GARA
iruñea

Irakurmena hobetzeko programa abiatuko du Iruñeko Udalak

Katalunian aitzindari izan den «Lecxit» programa jarriko da martxan Iruñeko hamaika ikastetxetan. Jaime Bofill Fundazioak orain bost urte abiatu zuen programa Katalunian eta jada bertako 61 herri eta 120 ikastetxera hedatu da. Lehen Hezkuntzako ikasleekin egingo dute lan, irakurketa eta ulermena hobetzea xede izanik.

Ikasleen artean irakurmena sustatzeko ekintza bat abiatuko du Iruñeko Udalak. Katalunian aitzindari izan den “Lecxit” (“Lectura para éxito educativo” izenburuaren laburdura) programa garatuko da hiriko hamaika ikastetxetan. 2017an ekingo zaio ekimenari, Jaime Boffil Fundazioarekin hitzarmen batera heldu ostean. Kataluniatik kanpo programa abiatzen duen aurreneko hiria izango da Iruñea. Irakurmena hobetzea du helburu eta Lehen Hezkuntzako umeengan zentratuko da. Irakurketarako espazio bat eratzea da “Lecxit” programaren jarduera nagusia, bertan 4. eta 6. mailako ikasleek elkarrizketa eta irakurketa saioak parteka ditzaten, betiere boluntarioen laguntzarekin. Katalunian bost urte daramatza martxan programak eta 61 herri eta 120 ikastetxetara hedatu da.

Irakurmen mailari dagokionez, parte hartzaileek hobekuntza nabarmenak lortu dituztela jakinarazi dute. Boluntarioen iritziz, «irakurketarako jarrera aldatu egin da, autoestimua hobetu dute haurrek, segurtasun eta erraztasun handiagoz irakurtzen dute eta ulermena garatu dute». Ikastetxeko tutoreek ez ezik familiek ere nabaritu dituzte hobekuntzak, irakurtzeko interes handiago erakusten baitute haurrek. 2017. urte hasieran abiatuko da Iruñean programa, eta, Jaime Boffil Fundazioak, ezagutza partekatzearekin batera, proiektuaren garapena jarraituko duela hitzartu du.

Irakurketa arazoen ondorioak

2009tik PISA txostenak ez du irakurketa ardatz nagusitzat hartu, baina orduko datuak nahiko esanguratsuak dira. Orduan, Lehen Hezkuntzako ikasleen %13,5ek ez zuten irakurketa gaitasuna lortzen. Egoera horrek eskola errendimenduan eragiten du, irakurketa faltak, ulermenean arazoak ekar baititzake.

Aipaturiko txostenak errendimendu arrakastatsua zuzenki lotzen du irakurmenarekin. Izan ere, PISAren arabera, errendimendu altuko ikasleen %31k egunean ordu bat eta bi ordu artean irakurtzen du.

Ikastetxean ez ezik, familia giroan ere irakurtzeko ohitura sustatzeak eragina duela azaleratu du, bere aldetik, ELGA ikerketak. Gurasoen jarrera erabakigarria da, izan ere, seme-alabekin batera irakurriz gero, hauek emaitza hobeak lortzen dituzte ikasketetan. Helduen artean ere motibazio eta gaitasunak irakurketarekin estuki lotuta daudela erakusten dute ikerketek.

«Irakurmena erabakigarria da pertsonek bizi diren munduari zentzua eman eta haien bizitzan zehar ikasten jarrai dezaten», azpimarratu du Iruñeko Udalak ohar bidez.

Boluntarioen lana

Proiektuaren arrakasta boluntarioen lanean dagoela ere jakinarazi du Iruñeko Udalak. Boluntarioek irakurketa prozesua entretenigarriago eta atseginago izatea dute xede nagusia, ikasleen konfiantza hobetzeko.

Edonor izan daiteke boluntario, betiere heziketaren ardura hartu eta ikaslearekin konfiantza gune bat sortzeko nahiarekin. Arreta indibiduala ematen zaio boluntario bakoitzari, eta, formakuntzaren ardura hartzeaz gain haurraren motibazioan lan egin behar du, haren gaitasunean sinetsi behar du, alegia.

Era ludikoan lan egiten dute boluntarioek eta garrantzitsutzat jotzen dute haurren inplikazioa ere.