Ariane KAMIO
IRUÑEA
Elkarrizketa
PELLO LIZARRALDE
IDAZLEA

«Etxe batean jaiotzen zen orok balio zuen etxearen izen onak adina. Hori kondena ez bada ez dakit zer den kondena»

Ez du bukaera-bukaerarik atsegin Pello Lizarraldek (Zumarraga, 1956), ez eta literatura psikologikorik, edo galde-erantzun zuzenik ere. Hutsune eta bete gabeko espazioak dira bere berezko eremuak, eta hara darama irakurlea baita «Elur bustia» bere azken lanean ere.

Ramiro. Sargoria nagusi den arratsalde zamatsu batean industriagune huts batean dago. Eta handik hegoalderanzko bidea hartuko du. Etxera doanaren zantzuak dira, itzulera batenak. Baina ibiliak ez du amaiera zoragarririk aurreikusten. Erortzear den gizasemea da, esku hutsik etxe deritzaion horretara, bere sosegu eta kondena ororekin, bueltan doana. Nola iritsi den egoera horretara, zerk eragin duen horrela egotea, etxean zer edo nor duen zain... Hamarnaka galdera aireratzen dira Pello Lizarralderen “Elur bustia”-n (Erein), eta norbera joango da behar dituen erantzunen bila. Berak narrazioan utzi du bere interpretazioa.

Liburua irakurrita, paisaia oso bat dela iruditu zait.

Inguruari eta garrantzi handia ematen diot. Paisaia esan nahi duzunean esan nahi baduzu tokia bera, ingurua, ba bai.

Ez soilik inguru fisikoa, paisaia emozionala ere bada.

Niretzat hori laudorio bat da, dudarik gabe. Horretan saiatzen naiz. Zentzumenen bidez jaso daitekeen guztiak garrantzi handia du, hain zuzen, zentzumenen bidez beste edozein ondorio atera baino lehen eta beste edozein hausnarketa egin baino lehen askoz ere lehenago dira zentzumenak. Guk ez dugu egun osoa ematen hausnarrean, edo ideiak ateratzen, edo galderak egiten geure buruari; askotan, hementxe jarrita gauden bezalaxe [Iruñeko Cafe Iruñan egin zen elkarrizketa hau] erreparatzen diogu gure inguruari begiek erakusten digutenaz, edo belarrietatik iristen zaigunaz. Hortaz, zentzumenen bidez iristen da mundua eta iruditzen zait literaturan batzuetan beharbada garrantzi gutxi ematen zaiola. Niri ez zait interesatzen literatura psikologikoa, edo ideien literatura. Iruditzen zait mundua jasotzea eta zentzumenen bidez egitea eta hori liburura ekartzea dela kontua eta hari gertatzen zaionari daukan balioa ematea. Hasten bagara haren baitan zer gertatzen den hori kontatuz, oker ari garela iruditzen zait. Edo niri ez zait interesatzen. Zentzumenen bidez jasotzen dena beste azalpenik eman gabe eta bere hartan jarrita uste dut horrek berez ekar lezakeela pertsonaien erretratua, haien kezka, haien mundua zein den eta ikusten duenetik, entzuten duenetik, usaintzen duenetik eta ukitzen duenetik egin daiteke mundu horren errepresentazio bat.

Oso zentzumenezkoa da, noski. Bero sapa itzeleko egun batean, industriagune huts batean zakur batekin dago Ramiro protagonista. Sargoria irakurlearengana iristea lortzen duzu.

Hori niretzat arrakasta da. Asmoa hori da. Zuk esaten badidazu hori sentitu duzula, niretzat hori seinale da lortu nahi nuen hori zuregana iritsi dela. Hori zen nire helburua.

Ramiro da zure abiapuntua, muturreko egoeran dagoen pertsona bat.

Bai, ez da erraza horri eustea. Baina esango nuke gure egunerokoan ni bezalako burges txiki batentzat eta klase ertaina deitzen dioten horretan gaudenontzat askotan oharkabean pasatzen dela horrelako egoeran dagoen jendearen egoera, baina nik esango nuke badaudela horrela eta ez gutxi. Muturreko egoera da baina horrek ez du esan nahi gutxi daudenik, asko daudela esango nuke nik, horrelako egoera edo antzekoetan. Kasu honetan egoera ekonomikoak edo gizartean daukan tokiak ekarri dion egoera bat da, baina muturrekoa izanik ere, ez da bakana.

Baina esperantzak bultzatuta-edo aurrera egiten du etengabe, ez du amore ematen.

Berak konpromiso bat badu. Ez dago bakarrik. Liburuan ez da beste inor agertzen, baina sumatzen da etxean zain duela norbait, bere jaioterrian inguruan badituela lagunak, ezagunak, adiskideak eta sumatzen da familia bat ere baduela. Hor kontua da ikustea ze neurritan den karga bat edo kontsolamendua. Hori nahi duzun bezala ulertu. Akuilatu egiten du neurri batean, baina beste batean estutu egiten du jakinda ez daukala une honetan ezer, eta horrela jarraituz gero ez duela ezer eramango. Itxaropena izan liteke, baina bestetik, itxaropenen bat izateko beharrean dago, ez dauka etsitzerik, baina tentaldiak ere badaude dena bertan behera uzteko edo amore emateko.

Etxerako bide horretan, Frantziako Tourra bezalako zerbait izan daiteke hau? Atalka, etapaka doa bere bizimodua.

Bai, egunak dira. Eta egun horietan batzuetan malda handiak dira eta malda horiek igo beharrean dago eta ematen duenean leunduko direla, berriz ere laztu egiten dira, gogortu egiten dira. Ikusi beharko nuke zein den helburua: Helburua etxera iristea da? Kontua da ez dela argitzen eta irakurleak atera beharko ditu ondorioak. Ez dut soluziorik ematen, ez dut bukaera konbentzionalik ematen. Hasieran irakurri zuten batzuek esan zidaten bazutela itxaropena nire liburu batean izango zela bukaera-bukaera bat, nahiz eta oso dramatikoa izan, baina zapuztu nizkien itxaropen horiek. Hala nahi nuen nik, dudarik gabe. Bukaeratzat izaten den hori oso faltsua izaten da. Douglas Sirk melodrama zuzendariak zioen melodrametan bazirudiela gauzak ondo bukatzen zirela, baina hori zela biribil bat, hasiera zela aldi berean bukaera eta bukaera zela aldi berean hasiera. Horrelako gurpil sorgindu bat badago hor, baina egunerokoan ere esango nuke horren antz handiagoa duela eguneroko bizitzak. Egun zoriontsu batekin ez da ezer bukatzen, beharbada lagundu egiten dizu, hauspotu, baina errepika daitekeela ere badakizu eta prest egon behar da datorrena hartzeko eta hori ez da beti erraza izaten.

Nahita, beraz, galdera asko geratzen dira airean.

Esango nuke galdera batzuk errazak direla erantzuten, pista batzuk ematen direlako. Ezin dut dena bete gabe utzi. Jarraibide batzuk eman behar ditut eta gero hutsune horiek irakurleak bete beharko ditu. Hor dago jokoa. Neurri batean literatura hori da. Dudarik gabe irakurle ergelik ez dago eta irakurleek eurek betetzea hutsune horiek, hori da helburua. Zeren irakurle bati ematen badiozu dena egina eta dena erantzunda uzten badiozu, hor ez dago literatura jokorik.

Ni abiatzen naiz irudi eta galdera batzuetatik. Kasu honetan abiapuntua lehenengo orrialdeetan da nik buruan biraka nuen kapitulua eta hortik jiraka sortu da beste guztia. Eta egoera horrek sortzen zizkidan galdera batzuk eta ez dut azkenean erantzunik lortzen. Baina bidean pentsatu behar izan dudan guztiak asko laguntzen dit ditudan zalantzak argitzen edo toki bat hartzen. Eta gero derrigortuta zaude pertsonaia guztien tokian egotera eta egoera asko ulertzera eta handik eta hemendik datozen bizipenak aztertzera, eta denok ikusteko moduan ematera. Eta bidaia txiki horrek, idaztea bidaia den neurrian, niri asko laguntzen dit pentsatzen. Batzuetan konbikzio batzuk indartzen dituzu, beste batzuetan zalantza bihurtzen zaizkizu, eta horrela da kontua. Baina idazle gisa merezi dit hori egiteak.

Hutsuneak uzten dituzu bete gabe, horrek esan nahi du irakurleak esfortzu gehigarri bat egin behar duela.

Hori da helburu garbia hasieratik. Nik nahi dut irakurle bat ahalegina egiten duena, nire liburua neurri batean egiten duena. Irakurleekin elkartzen zarenean entzuten dituzu gauza harrigarriak batzuetan eta horren aurrean poztu besterik ez daukazu, hori da azken batean bilatzen duzuna. Hutsune asko daude, baina propio utzita, eta norberak era batera edo bestera betetzen dituela, halaxe onartu behar duzu. Ezin duzu interpretaziorik eman, askotan eskatzen badizute ere. Nirea liburuan dago, idaztea bera da nire erantzuna.

Iparra-hegoa dikotomia ere erabiltzen duzu.

Bai, askotan, eta niretzat garrantzitsua da. Nongoa zaren, gauzak asko aldatzen dira. Zer ikusten duzun, ze argi sartzen den, ze eguzkik jotzen duen, jotzen badu, markatu egiten zaituela eta erosoago zaude. Oso gutxi dira nonahi eroso daudenak eta pertsonaiak bere lekua bilatzeko orduan kasu honetan hegoaldera jotzen du eta badirudi hori dela jaioterria izateaz gain bere leku naturala. Baina beste askorentzat iparra izango litzateke eta iruditzen zait norabide bat hartzeak edo bestea hartzeak liburua ere alda lezakeela.

Paisaia fisikoarekin ere jolasten duzu. Ez duzu zehaztasunik ematen, baina jakin daiteke nondik dabilen Ramiro.

Nik ez dut izenik ematen eta askotan aurpegiratzen didate. Batzuk esaten didate hemendik edo handik dabilela eta bai, horixe da, esaten diet, eta horrela konpontzen da dena. Deskribapenetan uste dut oso zehatza naizela izenik aipatu ez arren, eta pixka bat ibili bazara iruditzen zait ohartzeko moduko deskribapenak egiten ditudala eta antzemateko modukoak non dabilen pertsonaia, nola aldatzen den tokia landarediari begiratuz gero, urari, usainei eta abar. Bidaia hori egin daiteke pertsonaiarekin batera, baina jakina, hor dago irakurlearen esperientzia. Neurria hartzen duzu beti bizipenetatik, baita inguruarena ere.

Soilik bukaeran esaten du Ramirok etxerako bidea hartuko duela. Etxea sosegu, lasaitasun, babes gisa ikusten da, baina bere kasuan, izan daiteke porrot bat etxera itzultzea?

Horrela itzultzea beharbada bai eta samin handia darama gainera, zeren ezer ez darama. Ez dakigu nola iritsiko den, iritsiko den ere, baina dagoen-dagoenean itzultzen bada porrota izango da. Etxera itzuli bai, baina ze kontsolamendu aurkituko du ezer eraman ezin badezake? Alde horretatik kondena ere bada.

Beti lotu izan gaituzte Euskal Herrian etxe bati, inguru bati, eta hori dudarik gabe izan daiteke kontsolamendua, batzuetan infernua ere bai, horregatik batzuek ihes egiten dute ezagutu duten horretatik eta ez dira itzultzen, esaten dute itzultzeko ordua izaten dela hiltzeko orduarena. Eta gero ez da ahaztu behar askok izan dugu baserriaren edo etxearen izena. Abizena eta izena ahaztu egiten dira askotan eta baserriko izenetik deitzen zaio eta hori darama betiko. Euskal Herrian esaten da etxe batean sortutako guztia zegoela etxe horren izen onari eustera behartua, eta izen ona galtzen bazuen han jaiotako guztien ardura zela. Orduan, han jaiotakoak balio zuela etxearen izen onak adina. Hori kondena ez bada ez dakit zer den kondena.

Etxe bakar batez ari gara, bere helburua izan daitekeenaz, baina bidean topatzen du etxeren bat edo beste.

Garai batean etxetik pisura egin zen aldaketa izugarria izan zen, menditik hirira egin den aldaketa horrek ekarri ditu aldaketa asko eta asko. Horrek arindu egin ditu garai bateko zamak, etxe batean jaiotzeak ekartzen zuen zama. Nekazari giroan nik uste oraindik baduela oraindik indar bat.

Zein irudi zehatzetatik abiatu zen historia hau? Non du sorburua?

Irudi horretan ikusi nuen gizon bat ostiral arratsaldez industrialde huts batean, sargoripean, deus ez duela. Nonbaitetik heldu da, mugitzen da baina bere pausoak ez dira oso seguruak, zerbaiten bila dabil eta iruditu zitzaidan hori irudi bat zela oso bide luzea eman lezakeena zerbait kontatzeko. Berez iruditu zitzaidan abiapuntu bikaina.

Eskaleak ikusten dituzunean kalean ez duzu beti pentsatzen horren atzean historia bat egon daitekeenik baina bat-batean bizipen horiek pilatzen direnean, denak kontzentratu egiten dira, eta sortu zitzaidan irudi horrek batzen ditu beste guztiak. Etxetik aparte samar dabiltzanak, bidean dabiltzanak ere bai. Asko bidaiatu dut, bidaia horietan jende asko ezagutu dut; batzuekin eman ditut orduak, besteekin minutuak, batzuekin minutu erdia ere eman dut, baina historia batzuk dira harrigarriak, beste batzuk pozgarriak, beste enkontru batzuk dira oso aberasgarriak eta beste batzuk oso gogorrak. Eta horietatik guztietatik antzematen duzu beti errepidean dagoen horrek nahita edo nahigabe nola duen dena behin-behinekoa, eta nola eman behar dituen berehalako erantzunak. Izorratuta dagoenak ez dauka pentsatzerik zer egingo duen hurrengo astean, edo hurrengo urtean. Konpondu behar du egun horretakoa eta gehienez hurrengo egunekoa, zer otordu egin, nola ibili, ze billete hartu… berehala konpondu behar ditu gauza horiek eta ez dauka gauza jasorik pentsatzerik. Ez dira beti eskaleak, ez dira bazter-bazterrean bizi diren horiek…

Ramiro ere ez da eskalea.

Ez. Egoera horretara etorri den pertsona bat da. Harritu egingo ginateke jakingo bagenu zenbat jende dabilen errepideetan, gasolindegi batean, hiritik atera nahian, galdetzen badiozu nondik datorren harritu egingo zara zeren agian oinez egin ditu 40 kilometro eta pixka bat harekin egonez gero eta galdetzen hasiz gero, oso erantzun harrigarriak har ditzakezu, zeren batzuk oraintxe arte gu bezala zeuden.

Historiek batzuetan ematen dute pelikuletakoak baina gure artean daude. Erori diren horiek, zeren hau azken batean da erortzen ari den gizon baten historia, erori diren horietako asko oraintxe arte gurekin zeuden eta ez ziren alkoholikoak, ez ziren drogazaleak… Familia galdu zuten beharbada ezin izan ziotelako gehiago eutsi egoera horri, ez da bakarrik nork eusten dion, agian ez da bera etsi duena, halako gauza batzuk daude. Izan daiteke hori, eta izan daitezke beste asko. Ramiro erortzen ari da baina saiatzen da duin jokatzen, txukun ibiltzen, tente ibiltzen eta badaude zantzu batzuk erakusten diotenak erortzen ari dela. Berak ez luke irudi hori eman nahi, baina ikusita ze tratu ematen dioten leku batzuetan pentsatzen hasia da bera besteen aurrean ematen ari den itxura ez dela berak nahi duena, berak nahi bezain txukuna.

Esan daiteke bere egoera gizartearen zati baten ispilua dela?

Nik nahi nuke historia sinesgarria izatea eta irakurleak ikustea ez dagoela hori beregandik oso urruti. Ez bazara bizi txalet batean kamerak dituena –horrelako askotxo dago orain periferietan–, eta zure zakurra eta zure nanoak lorategian, eta handik ateratzen bazara autoz hipermerkatura eta itzuli eta horrela ibiltzen bazara bizi guztian irudituko zaizu hor barruan daudenak direla mozkor miserable batzuk ez dutela egin egin behar zuten bidea. Baina kalean ibiltzen bazara, erdi normala baldin bazara, badakizu hor dabiltzala, ez ditugula beti erraz ikusten, baina pixka bat begiratuz gero, hor daude. Ibiltzea oso inportantea da. Orain bizikletaz ibiltzen da jende asko baina bizikleta ere oso azkarra da, ez zara inoiz geratzen. Ibili ibiltzen bazara, batzuetan galduan ibiltzen bazara gainera, etorri egiten zaizkizu halako egoeratan dagoen jendea eta konturatzen zara, non bizi naiz ni? Non bizi dira hauek? Ez da joan behar aterpeetara, kartzeletara edo psikiatrikoetara horrelako gauzak ikusteko.