Ariane KAMIO
DONOSTIA

Konpas bete bertso

Bertsoak bigarrenez plaza aurkituko du jazzarengan. 2008an egindako lehenengo saiakeraren ondotik, Bertso Jazzak Victoria Eugenia antzokiko oholtzan jarriko ditu musikariak eta bertsolariak. Uztailaren 24an, Donostiako Jazzaldiaren barruan, inprobisazioa ororen gainetik ibiliko da, bertsoak konpasean jardun beharko badu ere.

Bertsolaritzak modu askotako plazak ditu, eta tartean-tartean egokitzen zaio aritzen denari zerbait desberdina probatzeko aukera. Eta norbaitek xaxatuz gero, are errazagoa zaio baiezkoa ematea. Andoni Egañak, Jon Maiak, Beñat Gaztelumendik eta Miren Amurizak baietz. Eta Egañak eta Maiak bigarrenez, 2008an probatu baitzuten Victoria Eugenian inprobisatutako plaza jazzistiko hura. Lankuren deia jaso zuen ordu hartan Donostiako Jazzaldiak, bat-batekotasunean oinarritzen diren bi kultur adierazpideak oholtza berean eta elkarrekin jardutea proposatuz. Ibilbide nahiko zabala izan zuen proiektu hark, Euskal Herria zeharkatu baitzuten inprobisazioz inprobisazio orduko parte hartzaileek.

Bertso Jazzak bigarren saio bat izango du aurtengo udan, Donostiako Jazzaldiaren barruan –uztailak 24, 22.00– zuzeneko musikarekin oraingoan ere. Unai Elizasu ariko da gai jartzaile. Baina ez da errepikapen bat izango.

Konpasetan

Bertsolaritza, izatez, ariketa indibiduala da; bertsolari bakoitzak ateratzen du bere baitatik kantu bidez eta errimaz adierazi nahi duen mezua. Nahiz eta, bakarkako kantua izan, Egañak berak gogorarazi zuenez, bertsolariak ondoan duen bertsolariaren beharra ere badu saioak behar bezalako indarra izan dezan. Eta bertsolaritza librea ere bada, bere forman, bere doinuan eta bere denboran ere. Izan ere, ideia etorri ahala jaurtitzen du bertsoa bertsolariak.

Horixe izango da, Bixente Martinez musikariaren arabera, ikuskizun inprobisatuaren erronka nagusietako bat; jazza eta bertsoa biak bat etorraraztea eta bertsoak konpas baten baitan kantatuz haiek laguntzea. «Ohikoa ematen du bertsolaritza eta musika bateratzea. Baina ez. Nahiz eta tonalitate eta doinu batzuk lehenagotik adostuko diren, ez dugu jakingo inoiz bertsoa nondik nora joango den. Bertsoak kantu bihurtuko dira eta haiek laguntzea izango da gure erronka. Saio errepikaezina izango da», esan zuen atzo Victoria Eugenian parte hartzaileekin batera egindako aurkezpenean.

«Inspirazioa ez dator bat konpasarekin», ohartarazi zuen Egañak. «Gai gara ideia datorkigunean kantatzeko, eta horiek biak bateratzea erronka handia izango da». Eta jarraitu zuen: «Bertsolaritzan inprobisatu egiten da goitik behera, eta konpas baten barruan ibiltze horrek aztoratzen gaitu. Halere, bestelako plazak probatzeak ‘tilin’ egiten digu. Ahalegina ziurtatzen dugu, baina emaitza ez».

Saioa guztiz inprobisatua izango da. Unai Elizasu gai jartzaile lanetan ariko da eta aurretiazko ezaugarri gutxi izango dute ezagutzan bertsolariek beraien lana aurrera eraman ahal izateko. Kanturako doinu batzuk adostuko dira musikariekin –Bixente Martinez (gitarra), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria), Julen Izarra (saxoa) eta Xabier Zeberio (biolina)– eta zein melodia baliatu aukeratu ahal izango du bertsolari bakoitzak Elizasuk ezarritako gaiaren arabera. Hortik aurrera, ezer gutxi, ohiko plaza batean egiten den ariketa berbera errepikatu beharko du bertsolariak. Hori bai, aldaketa txiki batekin. Musikarik gabe kantatu ohi duenez, bertsolaria berari ondoen datorkion tonuan aritu ohi da kantuan. Musika alboan izanik, eta harekin bat etortzeko, ordea, tonalitate berean aritu beharko dute bi aldeek. «Gure kasuan, esan nahi dugun horrek markatzen du erritmoa, eta bakoitza bere tonuan abestera ohituta badago ere, kasu honetan ez da hala izango. Ariketa polita da gure leku erosotik ateratzen garelako eta gauza berriak ikasiko ditugulako bidean», gaineratu zuen Gaztelumendik, egungo Gipuzkoako txapeldunak.