Amagoia MUJIKA
«

Txirrita, epaitua; Alproja bat? Bertsolari jeniala? Biak?

Xabier Leteren «Gabon Txirrita» lana taula gainean da berriz ere, oraingoan Mikel Laskurain eta Miren Gojenolaren zuzendaritzapean. Donostiako Trinitate plazan bildutakoek ederki gozatu dute.

Kontatzen da Joxe Manuel Lujanbio Txirrita bertsolariak oso maitea zuela Donostia eta bertso asko kantatu zizkiola. 1918an Arte Ederren eraikinean eskainitakoa pasa da historiara, modu oso berezian gainera, Txirrita beraren ahotsean guganaino iritsi den bertso bakanetakoa baita. «Jaungoikoaren parolak dira ilargiya ta eguzkiya/ argitasuna bialdu zigun lehenbiziko hegaztiya/ Denbora hauetan usu omen zen eta orain Donostiya/ gaur dan egunian horren inbidiz bizi da mundu guztiya».

Bertso hura kantatu eta kasik ehun urtera eta Txirrita hil zela juxtu laurogei joan direnean, Trinitate plazako iluntasunean argitasun berezia hartu zuen Txirritaren bertsoak megafoniatik. Begiak itxi eta hantxe zegoela sentitzeraino ia.

Larunbat gauez estreinatu zen “Gabon Txirrita” antzerki lana aipatu plazan, aparteko gau giroan, aparteko jendetzaren aurrean. Ez alferrik Txirritak betidanik izan du jendea inguruan biltzeko abildadea. Gero jendea etxeratu eta Txirritak igual hiruzpalau egunetan segitzen omen zuen parrandan. Hori bekatu edo bertute ote, hortxe kosketako bat.

Berez Txirritari zegokion baserriko maiorazkoa, mutiletan zaharrena izan eta garai bateko legeak hala agintzen zuelako. Baina lana neurrian maite zuen, maiteago zuen parranda eta nahikoa errieta eta sesio izan zituen horregatik gurasoekin. Azkenean nekazaritza utzi eta hargintzan hasi zen. Erabaki horren atzean zer dago alferkeria edo bizitzan egin nahi zuenarekiko zuzentasuna? Inor ez engainatzeko ahalegina akaso?

Lana neurrian maite zuen, nagusiak eta nagusikeriak ez zituen batere maite, apaizekin ez zen askorik fio, garaiko arau sozialak betetzeko derrigortasuna ez zuen ulertzen, nahiago zuen egia aurretik jarrita ibili bizitzan, umiltasunetik eta zorrotz begiratzen zion inguratzen zuen munduari eta ez zen inor epaitu zalea. Nahikoa lan zuen bere burua gobernatzen. Baina, larunbatean, Donostiako Trinitate plazan, bera epaitu zuten. Bere pausajea deskribatu zuten oholtza gainean, kontrakoek eta aldekoek, bakoitzak bere ikuskeratik. Zer zen alproja hutsa edo bizitza nahi zuen moduan bizitzeko apustua egin zuen bertsolari zorrotza?

1982. urtean Xabier Letek zuzendu zuen berak idatzitako “Gabon Txirrita” lana Urnietan. 34 urte geroago Mikel Laskurainek eta Miren Gojenolak zuzendu dute antzezlana, ordukoaren desberdina gauza batzuetan baina testu originalaren gertukoa. Herri antzerki bat da, 30 bat lagunek parte hartu baitute –asko urnietarrak eta ingurukoak– eta horietatik pare bat baino ez dira antzezle profesionalak. Oso presente dago herri antzerkiaren kolorea, ederra benetan. Txirritaren papera egiten duen Haritz Zubillagak merezi du nabarmentzea. Gure buruetan irudikatzen dugun Txirrita handi eta gizenaren oso desberdina da eta hasiera batean pertsonaia sinisten kostatu egiten da. Baina antzezlanak aurrera egin ahala, eta Zubillagaren lanari esker, gero eta garbiago ikusten da Txirrita handia gorputz txikiago horretan.

Bigarrena, Urnietan

Trinitate plazako estreinaldiak jendetza batu zuen, sarrera guztiak agortzeraino. Gau giroa ere sekulakoa zen. Pena izan zen soinuaren kalitatea ez zela puntakoa izan. Soinu arazo horiek aparte, publikoak zutik jarrita agurtu zituen aktoreak.

Epaiketetatik aparte, eta “Txirritologoek” antzezlanaren amaieran nabarmendu zutenez, Txirritak modu zuzen, zorrotz eta bikainean jaso zituen bertsotan bere garaiko jendartearen ezaugarriak eta gertaera historiko oso garrantzitsuak. Horregatik segitzen dute bere aipamenek bera hil eta laurogei urtean. Hori ezin da epaitu. Irailaren 23an, Urnietan.

Honi buruzko guztia: «