Amagoia MUJIKA
Profila

Bertsoaren plazatik jaitsi da Amuriza

> Etxano. Zornotza: Torreburu baserrian jaioa, 1941eko maiatzaren 3an.

> Apaizgintza eta kartzela: 1965ean egin zen apaiz eta 1968tik aurrera, Francoren diktadura garaian, zazpi urte egin zituen preso.

> Euskal Herriko txapela: 1976an utzi zuen apaizgoa eta 1980an eta 1982an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen.

> Berrikuntza: Berritasun handia ekarri dio bertsogintzari hizkeran, irudietan, metaforetan, erriman, bertsoa egituratzeko moduan... Bere eskutik bertsolaritza aro berri batean sartu zen

> Literatura: Literaturan, kazetaritzan eta politikagintzan era oso aktiboan aritu izan da betidanik. Biografiak, eleberriak, narrazioak, poesiak, saiakerak eta itzulpenak ondu ditu.

> Kantagintza: Bertso-jarrietan sekulako lana egin du eta hamaika abesti ezagunen letrak bereak dira.

Sei urte bete zituen egunean, atzo bezalako maiatzaren 3 eder batean, Auzaganeko tabernan egin zuen lehen aldiz bertsotan jendaurrean, aitarekin, zein baino zein. Akordatzen da nola igo zuten tabernako mostradorearen gainera, zintzilik zeuden solomo eta bakailao lehorren artera, eta nola aritu zen kantuan, parean zituenak altxatzeraino. Atzo 75 urte bete zituen eta mostradoretik jaisteko garaia dela erabaki du.

«Egun oso berezia izan da niretzako. Urduri nengoen, baina, behin erabakia iragarrita, lasaitu eta askatu egin naiz. Plazak uztea erabaki dut 75 urte ditudalako, eta ez dira gutxi. Ez da plazarik plaza ibiltzeko adina, noizbait jarri behar zen epea eta pentsatua nuen 75 urte nahiko zenbaki biribila eta adierazgarria zela. Uste dut nahiko adin ona badela martxa bati uzteko eta beste martxa batekin jarraitzeko».

Azkenaldian ez zituen garai batean adina plaza egiten, baina beti bazuen konpromisoren bat, «bateko omenaldia, besteko manifestazioa, ospakizunak, hiletak... gauza asko biltzen dira eta ibilera hori uzteko garaia dela uste dut. Geratzen zaidan denbora beste gauza batzuetan zentratu nahi dut». 75 urtean ezetz esaten ikasi gabea da Xabier Amuriza, «ezta ikasi nahi ere. Hori izan da nire militantzia, nire ekarpena herri honetara».

Oraintxe burua maiatzaren 19an Bilbon eskainiko duen emanaldi berezi batean jarria dauka. “Zein ongi bizi zen Ulises” bere azken eleberria, artean argitaratu gabea, aurkeztuko du jendearen aurrean ordubete pasatxoko saio berezi batean.

Izan ere, 50 urtetako ibilera eta militantzia modu bereziaren ostean, garbi aitortzen du Amurizak: «Publikoa nahi dut eta publikoa behar dut. Baina, beste era batera». Hartara, aurrerantzean ez da publikoaren aurrean plantatu eta bat-batean arituko, etxean eta bakardadean jositako ideiak eta proiektuak hartuta arituko da. «Orain, adibidez, Mikel Markezentzat letra batzuk egiten ari naiz. Eta Korrontzirekin ere banabil proiektu batean, koplak egiten. Horrelakoekin nabil eta horiek emango ditut jendearen aurrean, baina beste martxa batean».

Bat-bateko bertsolaritzak berezkoa duen burrunbatik apartatzeko adina daukala erabaki eta jaitsiko da plazatik Xabier Amuriza, «bertsolaritzan egin beharrekoa egina daukat eta bertsogintzari ez diot utziko». Eta hori eztabaida ezina da, bertsolaritzan egin duenaren tamaina eta garrantzia, alegia.

Bertsogintza berria

Xabier Amuriza Etxanoko Torreburu baserrian jaio zen, Etxanotik ordu erdira eta Zornotzatik ordubetera, ez errepiderik ez argindarrik ez zuen etxean. Mundutik aparte eta, era berean, fantasiarik eta kanturik falta ez zen munduan, bere aitaren eskutik. Berak ere maite du fantasia, alaba Mirenek kontatzen eta kantatzen duenez.

Apaizgai 11 urte zituela bidali zuten, garai hartako gehienak bezala, beste norbaitek hala erabakita. Derioko seminarioan topatu zen Abel Muniategirekin eta biak jo eta fuego aritzen ziren, noiznahi eta nonahi, bertsotan klandestinoki. Muniategik berak esana da segituan konturatu zela Xabier Amuriza «bertsolari handia» zela. «Herri hau behar bezalakoa balitz, zuk bertsotatik bakarrik bizi beharko zenuke», esaten omen zion askotan.

1965ean egin zen apaiz Xabier Amuriza, 24 urterekin. «Gu eliza ofiziala salatzeko asmoarekin egin ginen apaiz», azaldu izan du. Eliza herritartu eta euskaldundu beharra zegoen eta horretan aritu zen buru-belarri, benetan itxia zen eliza hankaz gora jarri nahian. Gizaburuagan eta Amoroton aritu zen apaiz, Bilboko gotzaindegian egin zuten gose greba baten ondorioz «bandidaje y terrorismo» delitua leporatu, Burgosko epaitegi militarrean epaitu eta Zamorako kartzelan preso sartu zuten arte. 1968. urtetik aurrera Xabier Amurizak zazpi urte egin zituen preso, hiru kartzelaldi desberdinetan. Ordurako bertsotan zebilen plazan, sotana eta guzti, arreta dezente pizten zuen detailea.

60ko hamarkadan Derioko seminarioan bertsotan zuen kontrario bakarra Abel Muniategi izan zen. Garbi dauka Muniategik, «seminarioan egin zen Amuriza bertsolari eta Zamorako kartzelan egin zen maisu. Bertsolaritzarentzat mesede ikaragarria izan zen Amuriza kartzelara sartzea».

Bertso-jarrietan egin zuen lanaz gain –eta sekulakoa izan da bere ibilbide osoan. Euskal Herriaren kronika politikoa bertsotan idatzi du Xabier Amurizak–, bat-bateko bertsogintza berri baten oinarriak ezarri zituen, errima sistematizatu zuen eta bertsogintzaren gainean sekulako lan teorikoa osatu zuen. Berezkoa duen zikloi izaera horrekin, kartzelatik atera berritan Euskal Herriko bi txapela jantzi zituen, 1980an eta 1982an. Eduki eta ideia berriak ez ezik, soinu, metafora, estilo eta baliabide berriak ere ekarri zituen oholtza gainera, aldeko adina kontrario pilatuz. Aitzindari izatearen kargak.

Amurizak sekulako marka eragin zuen bertsolariengan eta bertsozaleengan. Eta hori guztia gutxi ez eta bertso eskolen sorrera bultzatzeko sekulako ahalegina egin zuen, herriz herri hitzaldiak eskainiz eta irakasleak formatuz. Ordura arte askok pentsatzen zuen bertsolariak «berezkoa» behar zuela. Amurizak erakutsi zuen bertsolariak «ikasi» ere asko egin dezakeela. Arte zaharrari jantzi berria ekarri zion bere garaian Amurizak, egun plazan dauden bertsolari askoren miresmen begiratua piztuz. Artean piztuta segitzen duena, gainera.

Amuriza pasioa da, batez ere. Eta pasio eta sena hori ez zaizkio bertsolaritzan bakarrik kabitu izan. Horregatik ibili ditu parean literaturaren, kazetaritzaren eta politikaren bideak. Eta segituko du, ez baita geldi egotekoa. Maiatzean eta ekainean omenaldiak egingo dizkiote, «poz eta emozio handiz» jasoko dituenak. «Badakit jende askok maite nauela eta nik ere jende asko maite dut. Kariño handiz tratatu izan naute beti eta nire ibilbide amaiera honetan horrek asko betetzen nau». Zer eman hura jaso.

Plazako burrunbatik aparte, beste plazetan sortzen segituko du. «Hori da egiten dakiguna».