatzea» egozten dizkio.

Atzoko prentsaurrekoan, oraindik ere ez duela deklaratu ohartarazi zuten Patxi Alaña eta Maritxu Goikoetxeak, eta ez dakitela noiz deklaratuko duen aitortu zuten.

Azaldu zutenez, bi alditan sartu dira dagoeneko hondeamakinak Iruña-Veleian, bertan dauden aztarnak txikituz. Arkeologoek euskararen eta kristautasunarekin zerikusia zuten grafitoak topatu zituzten bertan. I.S.