Amagoia MUJIKA
EREÑOTZU

Txaber Altubek jantzi du txapela Txirrita gazteen finalean

Abadiñarrak segurtasunez osatu zuen Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko finala, atzo Ereñotzuko frontoian jokatua. Beñat Mujika donostiarra izan zen txapeldunorde.

Ostiralean bete ziren 80 urte Jose Manuel Lujanbio Txirrita (Ereñotzu, 1860-Donostia, 1936) hil zenetik. Eta haren jaioterrian bildu zen atzo, zortzi hamarkada geroago, bertsolaritzaren gertuko etorkizuna. 2016ko Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko finala jokatu zen frontoian, hain zuzen, Txirritak berak 14 urterekin debuta egin zuen balkoi hartatik metro gutxira. Eta bere irudia aski presente izan zuten bertsolaritzaren kimu diren egungo gazteek. Gerora irabazle izendatu zutenak, Txaber Altubek, agurreko bertsoan bertan bota zuen «Txirritaz betetako frontoia» zuela parez pare. Eta ez zitzaion arrazoirik falta.

Bertsolaritzari lotutako data seinalatua izanik, Maite Berriozabalek hari aipamena eginez ekin zion saioari: «Ereñotzuko bertsolari sonatuak hementxe bota zuen bere jendaurreko lehen bertsoa, hain justu parez pare dugun etxe horretako balkoitik. Eta Txirritak bertsotan ederki asko iragarri bezala, «pixka batian ez naiz aztuko, sartuagatik lurpian / nere aipamenak izango dira / beste larogei urtian».

Eskolartekoak 28. urtea bete du aurten, urteetan egindako lan eskergari esker. Atzo, 11.00etan abiatu zen hitz-jolasa. Oholtza gainean hamabi bertsolari gazte: Beñat Mujika, Nahia Sasco, Xabat Illarregi, Txaber Altube, Joanes Illarregi, Peru Amorrortu, Kerman Diaz, Elixabet Etxandi, Unai Mendiburu, Aizpea Garmendia, Oier Urreizti eta Aroa Arrizubieta. Hasierako agurraren ondotik, binaka ofizioko gaian jardun ziren, zortziko handian lehendabizi eta zortziko txikian gero. Puntuazioz lehendabiziko sei sailkatuek egin zuten aurrera eta bakarka aritu ziren amaitzeko: Aizpea Garmendia, Beñat Mujika, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi anaia leitzarrak, Nahia Sasco eta Txaber Altube.

Plazako tenplea

Bakarkako saioan Altube bera izan zen jaun eta jabe eta berak eraman zuen finaleko txapela, Alaia Martinek jantzia. Maila ona erakutsi zuen abadiñarrak, hasieratik segurtasun handiz abestuz, plazarako tenple handiarekin. Bertsolarien maila, gainera, orokorrean izan zen altua, eskolartekoan batzuetan zaila izan arren bat-bateko tentsioa kudeatzea. Irristada batzuk egon ziren, baina saioa bizi joan zen, oro har.

18 urteren bueltako gazteak ziren finalista gehienak –nahiz eta gazteagorik ere bazen– eta gainean duten selektibitate eta baxoa izan zituzten aipagai. Buruan nahiko gai badutela eta atzoko finalera jolastera etorriak zirela atera zen batzuen ahotik. Libertimenduzko saioa ere izan zen, beraz, atzokoa.

Izan zen anekdotetarako tarterik ere, frontoi alboko elizan izan zen ezkontzak sortutako iskanbilagatik atsedenaldia egin behar izan baitzen, justu Beñat Mujika bakarka hastear zenean. Txapeldunorde izan zen azkenean.

Finalaren ondotik bazkaria egin zen Larre-gain sagardotegian; 150 bat lagun bildu ziren ospakizunean. Bazkalostean, Agin Laburu eta Eli Pagola bertsolariak librean aritu ziren upelen artean eta gero erromeria emanaldi berezia eskaini zuten, Xabier Solano tarteko. Egun borobila Txirrita berrientzat.