Iraia OIARZABAL
ASTE NAGUSIAREN ATARIAN

KALEAZ GOZATU, NORK BERE MUGAK APURTUZ

JAIA MODU ASKEAN, ERRESPETUTIK, ETA ARE, SARRITAN NORK BERE BURUARI JARTZEN DIZKION MUGAK GAINDITUZ GOZATZEA DA DONOSTIAKO PIRATEK AZKEN URTE HAUETAN EGINDAKO LANAREN MUINA. KALEA DENONA DELA ALDARRIKATUZ, LOTSAK ERANTZI ETA POZA SOINEAN JANZTERA DEITU DUTE, ASTE NAGUSIA HASTEKO BOST EGUN BAINO FALTA EZ DIRENEAN.

Azken egunotan Donostiako erdigunean ibili den edonork frogatuko zuen dagoeneko masifikatuta dagoela Gipuzkoako hiriburua. Turistek hartu dituzte bazter guztiak, kaleak eta hondartzak, eta Aste Nagusiaren atarian espero izatekoa da uholde hori handitzea. Atzerako kontaketa horretan, Donostiako Piratak hasiak dira ekitaldiak prestatzen, hurrengo larunbatean Ezkila kapitaina eta Mati iristen direnean festarako entrenatuta harrapa ditzaten.

Larunbatean ekin zioten ospakizunari, izen ezin xelebreagoa duen «bertsopiropoteoarekin». 19.30ean zen hitzordua eta kosta zitzaigun kai aldera iristea, Alderdi Eder gurutzatzea odisea bihurtu baitzen. Baina eskerrak ez ginen presaka ibili, puntualtasuna ez baita nagusi izaten halakoetan eta ordu erdiko atzerapenaz hasi baitzen Miren Amuriza eta Onintza Enbeitaren emanaldia. Bertan zirenak ere ez zeuden ordulariaren mende; garagardo hotzak, itsas brisak eta eguneko azken eguzki izpiek laguntzen zuten horretan.

«Eta kalean zer? Zer egin dezakegu Aste Nagusi honetan? Zertan mugatu dugu geure burua orain arte?»; galdera sorta horrekin aurkeztu zuen pirata batek ekitaldiaren muina. Izan ere, jaia kalean, aniztasunetik eta askatasunetik bizitzea izan da beti piraten xedea. Larunbatean ere ikusi ziren horren aldeko keinu ugari, egitarau ofizialari umoretik punta ateratzen ibili baitziren, espazio publikoaren erabilera herritar guztien eskubidea dela azpimarratuz.

Gonbidatu berezia

Jaia ulertzeko moduan dauden ezberdintasun eta, batzuetan, intolerantzien isla izan zen poteoan bidaide izandako gonbidatu berezi bat. Goenkaleko Marialuisa hilda zegoela uste zuela aipatu zuen Amurizak, baina hara non hantxe agertu zen, bera edo bere tankerako norbait, behinik behin.

Bi bertsolarien kaskamotzak, ikusleen janzkera koloretsua, kalean kantuan eta edanean aritzea, bi neska elkar musukatzen ikustea... Ezin ulertuzko kontuak ziren gonbidatu berezi honentzat. Eta ez harentzat soilik, kalean zebiltzan hainbat turistak ere adierazi zuten euren harridura, batzuek irribarre batekin, beste batzuek keinu serioagoz.

Keinuak keinu, umore ezin hobean joan zen bertso emanaldia, bertsolarien eta entzuleen parte hartzearekin. Turistaz jositako Alde Zaharreko kaleetan, lortu zuten piratek euren tokitxoa egitea. Eta poteo on guztien antzera, hau ere luzatzen hasia zegoen, algara artean luzatu ere.

Hurrengo egunean lanera joan behar zuenak, ordea, erdibidean utzi behar izan zuen, azkeneraino iristea arriskutsu gerta baitzitekeen. Ez dakigu zertan amaituko zen, Donostiako Marialuisa konbentzitzea lortuko ote zuten eta jaiak eurekin La Flamenkan ospatzera animatuko den azkenean...

Eta geure buruari begira: orain arte jarritako mugak... gainditu ote ditugu?