Oihane LARRETXEA
LARRE IREKIERA LARRAITZEN

ARALARKO BELAZE GOXOETARA

LARRAITZEKO PARAJEA, TXINDOKIREN MAGALEAN, EZ DA EZ NOLANAHIKOA. LARRE ZABALAK, BERDEAK ETA XAMURRAK DIRA BERTAKOAK. HANTXE, ARALARKO LURRETAN IBILIKO DIRA ARDI, BEHI ETA BEHORRAK HURRENGO HILABETEETAN. UDAKO TENPERATURA BEROAK IGAROTA, URRIAN BUELTATUKO DIRA BASERRIETARA, KUMEAK IZATEKO GARAIA HELTZEN ZAIENEAN.

Udan gustura egoten dira abereak mendietako larre goxoetan. Tenperaturak atseginagoak dira eta hezetasunari esker ez dute beroarekin sufritzen. Belarra xamurra da, ona, eta beren ohiko eremuetan izaten ez diren loretxoak eta landaretxoak ere jaten dituzte. Horiek propietate bereziak ematen dizkiete ondoren artzainek egingo dituzten gaztei. Larraitzeko paisaia zoragarriak izan ziren atzo goizean, urtero maiatzaren 1ean gertatzen den legez, XIX. larre irekiera ekitaldiaren abiapuntua.

Eguerdi aldera jaurti zen suziriak eman zuen seinalea: ireki berri ziren Aralarko belazeak abereentzat. Ataka zabaldu eta berehala pasa ziren bertatik kanela koloreko dozena bat behi. Eguraldiak baldintzatuta edo, ez zuten animalia gehiagok pasabidea gurutzatu, baina hilabete osoan zehar etengabekoak izango dira joan-etorriak. Orotara, eta Aralarrek Gipuzkoan hartzen duen lur-eremuetan soilik, 17.000 ardi, 850 behi eta 750 behor igaroko dira. Horien guztien kargu 125 abeltzain daude, eta horietatik 40 artzainak dira. Hala adierazi zion GARAri Enirio-Aralar Mankomunitateko Joxean Irastorza kideak.

Mendian kumeak jaio arte

Hilabeteotan abereak baserri inguruetako zelaietan ibili dira elikatzen, eta udaberriak markatzen du, nolabait, denboraldiaren beste sasoi bat: ingurunez aldatzeko garaia. Izan ere, begietara askorentzat agian berdina izango bada ere, bada ezberdintasunik beheko eta mendialdeko belarraren artean. Zehazki, goiko larreetan loretxo eta landaretxo ezberdinak egoten dira, eta horiek ematen dizkiete propietate jakin batzuk ondoren artzainek egiten dituen esnekiei.

Aberea pozik, gustura egoten da altuera garaietan, bereziki udan. «Beroari ihes egiten dio animaliak, eta tenperatu altuekin ez du hainbeste sufritzen», azaldu du Irastorzak. Hala ere, artilea moztuta igotzen dira. Onurak, baina, ez dira animalientzat bakarrik, mendiak ere asko irabazten baitu abereei esker, eremua biziberritzen laguntzen baitute: belar zaharra jaten dute, eta, hala, berria ateratzen da etengabe. «Birsorkuntza ematen da, eta biodibertsitatean laguntzen du horrek. Mendiak aberea behar du, eta abereak mendia», iritzi du.

Larre irekiera ez da tradizio bakarra, izan ere, maiatzean zehar mendira igotzen badira, ekaineko lehenengo larunbatean ahariak askatzen dituzte, ugalketa garaiari hasiera emateko. Hala, kumeak egin eta ardiak urrira arte egongo dira Aralarren, azaroan kumeak jaiotzen direnerako etxean egoteko.

Larreetan daudela amaitzen da ardiak jezteko sasoia. Irastorzaren azalpenen arabera, ardiei ekaina amaiera arte ateratzen zaie esnea eta ondoren «lehortu» egiten dituzte, azaroan, kumeak izatean, berriro esnea ematen hasteko.

Sektorea nola dagoen galdetuta, «oso gaizki» ez dagoela dio, garai txarrak badaudela, baina baita onak ere. Hori bai, artzain asko adinean aurrera egiten ari direla-eta, erreleboaren garrantzia azpimarratu du abeltzaintzak bizirik jarrai dezan. Baina oinarrian ogibideagatik grina sentitzea ezinbestekoa dela uste du, «lan honek ez baitu atsedenik onartzen». Astelehenetik igandera, eta egunean 24 orduz, baserriak eta animaliek arreta behar dute.