Joxean AGIRRE
ORIO
Elkarrizketa
BENITO LERTXUNDI
MUSIKARIA

«Entzuleek eurentzako zer naizen aitortzean ikaratu egiten naiz»

74 urte ditu, baina sasoiko dago. «Nire ekialdean» diskoan Pete Seeger-en «Zergatik utzi kantatzeari?» kantaren bertsio bat sartu zuen eta oraindik ere galdera horixe egiten dio bere buruari.

Gaur emango dio Donostiako Udalak Adarra saria eta, sariaren arrazoia bere ibilbidea izanik, diskografia osoari errepasoa emateko asmoarekin joan gintzaizkion, baina bi orduz hizketan jardun ondoren, artean 1967an Cinsarekin grabatu zuen lehen diskora iritsi gabe geunden. Esan dezagun, beraz, hutsunea betetze aldera, bera izan dela euskal historia gatazkatsuari musika jarri dion kantaria. Benito Lertxundik kantatu dituelako ezagutzen ditugu askok gure gertakari epikoak, derrotak gehienetan eta garaipenak batzuetan, Orreagakoa esate baterako. Azken honi hogei minutuko kanta bat eskaini zion “Altabizkar” diskoan. Berari esker egiten zaizkie askori ezagun iraganeko gure heroi zenbait edo pertsonaia bazterreko: Etxahun Barkoxekoa, Matalaz edo Gartxot. Bere diskoetan beti daude presente herri honen saminak eta itxaropenak. Baina ez du inoiz ereserkirik egin, ez da panfletoan edo aldarrikapen errazetan erori, eta epikarekin batera lirismoa landu du eta bere kanta intimistak entzunez zahartu dira 60ko hamarkadan maitemindu ziren asko. Erdi Aroko kantagintzatik egiten zuen jauzia folk anglosaxoira edo garaiko musika zeltikora. Ondoan Jose Anjel Irigarai bezalako adiskide bat izateko zoria izan zuen eta hark egin zizkion, esaterako, “Aezkoako mendietan”, “Bizkaia maite”, “Zortearen kolpeak” eta “Orreagako gatazka” kanten hitzak. Mundu poetiko propio bat egiten asmatu zuen.

Bere ahots gozo eta ederrak ere lagundu dio horretan. Aditu askoren ustez, herri musikak Europan eman duen kantari eta kantagilerik onenetako bat da. Adinean aurrera doa, baina inork ez luke esango begiratu batean horrenbeste dituenik. Bere ile urdindua nahasirik duela agertu da hitzordura eta pitin bat berotzen denean orkestra zuzendari batek bezala astintzen ditu eskuak airean.

Badago zure biografian umetako eszena bat musika zaletasuna iragartzen duena: elizan sartu eta aulki batean eserita egoten zinen herriko organo-jotzaileari entzuten eta bisita hori zure jolas lagunak enteratu gabe egiten saiatzen zinen.

Etxean musikazaleak ginen. Goiko Kalekoak gara eta ondoan genuen eliza. Elizpean ibiltzen ginen pilotan, futbolean, borrokan eta jolasean. Ni arratsaldetan eskolara joan aurretik herriko organo-jotzailea etortzen zen elizara eta haren atzetik sartu ohi nintzen. Martin Lizaso erloju-konpontzailea ere bazen, handik urte batzuetara nigan eragin handia izango zuena. Hari entzuten egoten nintzen elizan baina, bitxia bada ere, isilka egiten nuen hori, musika nik neskekin lotuagoa ikusten bainuen eta ez mutilen gauza bezala. Koru azpian egoten nintzen entzuten, ilunpean.

Badago beste eszena bat: osaba Benitok eta zure aitak «Amerikara noa» eta gisako kantak kantatzen zituzten egun seinalatuetan. Amak ahots kaskatuagoa zuen, baina haren kantatze ko modua gehiago gustatzen omen zitzaizun. Antzeko bereizketa bat egiten duzu Zuberoan egin zenuen egonaldiko kontuak kontatzen dituzunean ere: emakumeek sotilago kantatzen zutela, baina zuri kantatzeko molde hori ederragoa iruditzen zitzaizula.

Gizonezkoek buruan eredu jakin batzuk zituztela kantatzen zuten, auskalo zer eredu zituzten, tenoreak eta abar, eta operako kantariak imitatzen saiatuko ziren eta etxekoandreek edo nire amak berentzat kantatzen zuten. Lehen aldiz Zuberoako Ligin ohartu nintzen horretaz, hamabost egun pasatzera joan nintzelarik. Garai hartako hango kantariekin biltzen nintzen tabernan eta une batean komunera nindoala etxekoandrea sukaldean sumatu nuen kanta bera beste modu batera kantatzen. Orduan ohartu nintzen zein ezberdinak ziren kantatzeko bi moduak. Amaren kasura itzulita, “Amerikara noa” izango da seguru asko nik entzun nuen lehen kanta eta horixe izango da nire lehen umetako oroitzapena ere. Gogoratzen naiz hiru urterekin gorrinarekin egon nintzela. Artean sehaskan lo egiten nuen. Neguko goiz argi bat zen eta ni izerdi patsetan esnatu nintzen, auskalo zenbat tapaki neuzkan. Sukaldeko kristalak lurrunduta zeuden kanpoko hotzaren eta barruko beroaren eraginez. Gogoratzen naiz kexatu egiten nintzela beroa nuelako, eta amak ispilu bat jarri zidala gogoratzen naiz aurpegia pinporta gorriz betea nuela ikus nezan eta “Amerikara noa” kantatu zidala. Nire lehen oroitzapena kanta horrekin lotua dago. Aitak eta osabak afana zuten, tabernan eta soziedadean ondo kantatzen zutela esango zietelako. Amaren kantatzeko modua tristeagoa zen, ahotsa ere zartatua zuen, baina ukitu triste hori ikaragarri gustatzen zitzaidan. Arrebak nituen ondo kantatzen zutenak eta “zaude isilik” esaten zioten, baina niri gustatzen zitzaidan.

Badago beste eszena bat zure bizitzan esanguratsua izan daitekeena. Pleurarekin sei hi labete eman zenituen ohean gaixo 11 urterekin. Etxekoen maitasuna sentitu zenuela esan ohi duzu. Oso amazuloa izan al zara? Noiz hasi zinen etxetik kanpo bizitzen?

Ez nuen etxetik urruntzeko aukerarik izan. Gurasoekin bizitzea egokitu zitzaidan eta haiek bizi ziren artean etxean bizi izan nintzen. Gero hasi nintzen nire bizitza gehiago egiten. Amazuloa izan nintzen beharbada, baina nire arrebak ere nahikoa ama ziren nirekin. Gaixo eman nituen hilabeteetan egia da etxeko erregea sentitu nintzela. Jatekoak ere bereziak ziren eta babes izugarria sentitu nuen familiaren aldetik.

19 urterekin erosi zenuen lehen gitarra elektrikoa. Ordurako lehen aipatu dugun Martin Lizaso organo-jotzaileak herrian zuen erloju dendan ari zinen lanean eta han hasi zinen, bazkalondoetan, denda ireki aurretik kantuan. Zer amets zenituen buruan?

Oso lotsatia nintzen eta kantari izan nahi duen batentzat handicap bat da hori. Baina bitxia da, geroztik kantari zenbaiten biografiak irakurriz ohartu naiz lotsatiak asko direla gremioan. Dylan bera oso lotsatia zen eta hori estaltzeko, beharbada, gauza ikaragarriak egiten zituen. Kantari gehiago daude, oso lotsatiak izanik, jendaurrean eraldatzen direnak eta beren lotsa komunikatzeko indar bihurtzen dutenak. Ni koruan abesteko orduan hirugarren lerroan jartzen nintzen eta eskuetan nituen partiturak dardaraz edukitzen nituen. Neure buruari galdetu izan diot nola arraio eman nuen pauso hori. “La Voz de España” egunkarian iragarkia ikusi eta kantari gazteen lehiaketan eman nuen izena. 400 bat hautagai ginen eta hautatua izatea lortu nuen. Elvis, Clif Richard eta gisakoen kantekin egindako pot-pourri bat eraman nuen eta euskaraz kantatu nuen. Handik bi egunera egunkarian hiru bat orrialdeko kronika etorri zen eta nire izena agertu zen izenburuan eta irabazle izateko aukerak nituela esaten zuten. Hor hasi zen nire ibilbidea. Ondoren etorri zen Mikel Laboaren deia, ordurako euskal kantarien bila ari zirelako eta Lurdesekin edo Julen Lekuonarekin ere harremanetan jarrita zeudelako. Eta horrela etorri ziren Ez Dok Amairu izango zenaren lehen bilerak. Nire oroimenean lehen bilera Kursaal zaharreko etxapeetan egin genuen, baina beste batzuek Aurrera jatetxeko azpietan egin genuela diote.

Zer eman zizun Ez Dok Amairuk?

Bilera horietan hasieran ez nintzen ezertaz enteratzen. Ni kantaria izan nahi zuen gazte lotsati bat nintzen, ametsak nituen, arrakastatsua izan nahi nuen, baina ez nuen bestelako formaziorik eta Ez Dok Amairuk hori eman zidan.

Idoia Estornes Lasaren oroitzapen liburua irakurrita, ikusten da hasieratik zuela taldeak halako kohesio politiko bat edo hori zela behintzat taldeko zenbaiten helburua.

Eztabaida politikoa hasieratik egon zen taldean eta oinarrizko ideia nagusiak oso garbi genituen. Esan dudan bezala, kontzientzia politikorik gabe sartu nintzen taldean eta gerora joan nintzen horretaz jabetzen. Taldea urritu ahala lortuko zen kohesioa eta hasi ginen gauzak egituratzen. Kontuan izan sekulako zurrunbilo politikoa zegoela ordurako Euskal Herrian. “Felipetarrak” ere saiatu ziren taldea bereganatzen, baina ezin izan zuten, ideiak oso garbi genituelako. Kultura politiko sendoa izan genuen taldean.

Zazpi urteko ibilbidearen ondoren eta Baga Biga Higarekin AEBetan hilabeteko itzulia egiteko aukera zenutenean desegin zen taldea. Zuk beste ibilbide bati ekin zenion.

Ez naiz hasiko zergatik desegin zen agertzen, orduko protagonista batzuk falta direlako eta ez duelako interes handirik ere. Askotan gertakari horiek txikikerien ondorioz gertatzen dira, baina bizitza ere txikikerien batura da, azken finean. Niretzat oso traumatikoa izan zen taldearen bukaera hori, familia bat ginela sentitzen nuelako. Gainera, orduan ikasi nuen talde giroan ibiltzen, nahiz eta talde batean oso zaila den norbere izatea eta taldearena ezkontzen. Hautsi zenean umezurtz sentitu nintzen, baina pixkanaka kanta zaharren munduan sartzen hasi, Zuberoa deskubritu eta bidea aurkitzen hasi nintzen. Eta bidenabar ohartzen nintzen jendearen artean arrakasta nuela, asmatzen ari nintzela eta neure bidea egiten hasi nintzen.

Jendearen aldetik zein garai izan da zure ibilbidean arrakastatsuena? Zuk izan dituzu ia astero emanaldi bat emandako urteak.

Jendearen aldetik garairik onena orain bizi dudana da. Sekula ez naiz jendearen aurrean orain bezain eroso sentitu. Kopuru aldetik ez dakit, batzuetan hilean emanaldi bat izaten dut, besteetan bi eta hurrena hiru edo lau eta hurrengoan bat ere ez. Egia da garai txarrak direla kantaldiak antolatzeko, udaletxeek hartu duten joeragatik, batik bat. Ez dute formula egokirik aurkitzen dinamika bat martxan jartzeko. Beste helburu batzuekin egiten dute lan, botoak irabaztearren gehienbat.

Orkestra Sinfonikoarekin egin zenuen itzuli famatua izan zela esango nuke nik zure ibilbidean arrakastatsuena.

Ez dakit. Nik oraintxe bertan jasotzen dudan jendearen afektua izugarria da. Beharbada, Interneti esker jendearekiko harremana ere erraztu egin delako da. Niri buruz esaten dituzten gauzekin ikaratu egiten naiz. Jendeak eurentzako zer naizen aitortzen didanean ikaratu egiten naiz eta beren bizipenak kontatzen dizkidatenean berdin.

Victoria Eugeniako ekitaldiaren ostean, hiruzpalau egunera Donezteben zaude eta ondoren Baztango Zigara zoaz. Herri handiaren edo txikiaren arabera taldea handitu edo txikitu egiten al duzu?

Sekula ere ez. Denek dituzte eskubide berak. Otsailean Parisen egon ginen, Trianon aretoan, Montmartren, oso leku dotore batean, baina Parisen edo Baztanen talde berarekin kantatzen dut. Ziga Baztanen dago eta 200 biztanle ditu eta gazte batzuk dirua biltzen ibili dira abuztuan emanaldia antolatzeko. Hor kantatu nahiago dut Albert Hall-en baino.

 

«Imanol Murua ere nire musika entzunez hil zen»

Entzuna dut Deustuko amona bat zure musika jarrita bakean nola hil zen.

Bere alabak kontatu zidan bizipen hori. Imanol Muruaren semeak antzeko gauza bat kontatu zidan, nire kanta bat entzunez hil zela. Berak hala eskatuta. Badirudi nire musikak bakea ematen duela. Zakur batekin ere badut istorio polit bat: lehen auto barruan askotan kantatzen nuen. Donostian pelikula bat ikusi, esate baterako, eta goizeko ordu bata aldean autoa aparkatu eta hasten nintzen kantuan eta jaberik gabeko zakur bat etortzen zitzaidan. Are gehiago, kanpoan nintzenean tokia erreserbatzen zidan eta zain egoten zen, bi hankak leihora altxatu eta, palkoan balego bezala, entzuten egoteko. Hizketaldi luzeak izaten genituen elkarrekin.

Zenbat denbora behar izaten duzu kanta berri bat egiteko?

Kantu batekin borrokan ibili izan naizenean, kanta horrek ez du funtzionatzen. Eta kanta bat oso erraz atera zaidanean arrakasta izan du. “Bizkaia maite” hogei minutuan egin nuen. Badut kanta bat, orain emanaldietan ematen dudana, “Ametsetan entzuna” izenekoa, horrelaxe, amets batean jaio zelako. Nire amets hori izugarri gozoa izan zen. Hileta batean nengoen. Orioko elizak bi elizpe ditu eta zaharrenean nengoen, nire haurtzaroko jolastoki ere badenean. Ilunabar hozpil horretan marinel zahar batzuekin nengoen hizketan eta Goiko Kaleko zenbait emakume ere baziren tartean. Giroa beroa zen, afektu handikoa, hori gogoratzen dut. Zergatik geunden kanpoan? Eliza erabat beteta zegoelako. Halako batean eliza barrutik kantu bat entzun genuen eta ohartu nintzen nire ahotsa zela, neu ari nintzela kantuan, eta kantua inoiz entzun gabea zela. Atea ireki eta barruan eliztar guztiak malkotan ikusi nituen, itzuli nintzen nire solaskideengana eta haiek ere negar-malkotan zeuden. Hileta hori norena zen? Beharbada neurea. Goizean esnatu eta ohartu nintzen kantu hori kantatzen ari nintzela, oso barneratua nuen. Gosaldu eta igo nintzen estudiora eta aurrean nuen letrei begira hasi eta ohartu nintzen batekin erabat egokitzen zela, goitik behera kantatu nuen doinu horrekin. Letra doinuaren zain zegoen. Eta ez da lehen aldia hori gertatzen zaidana. J A

 

«Nazio arazoa dagoen bitartean ez dago demokraziarik»

Politikan helburuak oso garbi dituzu. Egiguzu gogoeta bat herri askotan egiten hasi diren erreferendumez.

Botoen bidez ez da aginterik lortzen. Askatasuna beste bide batzuetatik lortzen da eta orduan herrialde askatu horrek bere egiturak antolatu eta kudeatzeko erabiliko du boto sistema. Baina gu ez gara herrialde askatu bat. Diktaduraren garaian argiago sentitzen genuen herri hau preso zegoela. Botoen sistema etorri zelarik, galdu egin duzu zapalduen kontzientzia. Demokrazian egongo dira Andaluzian edo Extremaduran, baina guk nazio arazo bat dugunez, ez dugu demokraziarik. Katalunian, esate baterako, bi milioi lagun Diadan kalera atera zirenean bazirudien insurrekzio baten aurrean zeudela. Baina erakundetu egin zuten mugimendua eta ataka gaizto batean sartu ziren. Burujabetzak legez kanpoko zerbait izan behar du. Desobedientzia masibo bat planteatuko balute? Irabazteko aukerak dituztenean planteatu beharko lukete hori ere. Estrategak behar dira politikan. Ezker abertzaleak ere aldebakarreko prozesua bultzatu nahi duela dio, baina ezin dute bozketara deitu eta aldi berean desobedientziaren alde agertu. Hori kontraesana da. Geure pentsaera da lehenik deskolonizatu egin behar duguna.J.A.