GARA
DONOSTIA

«Eta hemendik aurrera zer?» euskararen etorkizuna xede duen idazkia aurkeztu dute

Begirada luzez egindako dokumentua da atzo aurkeztu zutena. «Eta hemendik aurrera zer?» idazkiak, euskararen etorkizuna jorratzen du, eta datozen urteetan esparru horretan egin beharrekoak finkatzen ditu.

Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak “Eta hemendik aurrera zer?” behin betiko agiriaren aurkezpena egin zuen atzo, Donostian. Aurkeztutako agiriak «20 urteko perspektiban, zer?» galderari erantzun nahi dio; euskararen garapen iraunkorraz dihardu eta euskararentzat nahi dugun etorkizunaren gaineko gogoeta jasotzen du, agerraldian nabarmendu zutenez.

Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 Batzordeak aho batez bere egin zuen dokumentua apirilaren 29ko bileran, eta, beraz, berau Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena izatetik Euskara 21 Batzordearena izatera pasatu da.

Horrela, Euskara 21 Batzordeko 24 kidek hartu zuten parte, sailburuordearekin batera, agiriaren aurkezpenean. Bertan izan ziren Kike Amonarriz, Jorge Gimenez, Martin Auzmendi, Jasone Cenoz, Maite Etxaniz, Ramon Etxezarreta, Lionel Joly, Mertxe Mugika, Carlos Ruiz, Itziar Nogeras, Iñaki Ugarte, Kirmen Uribe, Iñaki Etxezarreta, Odile Kruzeta, Ana Urkiza, Iñaki Martinez de Luna, Xabier Eriz, Lorea Bilbao, Mikel Irizar, Ana Castro, Elena Laka, Mikel Pagola eta Eneko Oregi.

Bultzatzaileek nabarmentzen dutenez, euskararentzat nahi duten etorkizunari buruzko gogoeta jasotzen du dokumentuak, eta hizkuntza-hitzarmen sozial eta politikoa indarberritzeko zutabe nagusiak eta lehentasunen marko bat proposatzen ditu. Atzera jota, Baztarrikak oinarrizko idazkia aurkeztu zuen 2015eko uztailean, eta gero, ekarpenak egiteko aukera eman zen. Guztira, 34 ekarpen jaso zituen. Oinarrizko testuari batzordekideek eta gainerako ekarpengileek egindako proposamenak gehitu zaizkio, eta atzo aurkeztu zen behin betiko agiria da lan horren guztiaren emaitza.

Baztarrikak hau aipatu zuen prentsaurrekoan ondorio modura: «20 urte barru euskara biziagoa izango da, zuhur jokatzen badugu eta herritarrok hala nahi badugu». «Dokumentuak oinarri eta helburu berbera du: adostasun sozial eta politiko ahalik eta zabalena lortzea gizartea bere osotasunean eta bere askotarikotasunean hartuta. Gure ustez, adostasun hori zenbat eta zabal eta indartsuagoa izan, orduan eta oinarri sendoagoak izango ditugu datozen 20 urteetan euskara biziberritzeko prozesuari bultzada eraginkor eta sendo bat emateko», gaineratu zuen, eta azaldu zuen «sektore publikoa, ekimen sozialaren sektorea eta sektore pribatua uztartzeko ahalegina» bilatzen dela, «dokumentua bera egiteko prozesuan gertatu den bezala». Izan ere, aipatu zuenez, «dokumentua posible izan da lankidetzari, elkar aitortzeari eta elkar ulertzeari esker».