Ion SALGADO
GASTEIZ

Ikastolek Hezkuntza Legea eskatzen dute Madrilgo neurriei aurre egiteko

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk hezkuntza Legea premiazkoa dela nabarmendu zuen. Elkarteko zuzendari Imanol Igeregik hezkuntza zerbitzu publikoa defenda dezala eta doakotasuna bermatzeko behar besteko finantziazioa eskatu zion Lakuari.

«Legealdia amaitzear dago. Legealdi honetan ere Hezkuntza Legerik gabe amaituko dugu. Badakigu ezinezkoa dela gelditzen diren hilabeteetan lege bat egitea. Berriz ere, urrats bat eskatzen dugu. Hurrengo legealdian zerotik ez abiatzeko, Hezkuntza Sailari legearen aurreko lehen txostena, oinarrizko txostena, azaltzeko eskatzen diogu, azken hilabeteetan egin duen lana bilduz eta gizarteratuz». Hori adierazi zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk atzo Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin zuen agerraldian.

Hezkuntza Legea premiazkoa dela nabarmendu zuen; izan ere, une honetan, ikastetxe publikoek bakarrik dute EAEko Administrazioak berariaz sorturiko lege baten babesa. Halaber, Tellituk ohartarazi zuenez, gizarteak Hezkuntza Lege baten beharra du. Lege bat eskatzen du Lomcek eta Madrilgo Gobernuak inposatutako neurriei aurre egiteko. «Halakorik ez dugun bitartean, estatutik etor daitezkeen Lomce bezalako ekimen atzerakoi eta negatiboen aurrean indargabe ibiliko gara, aurre egiteko egiteko iparrik gabe», gaineratu zuen.

Zerbitzu publikoa

Ikastolen Elkarteko zuzendari Imanol Igeregiren ustez, Hezkuntza Legeak hezkuntza zerbitzu publikoa martxan jartzeko balio beharko luke. «Zerbitzu publiko horren partaide izango diren ikastetxe guztiek gutxienez oinarrizko hiru betekizun izango dituzte: ikasle guztiak onartzea eta heztea, bazterkeriarik gabe; hezkuntza eskubidea bermatzea, derrigorrezko hezkuntza doan eskainiz; eta kudeaketa demokratikoa, gardena eta sozialki kontrolagarria burutzea», azaldu zuen. Eta Lakuak ondorengo «ardurak» bereganatu beharko lituzke: doakotasuna bermatuko duen finantziazio nahikoa bermatzea; hezkuntza zerbitzu publikoaren baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztien eskaintza bere egitea, eta zerbitzuaren ebaluazioa eta kontrola mantentzea.

Hezkuntza edukiei dagokienez, euskaran ardazturiko eleaniztasunaz, konpetentzia digitalaren garapenaz, hezkuntza sistemaren eta ikastetxeen ebaluazio sistema propioaz eta irakasleen prestakuntzaz mintzatu zen zuzendaria, abiapuntua konpetentzietan oinarritutako euskal curriculumaren garapena izanik. Amaitzeko, ikastetxeen autonomia aldarrikatu zuen.