GARA
BILBO

Elkarretaratzea egin dute Bilbon bortizkeria matxista salatzeko

Bortizkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo udaletxe aurrean instituzioetako ordezkariek eta herritar ugarik. Arantza Palacios matxismoak aurten eragindako zazpigarren biktima da; bere bikoteak atxilotuta jarraitzen du.

Hainbat instituziotako ordezkariek, herritar askorekin batera, elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, Bilboko udaletxearen atarian, indarkeria matxistak duela astebete eragindako heriotza salatzeko. Besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Josu Erkoreka Lakuako bozeramailea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan ziren bertan, alderdi guztietako ordezkariekin batera. Elkarretaratzea txalo zaparrada batekin bukatu zen.

Atzokoa ez da Arantza Palaciosen hilketa salatzeko izango den mobilizazio bakarra; izan ere, Emakumeen Mundu Martxak hitzordua jarri du biharko. Bilbon, manifestazioa abiatuko da Arriaga plazatik, 19.30ean; Donostian elkarretaratzea egingo dute ordu berean; Gasteizen, 20.00etan batuko dira Andre Maria Zuriaren plazan; eta Iruñean, Udaletxe Plazan egingo dute elkarretaratzea, hemen ere zortzietan. Gainera, Bilboko Moyua plazan elkarretaratzea egingo dute gaur, 20.00etan.

Atzo, ohar baten bidez, Emakumeen Mundu Martxak gogora ekarri zuen dagoeneko zazpi emakume hil dituztela, eta nabarmendu zuen Arantza Palaciosek bere bikotea salatu zuela bortizkeria matxistagatik, eta honek urruntze agindu bat izan zuela 2007ra arte. Antolakunde honen iritziz, jazotakoak agerian uzten ditu «bortizkeria matxistaren kontrako lege, protokolo eta baliabideen esparruan dauden hutsuneak, erasotzaile izateagatik salatutako gizon batek emakume bat hil ahal izan duelako eta astebete behar izan delako hori frogatzeko, zantzuak argiak zirenean». Emakumeen Mundu Martxak gogor salatu zuen uda honetan emakumeen kontra izandako eraso kopuru «izugarria» eta azpimarratu zuen emakumeen kontrako bortizkeriak «lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen» duela.

Udaletxea akusazio izango da

Bitartean, Palacios hiltzeagatik atxilotutako 49 urteko gizonak atxiloturik jarraitzen zuen atzo. Ildo honetan, salaketa-elkarretaratzea bukatzean Bilboko alkateak iragarri zuen Udala akusazio partikular bezala aurkeztuko dela haren kontra. Gainera, hildako emakumearen familiarentzat behar duen guztia emateko prest dagoela adierazi zuen Aburtok: «Erailketa hau ez zaigu arrotz egiten eta gu ere minduak sentitzen gara, udal eta gizarte bezala».