GARA
BIZIPOZAREN JAIA

JASO ETA EMAN, GIZARTEA IRRIZ JANZTEKO

BIZIPOZA ELKARTEAK IZEN BEREKO JAIA OSPATU ZUEN ATZO USURBILEN, BEHAR BEREZIAK DITUZTEN HAURRAK ETA FAMILIAK SOSTENGATU ETA BERDINTASUNEAN OINARRITUTAKO HARREMANAK SUSTATZEKO.

Bizipoza elkartearen izenak berak zelatatzen du zein den haien filosofia. Bizitzaren aurrean hartzen den jarrera bat da, bizitzeko modu bat, ekiteko modu bat. Gaur egun 30 elkartez osatuta dago denak batzen dituen Bizipoza elkartea, eta, egoerak anitzak badira ere, badute komunean asko: behar edo egoera bereziak dituzte. Adibidez, gaixotasun arraroak dituzten haurrak, adopzio familiak, entzumen urritasuna dutenak, esklerosi anizkoitza dutenak, harrera familiak, adingabe transexualen familiak…

Jaiaren bosgarren edizioa, atzokoa, Usurbilen egin zen. Elkarteko Leire Elizegik GARAri azaldu zioenez, halako egunak oso garrantzitsuak dira, besteak beste, aliantzak sortzen direlako. «Elkarteek hori azpimarratzen dute. Norbanako bezala, elkarte bezala, gizartearen ikuspuntua ireki egiten delako. Elkar ezagutzen dute, errealitate ezberdinek egiten dute topo… horrek indartu egiten ditu, baita jantzi ere. Argazki orokorra ateratzen da, eta horrek lagundu egiten du egoera jakin horiek, zailak direnak, batzuetan tabu direnak ere, normaltasun batean denok batera bizitzeko».

Esperientziak konpartitzea zein baliotsua den ere aipatzen du. «Hori da elkartasuna, jaso eta ematea, hor dago gakoa. Denok dugu zer eman eta zer jaso, bai norbanakook, baita elkarteek ere; ez duzu zertan egoera jakin bat bizi behar parte hartzeko. Denok egin dezakegu zerbait gizartean bizipoza nagusitu dadin».

Esandakoa, Bizipoza jarrera bat da, ezinbestekoa bidean alai aurrera egiteko. Beren oinarriak lau dira, azaltzen dutenez: euskara, elkartasuna, auzolana eta positibo izatea, alegia, bizipoza bera. «Osagai hori ezinbestekoa da, guretzat oinarrizkoa diskriminaziorik eman ez dadin, errespetuan eta berdintasunean bizitzeko».

Boluntario sarea

Bizipoza elkartea 30 taldek osatzen dute eta duela lau urte abian jarritako Elkartasun Elkartetik sortutakoa da. Hiru dira, oinarrian, dituen helburuak: sentsibilizazio lana egitea, elkarteek dituzten behar emozionalekin eta bitartekoekin beharra dutenei laguntzea, eta boluntario sare bat martxan jartzea. Bada, Usurbilen atzo bildutako jende andanak erakusten du horretarako prest badaudela.