Amalur ARTOLA
VILLABONA
Elkarrizketa
ARITZ ZERAIN
BERTSOZALE ELKARTEKO AHOZKO LANTEGIKO KOORDINATZAILEA

Kantu inprobisatuan, hizkuntza da kultura eta artea sortzeko tresna»

Erpin asko ditu «Europa bat-batean» kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketak. Erpin asko, baina helburu nagusi garbia: sarea eratzea, munduan barreiatuta dauden kantu inprobisatuen esperientziak ezagutu, trukatu, elkarrengandik ikasi eta garatzea. Atzo abiatu eta larunbatera arte iraungo duen kongresu honetan buru-belarri aritu da lanean, beste hainbat kiderekin batera, Aritz Zerain.

Bertsozale Elkarteko kideez gainera, ia ehun boluntarioko taldea ari da “Europa bat-batean” kantu inprobisatuen nazioarteko topaketan lanean. Bi urteko lanaren emaitza iazko udazkenean hasi zen fruituak ematen, Leon eta Bartzelonan kantu inprobisatuan dabiltzan hainbat kide bildu zituztenean. Apirilean, Euskal Herrian jarraitu du esperientziak eta, menuko plater nagusia, kantu inprobisatuen zazpi esperientzia (Euskal Herria, Austria, Gales, Kuba, Mallorca, Mexiko eta Zipre) gertutik ezagutzeko parada eskainiko duena, atzo abiatu zen Donostian. Larunbatera bitartean, goizetan adituen kongresua izango da Miramarren eta, arratsaldez, zeresana emango duten inprobisazio saioak.

2003an antolatu zuen Bertsozale Elkarteak nazioarteko kantu inprobisatuen lehen bilkura. Ze arrasto utzi zuen?

Bertsozale Elkartetik hausnartu zen munduan ez garela bakarrak eta ezagutu behar dugula zer dagoen hor kanpoan. Irteera batzuk egin ziren Kanaria uharteetara, Kubara... eta ikusi zen bertsolaritzaren inguruan elkartea, eskolak eta abar osatu badira ere, beste herrialde batzuetan ez zela hala gertatzen, eta elkar ezagutzeko, inork tiratzekotan, guk egin behar genuela tira.

2003ak lehen topaketa eta datu basearen proiektua utzi zituen: munduko esperientziak webgune batean biltzea pentsatu zen, eta elkartean kulturarteko edo nazioarteko batzorde bat osatu zen gai horri segida emateko. Geroztik, intentsitate ezberdinez bada ere, etengabea izan da bertsolariak kanpora ateratzea eta kanpoko esperientziak hona ekartzea. Munduan zer dagoen ikusi behar dugu eta munduak ezagutu behar gaitu.

Datu base hori, Kulturartea Mapa, etzi aurkeztuko duzue. Zenbat kantu inprobisatu molde identifikatu dituzue?

Ehunera arrimatuta dira momentuz deskubrituta dauzkagunak. Baina ez dakigu zenbat izan daitezkeen, Afrika osoa, esaterako, arakatu gabe dugulako... Bildu ditugunen kasuan, bakoitzaren egoera zein den, ze hizkuntzatan aritzen diren, hor atzean dagoen jendea zein den eta ahal dela bideoak batu ditugu. Asmoa da proiektua Xenpelar Dokumentazio Zentrotik kudeatzea eta ikertzaileek elika dezaten bideratzea. Gure helburua da sare bat sortzea, beraiek izan daitezela beren buruaz hitz egiten dutenak eta datuak pasatzen dituztenak, ez daitezen izan bakarrik kantatzera datozenak.

Batzuetan kosta egiten da halako ondareek duten garrantziaz jabetzea, baina guretzat gauza handia da, lehen aldiz ikusiko dugulako munduan dagoen kantu inprobisatuaren pantailazo bat, eta sarean lanean ariko diren adituei esker pantailazo hori osatzen eta hornitzen joango da gainera, ikasten, etengabe elkar aberasten.

Mapa horretan, bada deigarri egin zaizuen esperientziarik?

Austriakoa deskubrimentu handia izan da, Europan bertan egonda ere batzuetan oso urrun gaudela dirudielako. Baita Sardiniakoa ere: hango gazte bat eta emakume bat ekarri genituen apirilean, eta sardiniarrek gaztearengan dituzte jarriak inprobisazioak irauteko esperantza guztiak. Horrek kontrastatu egiten du gure errealitatearekin. Kontua da haiek orain arte ez diotela transmisioari garrantzirik eman, inprobisatzaileei kosta egiten zitzaien gazteei erakustea eta bakoitzak bere altxor gisa gorde izan du. Hemen, aldiz, naturalagoa izan da transmisiorako jarrera.

Bertsolaritzaren arloan egin den lanketa egin al da munduan zehar?

Denetarik dago. Kuban, adibidez, bada interesik. Guk seguidillak eta habanerak ikasi genituen Kubatik, eta haiek interes handia dute bertso eskolen fenomenoarekiko. Han ere badaude halako batzuk, hezkuntzan txertatuta, ahozkotasunean eragiteko. Topaketan, Patricia Tapanesek hitz egingo digu Kubako transmisio moldeez. Baina egia da toki gehienetan beste era batera egiten ari direla. Sardinian orain ari dira bertako espresio ezberdinekin –inprobisazio kantatua, folklorea, dantza...– elkartea osatu nahian, kurduek ere, nahiz eta oso sakabanatuta dauden, badute elkarte moduko bat, Zipren elkarte folkloriko modura egituratu dira... Baina hemen bezain besteko antolaketarik ez dago, eta hori da agian guk aporta dezakeguna.

Lau zutaberen gainean eraiki duzue kongresua: transmisioa, ezagutza, genero ikuspegia eta hizkuntza gutxituak eta ahozko tradizioaren harremana.

Ardatz horietan biltzen baitira gure kezka nagusiak. Transmisioa guk egituratuta dugu hezkuntza arautuan, bertso eskoletan, aisialdian... baina besteetan zer dagoen eta nola transmititzen den (edo ez) ikustea da lehena. Bestetik, berriak ezagutu nahi ditugu: ezagutzen ditugun esperientziak ere ekarri ditugu, baina ezagutzen ez genituenekin egin dugu ahalegina, zergatik inprobisatzen duten, ze tekniketan aritzen diren... jakiteko. Gero generoarena ere, elkartean badugu genero talde bat 2007tik, eta hor bertsolaritzak egin du aldaketa handi bat eta oraindik lan asko dago egiteko. Jakin nahi dugu beste herrialdetan ze egoeratan dagoen, garrantzirik ematen ote zaion gaiari, edo ez... Oraindik ezin dugu esan zer egiten den, eta hori da deskubritu nahi duguna.

Horri lotuta dator biharko Tabakalerako saioa, ezta?

Mundu mailan lehenengo aldiz egingo da emakumez soilik osatutako nazioarteko saio bat. Oso saio berezia izango da, ukitu intimistarekin, lanketa berezia egin nahi baitu genero taldeak. Etorri diren taldeei gutxienez emakume batekin etortzeko baldintza jarri genien eta hala egin dute, baina hor ere denetik dago. Sardinian, adibidez, inprobisatzen 50 urteko emakume batek eta bere ahizpak bakarrik kantatzen dute. Horietako bat hona etorri zenean, zazpi emakumerekin kantatu zuen eta esan zuen hori dela Sardiniara berarekin eramango zukeena.

Azkena da hizkuntza gutxituen gaia, fenomeno hau gertatzen delako maiz hizkuntza gutxituei lotuta. Bertsolaritzaren kasuan ere, oso kontziente gara testuinguru jakin batean ematen dela bertsolaritza; euskaraz da eta horrek euskarari eta euskal kulturari ekarpen bat egiten dio. Galestarrak gaelikoz inprobisatuko du, galiziarrak galegoz, kataluniarrak katalanez... Kantu inprobisatuak gutxitutako hizkuntza horri ze ekarpen egiten dion ikusiko da.

Ze ekarpen litzateke hori?

Kulturak hizkuntzak derrigorrezkoak ditu, eta gure kasuan gainera hizkuntza da kultura eta artea sortzeko tresna; hizkuntza ahula badago, kultur adierazpen hori ere ahula izango da. Oso lotuta ikusten ditugu guk. Sardiniarekin jarraituz, apirilean hemen izan zirenean zera zioten: «Sardiniera galtzen ari da, eta hura galtzean galduko da gurea. Gurea indartzea lortzen badugu, sardinierari ekarpena egingo diogu». Hizkuntza da kultur espresio hauen lan tresna.

Arlo akademikoaz gainera, emanaldiak ere egongo dira.

Zazpi adierazpidek hartuko dute parte: Euskal Herria, Gales, Kuba, Zipre, Austria, Mallorca eta Mexiko. Saio bakoitzaren hasieran bakoitzak bere egiteko moduaren aurkezpen bat egingo du eta gero, ikusten bada behin ezagututa elkar gurutza daitezkeela, hori ere egingo da.

Saio esperimental samarrak izango dira orduan...

Guztiz. Batzuetan gu gure moldean ateratzen gara, gaia jartzen dugu eta hori guztia, baina besteek ez dute gure moldean egiten. Orduan, asmoa bakoitzak egiten duguna erakustea denez, lehenik zipretarrek edo galestarrek zer egiten duten erakutsiko digute, eta kasu batzuetan ahalko da gai bat jarri eta elkarrekin gurutzatu. Hori ere egingo da.

Tematika aldetik ere, hemen oso gai sozialak eta oso irekiak erabiltzen ditugu, baina beste leku batzuetan ez dira hain irekiak, elementu kontzeptualagoez ari dira, zenbaitetan poetikoak, edo inprobisazioa euren historia kontatzeko erabiltzen dute... Gainera, batzuk ahots laguntzailearekin aritzen dira, edo musika instrumentuekin. Austriarrak, adibidez, zerbeza ferietan ikusi izan ditugu koplak kantatzen, kurduek ipuin modukoak osatzen dituzte ia errezitatuz bezala... Beharrizan ezberdinetatik sortutako adierazpideak dira eta hemen ikusiko da bakoitzak zer kantatzen duen, nola, zergatik, ze teknika dituen...

Topaketa honek ze arrasto uztea nahiko zenukete?

Sarea sortzearen ideia horrekin abiatu gara eta horrekin gaude. Aste osoko esperientzia honetan ikasiko dugu bakoitzak zer eman dezakeen. Apirileko topaketan, adibidez, saioak arratsaldetan zirenez goizak ematen zituzten elkarren instrumentu eta doinuak ikasten, eta bukatu zuten katalanen doinuekin sardiniarrek eta kurduek kantatzen, eta alderantziz. Konbibentzia horretatik ere zerbait sortuko da.

Kulturartekotasun horrek hunkitu ere egiten du, diferenteak izan arren badugulako zerbait batzen gaituena, eta, hizkuntza ulertu ez arren, emozioak transmititu egiten dira. Guk jendea gonbidatzen dugu etor dadin, bizi dezan eta ea ze arrasto uzten dion.