Oihane LARRETXEA

AMETS EGIN ETA LURRERA JAISTEKO HITZAK

IKUSMINA EGON BAZEGOELA ARGI ZEGOEN ALDEZ AURRETIK ERE, GARAK ARNALDO OTEGIREKIN ANTOLATUTAKO FORUMA KURSAALEKO ARETO TXIKITIK AUDITORIUM HANDIRA LEKUALDATU BEHARRA IZAN BAITZEN. IA 1.800 LAGUN. HERRITARREK SOILIK EZ, HEDABIDE UGARIK ERE JARRAITU ZUTEN, ETA #OTEGIGARA TRAOLA «TRENDING TOPIC» IZAN ZEN TWITTER SARE SOZIALEAN.

Donostiarrok barruko termostatoa izorratuta dugula dioenik ezagutzen dut, eta ez dut ez ukatuko ezta baieztatuko ere hala denik, baina atzo behintzat ez zen giro. Udaberriko ohiko euriari, kazkabarra eta hotza erantsi zitzaizkion. Haizeak ere indarrez jotzen zuen eta olatuek aisa gainditzen zuten Zurriolako kai-muturra. Ba, hala eta guztiz ere, Kursaal jauregiko ekitaldia 12.00etan hastekoa bazen ere, 10.00ak pasatxo zirenerako gerturatu ziren lehen herritarrak ilarara. Inurrien antzera joan ziren batzen-batzen, handitzen-handitzen, errenkada luzea osatu arte. Badu meritua bai bi orduz zain egoteak, baina herritarrek ez zuten zalantzarik: hitzorduak merezi zuen, «Arnaldo entzutera» bertaratuak ziren. Huraxe zen azalpen osoa. Xumea eta zintzoa.

Euskal Herri osoko hamaika lekutatik bertaratu ziren entzuleak, baita Katalunia zein Irlandatik ere. Gainera, Interneti esker mundu osotik ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera izan zen, baita parte hartzeko ere. Pentsa, #OtegiGARA traolaren eskutik ekitaldia trending topic ere izan zen Twitterren.

Areto barrutik bertatik ere entzuleak oso aktibo egon ziren atzokoan sare sozialetan. Pentsa, Kursaal jauregian bildutako askok, eserlekua hartu bezain pronto «klik!» argazkia atera eta Whatsapp edo sare sozialen bidez elkarbanatu zuten.

Youtube aroa

Asko izan ziren mahai gainean jarritako gaiak: bakegintza, presoak, biktimak, feminismoa edota krisi ekonomiko, gerra eta miseriatik ihes egiteko ahaleginean diren errefuxiatuak. Arcelor Mittal enpresako langileen parte hartzeak bildutakoen txalo zaparrada eragin zuen, elkartasun zaparrada, eta Ane Irazabal kazetariak Europara heldu nahi duten errefuxiatuak gogoratu zituenean ere bildutakoen berotasuna nabaria izan zen. «Klik», «klik», egin zuten orduan ere entzuleen sakelakoek.

Umore zipriztin batzuk eman zizkion ekitaldiari Otegik tarteka, publikoan barreak eraginez. Dagoeneko denok dakigu adibidez Rufi Etxeberriak fobia diola hegazkinean bidaiatzeari. Horretarako eta beste askorako eman zuen bi orduko solasaldiak. Ondoren etorriko ziren bakoitzaren hausnarketak. Irteeran, balorazio arras positiboak. Ekitaldia «dinamikoa» eta «freskoa» izan zen askorentzat, eta Otegiren «indarra» ere azpimarratzen zuten herritarrek. «Sugarra du, komunikatzen badaki, eta hori jendearengana heltzen da. Berezko dohaina du», zioen gizon batek. Gazte batek, berriz, hausnarketa egin zuen elgoibartarrak duen «magnetismoaz». «Youtuben 5 minutuko bideo bat jarraian ikusteko gai ez garen garaiotan, bi orduz adi egon gara gizon bat hizketan entzuten, eta gehiagorako gogoarekin geratu gara. Horrek zer pentsatua eman beharko liguke».

Sei urteko kartzelaldiak ez dio Otegiri mezuak helarazteko gaitasunik kendu. Entzuleen arabera, gakoa «diskurtso» bat edukitzea da, «eta berak badu». «Beti bezain argi eta fin» ikusi zuen adineko emakume batek: «Bere hitzek amets egiteko balio dute, eta, aldi berean, lurrera jaisteko, kontraesankorra dirudien arren. Eta lurra da gauzak egiten hasteko abiapuntua. Nire ustez hori da helarazi duen mezurik garrantzitsuena», arrazoitu zuen irteeran.

Gizon batek faltan bota zuen zehaztasun gehiago gai jakin batzuetan, eta beste batek hezkuntza bezalako gai nagusi bati aipamenik ez egitea, bere ustez hori denean «guztiaren muina». Edozein kasutan, diagnostikoa egiten laguntzeko gakoak eta ideia baliagarriak adierazi zituela iritzi zuten entzuleek. «Lidergo falta bat bagenuen; bera beharrezkoa da. Eta ez dut esan nahi bera bakarrik behar dugunik, baina Arnaldok hor egon behar du aurrerantzean egingo dugun bidean».