GARA
Donostia

EHUren Polymat hiru tesi zuzentzen ari da BASF enpresarekin

EHUren Polymat ikerketa institutuak Europako hiru doktoregairen tesiak zuzentzen dihardu, BASF Europako kimika enpresa handienetakoarekin. Hain zuzen, Polymatek EID (European Industrial Doctorates) programako proiektu bat lortu du Europar Batasunaren Horizonte 2020 egitasmoaren barruan, Trackway izeneko proiektua, zehazki. Horren baitan, hiru doktoregaiek fase urtarreko polimerizazioaren arloko ikerketa berritzailea eta industriako jardun praktikoa uztartuko dituzte.

Egitasmoaren helburua industria ikertzaileen hurrengo belaunaldia trebatzea da. Horretarako, ikasleek 18 hilabete egingo dituzte EHUren Polymaten eta beste 18, BASF enpresan. EHUn, besteak beste, polimero berriak energiaren ekoizpenean eta biltegiratzean, mintzetan, biomedikuntzan, elektronikan eta estalduretan nola erabili aztertuko dute, ekoizpenean ahalik eta ingurumen inpaktu txikiena sortuz.

«Aukera paregabea»

Proiektuan parte hartzen ari diren hiru doktoregaiak ehundik gora eskatzaileren artetik hautatu zituzten. Sil Navejans, Ganteko (Belgika) Unibertsitateko kimikaria, Massimo Bandiera, Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitateko Kimikako graduduna, eta Giordana Siljanovska, Skopjeko (Mazedonia) St. Cyril and Methodius Unibertsitateko kimikaria dira hiru ikasle horiek.

Siljanovska kimikari mazedoniarrak proiektuaren aukera aniztasuna nabarmendu du: «Proiektu honetan izaten ari naizen esperientzia aukera paregabea da ingurune barreiatuko polimeroei buruz ikasteko prestigio handiko zientzialarien eskutik. Horrez gain, hainbat herrialdetako ikasleak ezagutu eta haiekin lanean aritzeko aukera dut».