Iker AGINAGA
BILBO

Apainketa lanak aldarrikapen bihurtzen dira Areatzan

Bilboko konpartsa guztiek beren txosnak apaintzeko egindako esfortzuari esker, erreibindikazioz beteriko txosnagunea osatu dute Bilboko Areatzan, eta oso koloretsua. Hontzak konpartsak irabazi du txosna dotoreenari ematen zaion Kanpaia saria; eta Moskotarrakek, txosna traketsenak jasotzen duen Eulia jarri behar izan du berean.

Urtero legez, Bilboko Aste Nagusiak kolorez bete ditu udaletxetik Arriaga plazarako pasealekuko txoko guztiak. Edo hobeto esanda, Aste Nagusiak ez, Bilboko Konpartsek baino.

Konplexutasun maila batekin edo bestearekin, 28 txosnek artea eta erreibindikazioa uztartzen diren erakustoki bihurtu dute Areatza, ohikoa denez.

Borroka feministak aparteko aipamena merezi du, txoko guztietan ikus daitekeelako mural edo pankartaren bat eraso matxisten aurka. Satorrak konpartsan, non erasoen aurkako akelarre bat irudikatu duten.

Estatuko zein nazioarteko egoera politikoak ere lekua eduki du: Hontzak-en Kongresu kakaztu bat eraiki dute, Altxaporruen Kataluniaren eta Euskal Herriaren independentzia nahia irudikatu dute, Moskotarrak erromatar zirku bilakatu da, politikariz beteta, Pa...Ya konpartsan Rue de Otxar 03 eraikina margotu dute hainbat errealitate salatzeko eta Mamiki eta Komantxe konpartsetan errefuxiatuak izan dira protagonistak. Bestalde, Txomin Barullon Disney pertsonaiek gogorarazten dizkigute hainbat arazo (Mozal legea, «Panamako paperak»...).

Piztiak konpartsak, bere txosna oso-oso urruneko galaxia batera bidalita, “Vegan Wars” bat irudikatu du animalien defentsan; eta Trikimailun “Sesamo Auzoko” gaileten munstroak ekarri dute txosnara.

Kaixo konpartsan, Vendettaren V-ko maskaraz estalita, manifestari ugarik beren protestak bota dituzte eta Kaskagorrin Asterixek «Bilbo gorria eraikitzera» doazela dio. Batzuek dekorazioan urteurrenaren berri eman dute: Txinbotarrak, Mekauen, Aixeberri eta Txori Barrote.

Askapeña, Munduko Jendeak eta Algara konpartsek herrien arteko elkartasun eta askatasunari dei egin diete. Bizizaleak-en ekologismoa izan da gaia, Sinkuartel-en bakezaletasuna, Pinpilinpauxaren kasuan, adierazpen sexual askea eta Hau Pittu Hau!-n euskararen erabilera.

Irrintzi konpartsak txosna zuri-gorria osatu du eta Zaratas-ek «diskriminaziorik gabeko gune» dela adierazi. Uribarri konpartsakoan baserri uzta bat irudikatu dute. Azkenik, Tintigorri eta Eguzkizaleak konpartsetan Halloween-eko irudiekin apaindu dituzte euren txokoak.

Txosna dotoreena eta traketsena saritzen dute 2007tik, Kanpaia eta Eulia sariekin. Aurten, hurrenez hurren, Hontzak eta Moskotarrak konpartsek jaso dituzte. Sarion helburua da txosnen dekorazioa hobetzea eta jai-eremua atontzeko ahalegina indartzea. Bozketa bidez erabakitzen dute nori eman.