GARA
DONOSTIA

Ondarretako hondartzara musika, zinema eta gastronomia ekarriko ditu Itsasfest-ek

Larunbat honetan itxuraldatuta esnatuko dira Ondarretako hondartza eta Haizearen Orrazia, Donostia 2016ren ekimenez, naturaz eta kulturaz hausnartzeko esparru bilakatuko baitira Itsasfest jaialdiaren harira.

Naturak, zinemak, gastronomiak eta musikak izango dute nagusitasuna. Azken honi dagokionez, Grupo Maré Baixaren (14.00) eta Baywavesren (20.00) kontzertuak izango dira eta Mursegok ikuskizun berezi bat eskainiko du Jean Painleveren film laburren inguruan (21.00). Ostean, Delorean zarauztarren kontzertua izango da (23.00).

Hausnarketak hartuko du egunaren zati handiena. Haizearen Orrazian izango den Pentsamendurako Eremuan zientziarekin lotura duten pentsalariek parte hartuko dute. Hauen artean Iñaki Antiguedad, Joserra Diez, Iñaki Aizpurua, Antonio Cendredo, Jakoba Errekondo, Andres Uriarte, Paco Etxeberria, Adolfo Uriarte, Victor Peñas, Jorge Askasibar, Andres Elisa Sainz de Murieta, Amaia Otazo, Mikel Valero, Idurre Zugazagasti, Aitor San Francisco eta Eduardo Sanchez izango dira.

Gastronomia arloan, gertuko produktuen merkatua gerturatuko du jaialdiak eta beste hainbat jarduera eta ekitaldi ere izango dira egunean zehar: Mexikoko La Liga-Teatro Elastico antzerki-konpainiaren “Las bestias danzan” antzerkia, Claude Medal argazkilariaren erakusketa, stand-up paddlean edo kayakean badia eta Santa Klara uhartea ezagutzeko aukera... Egitarau zehatza Donostia 2016ren webgunean kontsulta daiteke.