GARA
BILBO

Fresnesko presoek baraua amaitutzat jo dute Moreno espetxez aldatuko dutelako

Dozenaka lagunen babesa bertatik bertara jaso ondoren, Fresnesko euskal presoek gose greba amaitutzat jo dutela iragarri dute, kartzelako zuzendaritzak Itziar Moreno kartzelaz aldatuko dutela ziurtatu baitie.

Fresnesko espetxean dauden euskal preso politikoek atzo eman zioten amaiera gose grebari, Etxeratek larunbat gauerdian prentsa ohar baten bidez iragarri zuenez. Presoen senideek elkarteari azaldu ziotenez, kartzela horretako zuzendaritzak Itziar Moreno espetxez aldatuko dutela ziurtatu ondoren hartu dute erabaki hori, kartzela aldaketa horrek protesta abiatu zuen isolamendutik ateratzea ekarriko baitu.

Hasiera batean, emakumezkoen moduluan dauden euskal presoek lekualdaketa hori gauzatu arte barauan jarraituko zutela iragarri arren, Etxeratek atzo azaldu zuen Moreno beste euskal preso politikoak dauden espetxe batera trasladatuko zutela baieztatu zutenean protesta hori amaitutzat eman zutela Morenok berak, Ekhiñe Eizagirrek eta Iratxe Sorzabalek.

Edonola ere, Sorzabal eta Eizagirre mitarrean geldituko dira lekualdaketa hori gauzatu arte.

Ia hiru aste eman dituzte presoek barauan, Morenok pairatutako isolamendua salatzeko, eta denbora honetan babes adierazpen ugari jaso dituzte Euskal Herrian. Erabakiaren berri, Fresnesera elkartasun martxa heldu eta ordu gutxira eman dute.