Iratxe Esnaola Arribillaga
Doktorea hezkuntzan
JO PUNTUA

Kodea ireki aukerak ixteko?

Apirilaren 20an, Europako Batzordeak kargu-orria bidali zion Google-ri, Android sistema eragilearen posizio dominantearen abusuzko erabilera egiten duela iritzita. Googlek erantzun publiko azkar bat eman du oraingoz, bere blogean. Android kode irekikoa dela azpimarratzen du. Eta ekoizleei Android erabiltzeko lizentzia doan eskaintzen diela. Eta edonork aldatu eta komertzializatu dezakeela Androiden deribatua den sistema eragile bat. Eta ekoizleek beren borondatez sinatzen dituztela kontratuak Googlerekin.

Horraino, chapeau. Baina EBk arrazoi andana eman du, ekoizleekin sinatzen dituen kontratuetan oinarrituta: smartphone ekoizleak bere Android sistema erabiltzera behartzen omen ditu –eta Androiden deribatuak debekatu–; Google Search bilatzailea eta Google Chrome nabigatzailea modu esklusiboan instalatzera ere bai; eta hori guztia baldintza gisa ezartzen omen du, Play Store aplikazio-denda instalatzeko.

Berez, nabarmentzekoa da Googlek kode irekiaren alde egiten duen lana, Android eta bestelako garapenekin. Baina egia al da ekoizleei Androiden beste deribatuak dituzten smartphoneak komertzializatzea debekatzen diela? Egia al da Play Store instalatzeko, bilatzailea eta nabigatzailea modu esklusiboan instalatzea baldintza gisa jartzen dituela? Hori horrela bada, kode irekia aukerak ixteko erabiltzen du Googlek. Merkatuan egon daitezkeen lehiakide edota ekintzaileei ateak ixten dizkie. Eta erabiltzaileen aukeratzeko eta erabakitzeko askatasuna ere mugatzen du.

Eta irudi du estrategia oso bati erantzuten diola: kode irekiko Android doako lizentziarekin eskaintzeak smartphonen prezioa jaitsi baitzuen, eta smartphonen merkatu-kuotaren %81 lortu zuen 2015ean; baina ekoizleek Play Store instalatu nahi badute, esklusibotasuna exijitzen du. «Ardiz jantzitako otsoa» balitz bezala: kode irekiaren eta berrikuntza kolektiboaren banderari helduta, baina gainerakoen garapena oztopatuz eta erabiltzaileen aukera-askatasunari mugak jarriz. Kontraesan interesatua, inondik ere.