Ariane KAMIO
ETIKA, HUMANISMO ETA ZIENTZIA ELKARRIZKETAK

Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina

Heriotza, gaixotasuna, sufrimendua, mina... Literaturak gaitzat hartu dituen erreferentziak izan dira eta Anjel Lertxundik eta Kirmen Uribek adibideetan sakondu zuten atzo elkarrizketa moldez.

«Literaturaren historian, sekula ez bezala begiratzen ari zaio gaitzari», Anjel Lertxundiren arabera. XIX. mendean gaia ez zen narrazio bidetzat hartzen, ohikoa baitzen orduko gizartean, eta, gerora, XX. mendean sartuta, egoera aldatzen hasten da, gaitzak, ustez ezezagunak, ezagutzen edo hitz propioz ezagutzen hasten baita gizartea. Eta gaurko egunetara gerturatuz, Kirmen Uriberekin bat datorren ideia partekatu zuen: heriotza eta gaitza bera egungo diskurtsoetatik at geratzen direla. «Heriotza ere gero eta ezkutuagoan izan nahi dugu, baina mugatasun horrek, pertsonak jakitea bere denbora mugatua dela lagundu egiten dio», Uribek. Izan ere, heriotza, gaixotasuna, mina, sufrimendua letren ispiluen aurrera eraman zuten atzo bi idazleek Felix Zubia medikuak gidatutako saioan, Etika, Humanismo eta Zientzia Elkarrizketen barruan.

Adibideetan

Galde-erantzunarena egin zuen Lertxundik: «Hilkorrak gara, ez hilezkorrak. Presente dugu hori. Normala da gaztetan horri gehiegi ez begiratzea, baina nola idazle batek ez dio gai horri begiratuko nolabait bizitzaren zentzuaren erdi-erdian dagoenean? Bizitza da daukagun aukerarik ederrena bizitza ulertzeko». Idazleen erreferentziak ekarri zituzten; Thomas Mann, Roberto Bolaño, Raymond Carver... eta Xabier Lete, diskurtso oso bat eraiki zuena heriotzaren eta gaitzaren inguruan. Lourdes Iriondoren gaixoaldiaz idatziz lehenengo, eta bere heriotzaren bueltan, gero, non ausardiaz begiratu zien bere azken egunei.

Paradoxa izan liteke ala ez, baina bai Lertxundik eta bai Uribek gaixotasunaz eta heriotzaz jantzi dituzte haien letrak. Jakina denez, idazle oriotarrak “Zu” bere azken lana emaztearen minbizialdiaren baitatik osatu du. «Mugako egoeretan gaixoak badauka kontatzeko, esateko premia bat –aitortu zuen–. Gaixoak adierazten duena material inportantea da, lehenbizi beretzat, baina baita medikuarentzat eta inguratzen dutenentzat ere. Hitzaren bidez egiten da hori. Bada euskal esaera bat laburbiltzen duena ezin duela hitzak ahalegin guztia eginda ere minaren sakontasuna harrapatu, eta hala ere saiatu egiten gara. ‘Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina’».

Uriberi, aldiz, heriotzak etapa gisa irudikatu zaizkio literatur ibilbidean. Aitarekin akordatu zen. Bi hilabetez zaintza berezien gelan, gaixo, hil aurreko denboretan. Gogoan duenak irakur dezala “Bitartean heldu eskutik” urrutiko poema liburu hartako “Bisita”, gaixoaldi haren haritik sortua. «Konturatu nintzen aita falta zelarik poema liburuak erakutsi zidala zer izan behar nuen munduan, alegia, idazle izan behar nuela». Eta bigarren etapa batean, tamalez, gertuko hiru lagunen heriotzak beste garai batera bideratu du bere literatura. “Bilbao-New York-Bilbao” eta “Musche” etorri ziren, eta azken galera haien ondotik, heldutasunean sartu dela aitortu zuen ondarroarrak; «orain bidea bakarrik egin beharko banu bezala». Arreta Intentsiboko Unitateko 6. kutxatik: «Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun, ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi, maitasun keinu bat besterik ez». Bizitzaren lagin bat.