GARA
DONOSTIA

Adegi Gipuzkoako arte grafikoetako hitzarmena oztopatzen ari dela salatu dute

Gipuzkoako arte grafikoetako negoziazio mahaiaren seigarren bileraren harira, negoziazio mahaian ordezkaritza duten LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak Lan Harremanetarako Kontseiluaren aurrean elkarretaratu ziren atzo, «Adegi grafikagintzako hitzarmen kolektiboaren negoziaketa blokeatzen ari dela salatzeko».

LABek ohar bidez adierazi zuenez, atzoko bileran, «aurreko bilera guztietan bezalaxe», Adegik bere «jarrera immobilistari» eutsi zion. «Sindikatu guztion eskaerak baztertzeaz gain, ez du negoziazio mahaian ezertxo ere aurkeztu. Jarrera hori onartezina eta ulergaitza da». Hala, «jarrera oztopatzailea» salatzea izan zen sindikatu guztien asmoa.

Horien esanetan, sektorean duen gehiengoa erabiltzen ari da Adegi, egoera kontrolatu eta negoziazioak blokeatzeko helburuarekin, «beste sektore askotan egiten duen bezalaxe», erantsi zuen sindikatu abertzaleak: «LAB ez dago prest hori jasateko». Iturri berberen arabera, Adegiri «ezin diogu beto eskubidea eman mahaia oztopatzeko, are gehiago, gaurko bileran ere agerian gelditu denean sektoreko patronalaren barruan ikuspuntu eta proposamen ezberdinak daudela».

Patronalaren aldetik proposamenak jasotzen dituzten artean, aukera horiek arakatzeko prest daudela berretsi zuten. Horren harira, datorren urriaren 11n beste hitzordu bat izango dutela iragarri zuten sindikatuek.

Sektorea konfrontaziora ez eramateko giltza Adegiren eskuetan dagoela uste du LABek, «patronalaren gehiengoa du eta», gogorarazi zuen. «Adegik jarrera aldatzen ez duen bitartean, mobilizazioak beharrezkotzat jotzen ditugu eta gainerako sindikatuekin harremanetan jarriko gara mobilizazioak adosteko», jakinarazi zuen.

Aurrez aurrekoak saihestu

Garen enpresa elkarteak ere orain gutxi Adegiri jarrera aldatzeko eskatu zion, sindikatuekin beharrezkoak ez diren «aurrez aurrekoak» saihestearren. Bilerak ere edukirik gabe luzatzea leporatu zion.

Hala ere, Garenek erantsi zuen «egoera batzuetan gutxi eskain edo eman daitekeela», sindikatuen eskaerak enpresen errealitatetik urrun daudelako. Sektorearen egoera zaila dela erantsi zuen.