Maider IANTZI
ADUNA

Hainbat familia euskaraz blai Adunan, AEKren barnetegien lehen txanpan

Adunako kaskoan topatu ditugu 11 guraso eta 17 haur, irakasle eta begiraleekin batera. Martxan dira AEKren udako barnetegiak. Gurasoek haurrak izan dituzte motibazio, esperientzia hau lehenbiziko aldiz bizitzeko; etxean giro euskalduna izatea lortu nahi dute.

Joan Leibar 10 urteko aretxabaletarra da protagonista Adunako plazan, AEK-ko irakasle, monitore, guraso eta haurrak terrazan daudela. Atsedenaldia eta kafea zertxobait luzatu dute hedabideon bisitaren aitzakian. Joan txikia txiste kontalari abila da eta irriz jarri gaitu guztiok. Aita eta anaiarekin etorri dela azaldu digu; aita katalana da eta berarekin katalanez egiten dute anaiak eta biek. Ama eta aita, aldiz, gaztelaniaz mintzatzen dira beren artean.

Joanen parean jarrita daude Maria Izquierdo bilbotarra, Soraya Ramos arrasatearra eta Janina Vicente usurbildarra. Lehenbiziko biak Gasteizen bizi dira eta elkar ezagutzen zuten lehendik, bien umeak klase berera doazelako. Maria semearekin etorri da eta Soraya seme-alabekin. Janina, berriz, 5 urteko bikiekin animatu da. Euskara praktikatzea dute xede denek eta haurrak dituzte motibazio nagusi. Giro euskalduna lortu nahi dute etxean.

Umeentzat askatasuna

Janina herri euskaldunean bizi da, baina orain arte Donostian egin du lan eta inguru erdalduna izan du. Usurbilen belarria tente jarriz ikasi du euskara, mintzalagun taldean ere badabil, baina, dioenez, hiztegia falta zaio, aditzak ongi erabiltzea, eta, batez ere, «beldurra kentzea».

Soraya Arrasaten bizi izan zen 9 urte arte eta dakiena hortik datorkio. Maria euskaltegian dabil duela lau urtetik. «Umeentzat askatasuna» da barnetegia, baita 12 egunetan denbora osoan euskaraz egiteko aukera ere. Lau egun daramatzate eta kontent daude euskaraz pentsatzen hasi direlako jada... eta whatsappak euskaraz idazten ere bai!

Sei orduz eskolak izaten dituzte gurasoek, eta bitartean haurrek tailer eta jolasetan aritzen dira monitoreekin. Elkarrekin ere egiten dituzte ekintzak –gaur ibilbide mitologikoa dute Ataunen–. Hizkuntza ohiturak aldatzea ez da erraza, eta haurrekin saiatzen dira monitoreak.

Adunan euskaraz blai egin ondotik, ez dute hizkuntza lehortzen uzteko asmorik eta aitzinera segituko dute ikasketan eta etxean ohitura bultzatzen.