Ortzi MURUA
BAIONA
aPERITIFa...

«Hemen, etenik gabe, goizetik goizera egiten dugu besta» . GELA TTIKIKO KIDEAK

Goizean goizetik mugitzen dira festazaleak eta musikariak Baionan. Txaranga baten soinuari segika iritsi gara Gela Ttiki peñara, hamaikak aldera. Peñako kide batekin hitz egin ote genezakeen galdetu diegu. Baiezkoa eman dute segidan, baina bat ez, denak hasi dira kalakan, Julie, Chantal eta Aline, alegia.

Txarangaz gain, trikitilari talde bat ere ari zen bertan gosaltzen. Badira urte batzuk kaleetan ibiltzen diren musikariei gosaria eskaintzen dietela Gela Ttikin, Herriko Etxearen eskaerari erantzunez. Bestek duten kostuari aurre egiteko, elkarte bakoitzari ahal zuen moduan laguntzeko galdegin zion Udalak. Eta halaxe hasi ziren gosariak prestatzen. Gustura egiten duten lana dela bistakoa da. Are gehiago, iaz baino talde guttiago joan zaizkiela-eta penatuta zeudela esan digute. Jateko, omeleta eta urdaiazpikoa ematen diete. Edateko, berriz, musikariek ur asko edaten dutela azpimarratu dute.

Goizean gosariak banatu ondotik, dena txukundu eta enpresei uzten diete lekua eguerdirako. Arratsaldeko bostak arterako tartea, beste peñetara joateko baliatzen dute. Ez dute ezer ostatuen aurka baina lagunak bisitatuz ibiltzen dira, peñaz peña. Horrela, partaideen artean, giro ederra sortzen da. Arratseko zazpietatik goiti, Gela Ttiki denei idekia izaten da goizeko bostak arte. Paella zerbitzatuz hasten dute gaua eta tipula zoparekin bukatu. “Cap’fêtes” ekimenean ere parte hartzen dute, autoa hartu behar dutenei freskagarriak doan ematera engaiatuz.

Betikoak hemen dira

Kalean jende guttiago dabilela ohartu dira, baina beraiei dagokienez ezberdintasunik ez dute sumatu. Bertako jendea, betikoak, hor dira. Sortu zireneko giro onarekin segitzen dute, kide berriak sartu badira ere. Horretaz ari ginela, Pierre-Jean, peñaren sortzaile denak, Gela Ttiki sortu zenekoa kontatu digu. Duela hogei urteko istorioa da. Segurtasun batzordeak idekitzeko baimena eman eta bi ordu igaro gabe, DJ Pierre hasia zen peñari bizia ematen.

Ez dute denborarik alferrik galtzen beraz, bestek irauten duten bost egunetan. Gu agurtzerako, edalontzi berrerabilgarriak kudeatzen dituen elkartea atean zuten.