Jon LEUNDA
Sega

Euskal Herriko finalerako txartelak banatuko dira

Aiako Andatza auzoan jokatuko da kanporaketa. Bederatzi segalari lehiatuko dira, bi multzotan banatuta.

Behin Nafarroako eta Gipuzkoako txapelketak jokatu ostean, Euskal Herrikoaren txanda etorri da. Itxura guztien arabera, ez da gainerako herrialdeetan txapelketarik jokatuko eta aurtengoz hiru hauekin beharko du.

Bihar eguerdian jokatuko dira kanporaketak Aian, Andatza auzoko Aristerrazuko belardietan. Guztira bederatzi segalari arituko dira lanean, Gipuzkoakoan eta Nafarroakoan aritutako berak, Urrutia kenduta. Bi multzotan banatuta lehiatuko dira, eta bakoitzeko bi kirolari onenek jokatuko dute finala Asteasun, abuztuaren 7an.

11.30ean hasiko da saioa, eta aurreneko multzoan Julen Gabirondo, Mikel Berekoetxea, Iban Pardo, Jokin Etxeberria eta Iñigo Merkader lehiatuko dira. Multzo honetako faborito nagusia Julen Gabirondo da. Bera da egungo txapelduna, eta berak irabazi berri du Gipuzkoako finala ere. Ezuste handiren bat ez bada, berak finalean izan beharko luke. Beste guztien artean borroka handia iragartzen da.

12.30ean izango da bigarren multzokoen txanda, eta hor Igor Esnaola, Arkaitz Arteaga, Suharri Irazustabarrena eta Jon Kanflanka lehiatuko dira. Hemengo faborito nagusia Igor Esnaola da. Legorretakoa, gainera, Gabirondorekin batera txapela lortzeko hautagaien artean dago, eta bera finaletik kanpo geratzea sekulako ezustea izango litzateke.

Badirudi bigarren postu horretarako lehia handia izango dutela Arteagak eta Kanflankak, hori da behintzat denok espero dutena, baina ezin ahaztu Irazustabarrenarekin ere, berak ere nahi baitu behingoz final batean sartu. Multzo bakoitzean ordu erdiko lana egin beharko dute, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen dituzten multzoko bi onenek lortuko dute Asteasuko finalean aritzeko txartela. Jendea sega gosez dago, eta segur aski ere Aian jende asko izango da kanporaketa hauek ikusteko, lekua paregabea baita, eta segalarien maila ere oso handia izango da.

Orain arte jokatu diren hiru saioetan zaleek ez dute hutsik egin, bai Gipuzkoako kanporaketan bai finaleko saioan jende asko izan baitzen, eta Nafarroakoan gutxiago izan bazen ere, han ere zale ugari batu ziren. Orain, segalaritza gainerako herrialdeetara itzultzea falta da. Bizkaian eta Araban ere segalari ugari izan ziren, baina une honetan falta dira. Ipar Euskal Herriko hiru eskualdeetan, berriz, kirol honek ez du inoiz tradizio handirik izan. Hala ere, zerbait egin beharko da bi herrialdeetatik luzatzeko kirol hau, zaleen oso gustukoa baita, eta denboraldia oso motza geratzen da.

 

Herriz herrikoa

Nafarroako Herriz Herri Txapelketa ere abiatzera doa, eta etzi jokatuko da aurreneko saioa Elizondon, 18.00etan hasita. Arraiotz, Basaburua A, Basaburua B eta Menditarrak lehiatuko dira aurreneko puntuen bila.

 

Ari dira egutegiak prestatzen

Euskal Herriko txapelketetako final eta kanporaketa gutxi batzuk jokatu dira jadanik, baina gehienak oraindik jokatzeko daude. Euskal Herriko Federazioak jadanik ziurtatuta dauden hitzorduen egutegia bidali eta kaleratu du, baina oraindik asko eta asko falta dira jakiteko. Aizkorako hiru mailetako finalak, eta Lehen Mailako eta Bigarren Mailako kanporaketak ere bai.

Abuzturako lau txapelketa daude iragarrita. Horrela, abuztuaren 7an, Asteasun, segalarien finala ikusi ahal izango da. Abuztuaren 15ean, berriz, Gernikan jokatuko da harri-zulatzaileen finala. Abuzturen 28an, berriz, bi ekinaldi izango dira; bata Gorritin, eta trontzalarien kanporaketa jokatuko da han, eta bestea Lakuntzan, Hirugarren Mailako aizkolarien bigarren kanporaketa jokatuko baita. Datozen egunetan gehiago ere antolatzen joango dira, baina oraingoz hauek dira datorren hilabeterako iragarrita daudenak.  J.L.

Honi buruzko guztia: Sega