Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren adarrak

Artearen neurria da zerbait egiteko gaitasun eta trebetasuna izatea. Artearen gerra heriotzak eragitea dela diote. Arteak hamaika adiera baditu ere, ederrak izatea gutxieneko baldintza izan beharko luke, hau da, Arte Ederrak izatea. Edozer egiteko gaitasun handia edukitzea artea bada, artea deseraikitzea da arterik eraginkorrena. Politikari profesionalek arte politikoaren onurak eta itxurak saltzen dituzte, porruak azoketan bezala. Oso gutxi balio duen artea izango da galdeketetan politikariek ez baitute gainditu ziztrina ere lortzen. Arte politikoaren izenean sistema politikoek gizabanakoak torturatzen dituzte ideia politikoen gerizpean, gehiengoaren babesarekin gainera. A zer porrujorra! Batzuen artea egiteko moduak ezin dira bilakatu besteen tortura.

Zezenaren tortura toreatzailearen arte txalokatua Espainiako nazio-festa aldarrikatzera etorri dira Donostiara. Zezenketetan ekitaldi-aldaketa tronpeta eta tinbalen arrada edo errepikapenarekin ematen zaio hasiera. Arradak eta adarrak. Torturaren gozamena ikusle-torturatzaileentzat. Zezenaren azken pausoak pasodoble soinu-bandarekin. Esan didate Bilboko zezenketetan musikak garrantzi handia duela, hiriko musika-bandak ikusle zein torero torturatzaileen belarriak gozarazten ditu zezenketan. Heriotzaren berbena zezenaren azken zizpurua ahotik odola dariola. Zezenak ikusle eta ikusleak zezen balira! Adarren artea.