Jon LEUNDA
Aizkora

Larrañagak Gipuzkoako Lehen Mailako bere bigarren txapela janztea lortu du

Azpeitiarrak lan bikaina egin zuen, eta lan erdietarako ia finala erabakita utzizuen. Ia hiru minutuko aldea atera zion bigarren sailkatuari.

Mikel Larrañagak irabazi zuen atzo Mendaroko pilotalekuan Gipuzkoako Lehen Mailako txapela. Azpeitiarrak hiru urte daramatza herrialdeko maila gorenean, eta bi aldiz jantzi du txapela. Eneko Otañok, berriz, maila galduko du.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Mendaroko pilotalekuak sekulako betekada izan zuen finala bertatik bertara ikusteko, eta aizkolariek, gainera, euren jarraitzaileak ere izan zituzten, giro aparta jarriz.

Larrañaga jaun eta jabe izan zen. Azpeitiarrak lan erdietarako ia erabakita utzi zuen finala, eta egin zuen denbora ere ona izan zen. Lehen kana-erdikoa botatzen azkarrena Arria izan zen, eta bigarrena mozten, berriz, Mugertza. Hortik aurrera agintzen hasi zen azpeitiarra, eta egur handiak, oinbikoak, alegia, pasa ostean, garbi zegoen, ezeren okerrik ez zela, txapela zeinek eramango zuen.

Ez zen ezusterik izan, bigarren zatian txapela eramango zuela ikusirik lan bikaina egin baitzuen, eta azkenean, gainera, alde handia atera zien gainerakoei. Bigarren sailkatu zen Azurmendiri ia hiru minutuko aldea atera zion.

Lehen postua erabakita, emozioa bigarren posturako izan zen. Hor aritu ziren Azurmendi, Mugertza eta Arria. Errezildarra zen txapela lortzeko faboritoa, baina laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hasiera oso ona izan zuen, baina behera egin zuen. Hala ere, beste biekin borroka polita izan zuen, nahiz eta bigarren zatian bigarren postuan sartzeko aukerak galdu zituen.

Azkenerako, lehia Azurmendiren eta Mugertza II.aren artean geratu zen, baina Arriarangoak eutsi egin zion bigarren postuari, nahiz eta amaieran 13 segundoko aldea bakarrik egon zen. Eneko Otañok, berriz, ezin izan zuen azkeneko postu horretatik ihes egin, eta amaieran maila galduko du.

Mikel Larrañagak, lan guztiak burutzeko, 29 minutu eta 28 segundo behar izan zituen. Bigarren postua izan zen Iñaki Azurmendirentzat, eta berak 32 minutu eta 34 segundo behar izan zituen. Ugaitz Mugertzak osatu zuen podiuma, hirugarren postua eskuratuta. Mutrikuarrak bere lanak 32 minutu eta 37 segundoan amaitu zituen. Laugarren postuan bukatu zuen bere jarduna Arria V.ak, eta berak 33 minutu eta 34 segundoan bukatu zituen lanak. Sailkapena Eneko Otañok itxi zuen, bere jarduna 36 minutu eta 47 segundoan burututa. Beizamakoak Bigarren Mailan jarraitu beharko du orain. 

Ereño Liga irabaztetik gero eta gertuago dago

Ereño, Euskal Herriko harri-zulatze Liga irabaztetik gero eta gertuago dago, azkeneko jardunaldia, aurrekoak bezalaxe, irabazi egin baitu. Oraingoan, ordea, ikaragarri kosta zaio garaipena lortzea, alde oso txikiak izan baitira. 13 zulo eta 12,8 zentimetroko marka egin zuen.

Atzetik, Burdin Gaztea sailkatu zen, 13 zulo eta 5,5 zentimetrorekin, eta Trapagaranek 13 zulo eta 2,3 zentimetro egin zituen. Gero, Errekatxo, Kabiezes eta Piratak sailkatu ziren. Gonbidatu bezala Gallarta aritu zen, baina honek azken lekuan amaitu zuen. J.L.