Idoia ERASO
URRUÑA

Tragedia moderno baten kontakizuna eginen da «Jean Pitrau» pastoralean

Atharratze-Sorholüzeko herritarrek bihar estreinatuko dute pastorala. Jean Pitrau sindikalista eta laborari atharraztarraren bizitza kontatuko du antzezlanak. 1975ean bihotzekoak jota zendu zen protagonista, 46 urte besterik ez zituela. Oraindik bizirik dagoen emazte eta alabengana jo zuen baimen bila Pier-Pol Berzaitzek, obra idatzi baino lehen, eta Jean-Pierre Recalt errejent sujeta ezagutu zutenekin aritu da zuzendari lanetan.

Tragedia bat izan ohi da pastoralaren oinarria, eta Jean Pitrauren bizitzak horren ezaugarriak badituela nabarmendu zuen Pier -Pol Berzaitz idazleak: «Hastapenean oso maitatua izan zen eta gero zokoratua, idealistaren borroka eraman zuen, eta oso goizik zendu zen».

Gizon zuzen eta borrokalari gisa definitzen dute ezagutu zutenek, eta horrek lagun zein etsaiak sortu zizkion gaztetarik borrokan hasi zen Pitrauri. «Gaur egungo ideia asko zituen duela 60 urte, aitzindaria izan zen. Altermundialista izan zen tenorea baino lehen, nik horrela ikusten dut», nabarmendu zuen gidoigileak.

Bereziki bortuko eta laborari txikien aldeko borroka eraman zuen, eta ez Zuberoan eta Euskal Herrian soilik, Pirinio guztietan zehar baizik. «Zokoratuak zirela ikusten zuen, gaitz zitzaion etxaldeak eta herriak nola husten ari ziren ikustea eta hautetsiek ez zutela fitsik egiten».

Sujetaren lana egiten duen Johañe Etchebarnek bat egiten du Berzaitzek erranarekin. Laboraria ere badenak ondo ezagutzen ditu haren borroken emaitzak: «Izigarriko lana egin zuen, gaur egun oraindik duguna, eta erraten ahal da gaur dugula bere medioz bortuko laborantza».

Hala ere, Berzaitzek pastorala idaztean ez du protagonistaren bizitzari buruzko kontakizun zehatza egin: «Berataz gauza asko erraten ahal dira, baina ezin da dena kontatu; pastoralak bere arauak ditu, eta horretan oinarrituko gara, baina sujetaren biziaz hurbil gelditzen gara».

Herritarrak

Seiehun biztanle inguru dituen herrian 120k hartu dute parte pastoralean. Pitrau duela 40 urte inguru zendu zenez, biztanleriaren parte batek ezagutu zuen. «Erran didate dagoeneko: maite zutenek, eta ez zutenek maite, denak izanen dira pastorala ikusten. Erreakzio batzuk izanen dira segur aski, baina badakit horrela izanen dela», baieztatu zuen idazleak gaiak denboran duen hurbiltasunak dauzkan ondorioen jakitun.

«Emaztea eta alabak bizi dira. Arraroa gertatu zait, baimena galdegitera joan naiz, anitz izan naiz familiarekin», azaldu zuen idazleak. Jean-Pierre Recalt errejentak, aldiz, hurbiltasun hori ez duela batere sentitu adierazi zuen. Ohi bezala, arizaleak ahots eta taula gainean emateko maneraren arabera hautatu ditu; zuzendaritza lanean oharrik ez duela izan gaineratu zuen.

Erreakzioak erreakzio biharko estreinaren ondoren, ohi bezala, bigarren emanaldi bat izanen da herrian, abuztuaren 7an. Beste bi emanaldi ere izanen dira; lehena Atharratzerekin anaitutako Otsagabian abuztuaren 15ean eginen da. Pitrauk berak lan handia egin omen zuen Atharratzeko zinegotzia izan zen garaian, 1965ean bi herrien artean sortu zen birazkatzean. Nafarroa eta Zuberoaren arteko harremana handitzen saiatu zen.

Azkenik irailaren 17an Parisen saio bat eginen dute Udazkeneko Festibalaren karietara, Chatelet antzokian. Bi oren eta hiru laurden irauten duen obra oren eta hamarreko luzera izateko moldatuko dute. «Parte bat sakrifikatuko dugu Zuberoa, Atharratze eta pastorala kanpoan ezagutarazteko», erran zuen Berzaitzek.

Zuberoatik kanpo eta emazteen gidaritzapean eginiko pastoral «ederra»

Ekainean “Katalina Erauso” pastorala estreinatu zen Baionan, bi emazte zuzendari zituela. Jean-Pierre Recalt errejent ezagunak bere iritzia eman zuen: «Lan ederra egin dute».

Pantxika Urruty eta Maitena Lapeyrek eginiko lanari buruz erran zuen: «Errejent guztiek badute beren moldea, nirea da ahalik eta sinpleen egitea. Haiek eman dute ederki, handian, musikal manera pittat». Eta «emazte ala gizon berdin da», gaineratu zuen. I. E.