Idoia ERASO
URRUÑA

Ipar Euskal Herriko elkargo bakarra osatzeko sortu den gidaritza batzordea lanean hasi da

Ipar Euskal Herria Elkargoa osatzeko gidaritza batzordea lehen aldiz bildu da aste honetan. 2017ko urtarrilaren 1erako abian izan beharko luke herriarteko lankidetzako erakunde publikoak (Helep), eta zer-nolako egituraketa hartuko duen erabakitzeko lanean hasi dira hautetsiak, udako pausaren ondotik. Batzordearen osaketari dagokionez, Baionako ordezkari bat izendatzeke zegoen, eta Martine Bisauta zinegotzia izateak hautsak harrotu ditu hiriburuan.

Gidaritza batzordean udalek eta elkargoek izango duten ordezkari kopurua uda aitzin hitzartu arren, hautetsien izendapenak egin eta geroko lehen bilkura izan zen asteartekoa.

Gobernantza, finantzak, informazio sistemak, giza baliabideak eta baliabide materialei buruzko deliberoak hartu beharko dituzten lantaldeen osaketa ere bukatzear dago. Talde hauetan erabakiak hartu beharko badira ere, lan tekniko gehiena kontratupean ariko diren kabineteen eskutik helduko da. Lehiaketa publikora aurkeztu diren enpresen artean hautatuak zeintzuk izango diren irailaren 8an ezagutaraziko dute, Hego Lapurdi Hiriguneko kontseiluan.

Bisauta vs Durruty

Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak berarekin batera hiria ordezkatuko duen hautetsia zein den jakinarazi du: Martine Bisauta, bere zerrendako zinegotzi eta Baterako kidea. Erabaki horrekin haserre agertu da Sylvie Durruty sozialista, gehiengoa osatzeko Etchegarayrekin agintean dena, bera izango zela uste baitzuen. Baionako Udaleko aliantza arriskuan ez dagoela esan badu ere, sozialistek honen aurrean erantzun egingo dutela aditzera eman du Durrutyk. Gogoan izan behar da, halere, berak Heleparen kontra bozkatu zuela, eta Barne Ministerioan aurkeztu zuten errekurtsoko sinatzaileetako bat izan zela.

Bestalde, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapez sozialista ere zapuztuta agertu da batzordean ez egoteagatik, Ipar Euskal Herriko laugarren hiri handiena dela jakinda. Batzordean sozialista bakarra dagoela ere nabarmendu du, Frederique Espagnac senataria, eta hura ez dela herri edo hiri bateko hautetsia.