Idoia ERASO
URRUÑA

Herritarrak artista bilakatu dituen Makeako kabalkada plazara bidean

Antzerkiarekin batera dantza, musika eta bertsoak elkartuko dituen Makeako kabalkada abuztuaren 28an eta irailaren 3an ikusi ahalko da herriko plazan. Makeako tradizioan oinarrituta, eta beste tokietan ez bezala, ez da toberarik izanen. Nafarroa Behere eta Lapurdiko herri antzerki tradizionala den kabalkaba aktualitateari buruzko ikuspegi kritiko eta umoretsua emateko baliatuko dute Makeako gazteek, adin guztietako herritarrak dantzan eta kantuan jarriz.

Kabalkadaren tradizio handia zuen herria zen Makea 1970eko hamarkadara arte. Erregularki egiten zituzten obrak herrian, baina, aldiz, azken 40 urteotan «fitsik ez da egin», Luxi Uhaldek makear dantzariak aitortu bezala. Aurten, baina, taula gainera itzuliko dira makearrak, eta, herriko tradizioari segida emanez, ez da toberarik izanen, hau da, ez da epaiketarik egingo.

Joan den mendean erabaki zuten tobera bertan behera uztea Makean, eta hortik segitu nahi izan dute Xan Berterretxe antzezlaneko idazlearen arabera. Azken kabalkadetan Ganix Antxordoki legenda bilakatutako Makeako kontrabandistaren bizia izan zen gai nagusia. Bada, aurten ere, emanaldirako abiapuntu hartu dute Bixente Uhalde antzezleak nabarmendu bezala: «Antzerkian ez da zinezko istoriorik, Makeako gazteek Euskal Herriko eta inguruko aktualitateari buruz pentsatzen duguna erakusten dugu. Hari bat bada obran: Ganix». Antzerkiaren egiturak ere oinarrian bere izena hartzen du: «‘Ganixkeriak’ dira oinarria, ez du tobera edo libertimendu formarik». “Ganixkeria” horiek zer diren galdetuta, “zirtzilkeria” gisa definitu ditu Uhaldek, inauterietako pertsonaiak gogoan. Hau da, gazteen ikuspegi kritikoa erakusten dute umorearekin: «mintzatzen gara gai oroz eta deusez». Laburbiltzeko baieztatu zuen: «Euskal antzerkia da».

Testuetatik agertokirako bidean Manex Fusch izan dute lagun: «Bera da eszena zuzendaria, eta berak gaitu trebatzen duela zazpi-zortzi hilabetetik».

540 biztanleko herrian ehunetik gora ariko dira plazan, horietatik 22 antzerkigintzan. Aktore gehienak herriko Jostakin antzerki elkartetik igarotakoak dira, izan ere, taldea izan da egitasmoaren sustatzailea.

Hirurogei parte hartzailetik gora dantzariak dira, eta beraien lana Laurent Hariñordokiren begiradapean garatzen joan da. Sorkuntza bat ere prestatu dute kabalkadarako, mutxikoen urratsetatik abiatuta. Bukaeran dantzatuko dute, eta, ostean, ikusleak betiko urratsetan arituz parte hartzera deituko dituzte.

Arte adierazpen guztiei tokia ematea eta obraren baitan loturek zentzua izatea izan da lan zailenetako bat Berterretxeren esanetan. Inprobisazioari ere eman zaio espazioa bertsolarien bitartez. Horrela, tokiko giro eta ikusgarriak gogora ekarrita bertsotan arituko dira Odei Barroso eta Ortzi Idoate lehen emanaldian, eta, bigarrengoan, Corine Etxeberri eta Aimar Karrika.

Gaua eta eguna

Ohi bezala emanaldiak bi izango dira, ikusleei aukera ezberdinak emateko, baina Makean abuztutik irailera gaua piztuko da. Izan ere, lehendabiziko antzezpena 16:00etan, arratsaldeko eguzkipean egingo bada (eguraldia lagun bada), bigarrena ilargiaren presentziarekin iragango da, 21:00etan, argindarra lagun. «Pixka bat aldatzeko eginen dugu, beste efektu bat eginen du kabalkadak eguzki betean edota gauean», nabarmendu du Luxi Uhaldek. Berezitasun hori adibidetzat hartuta, tradizioan oinarrituta berritu ere egin nahi izan dutela gaineratu du.

Dantzetan ikusiko diren jantzi koloretsu eta ederrek ere badute beren historia, Ipar Euskal Herriko txoko urrunetatik heldutakoak baitira. Behin erabili eta baliatu gabe armairuan ez gelditzeko, «han-hemenka galdeak izan dira». Zuberoatik Lapurdiko kostalderaino joan dira makearrak jantzion bila. Dantza taldeak dituzten herri askotara jo dute, eta horrela arropak Larraine, Bidarte, Zuraide, Getaria, Zalgize, Hazparne edo Urruñako elkarteek utzitakoak dira.

«Taldeek onartzen dute prestatzea. Izan ere, erraten digute: zertarako balio du egitea baliatzeko ez bada? Atzematen dut biziki ontsa dela. Gainera, horrela dantza taldekoek badakite, eta beren inguruan mintzatzen dira, publizitatea egiten digute!», amaitu du dantzariak.