Maider IANTZI
PASSION FOR KNOWLEDGE JAIALDIKO MAHAI-INGURUA

MILA HAZI LORATZEN UTZI ETA AUSARDIA SARITU, SORMENA HIL EZ DADIN

SORMENA GAITZAT HARTUTA, LITERATURA, HIZKUNTZALARITZA, FISIOLOGIA ETA NEUROBIOLOGIA ARLOETAKO ADITUAK ELKARREKIN SOLASEAN JARRI ZITUEN PASSION FOR KNOWLEDGE EKIMENAK OSTEGUN ILUNTZEAN. ANTZIK EZ DUTELA EMAN ARREN, HASIERATIK EGIN ZUTEN BAT OINARRIA KONPETENTZIA TEKNIKOA DELA ETA INTUIZIOA BEHAR DELA BAIEZTATZEAN.

Kirmen Uribe, euskal idazlerik irakurrienetakoa, poema batekin hasi zen sormena esplikatzen. Mark Strand-ek aitaren heriotzari eskainitako testu batekin: «Ezerk ezin izan zintuen gelditu, ezta betiko biziko zinela sinesten zuen semeak ere (...)». Une berezi batean atera zitzaion, aita hilzorian zuela, baina, ondarroarraren ustez, prozesu baten emaitza da sormena.

Bere buruarekin solastatuz, idazle izateko erabakia nolatan hartu zuen kontatu zuen pasarte barregarri batekin. Bere herriko emakumeek “s” era berezian ahoskatzen zutela ohartu zen, eta horri buruz lan bat egitea pentsatu zuen... Ondarroako txistukari arkaikoa zena hortzetako protesiaren ondorio zela deskubritu zuen arte! Asmatzen iaioa zela frogatu zuen hala.

Halere, argitu zuen irudimena ez dela aski: «Nobelagile on batek funtsezko autoreak irakurri behar ditu. Oinarri hori eduki behar du gero zerbait berria aportatzeko. Horretan ez gara hain ezberdinak literaturgileak eta zientzialariak».

Rafael Yuste AEBetako Columbiako Unibertsitateko neurobiologoak erantsi zuen txorien kantuen esperimentuek erakutsi diotela sormenak harremana izan dezakeela buru barrenean sortzen zaizkigun soinuekin. Juan Ignacio Perez EHUko Fisiologia katedradunak, aldiz, lo gaudenean fase jakin batean neurona konexio berezi bat gertatzen dela eta ideia berri bat sortzen dela jakinarazi zuen.

Itziar Laka EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedradunak intuizioaren osagaia gehitu zion sormenari: «Pentsatzen ari garenean zerbaitek esan behar digu ideia berri hori erabilgarria dela. Hori ere partekatzen dute zientziak eta literaturak. Sortzearen plazera ere bai».

Sortzailearen adina atzeratu

Adinaren gaia jarri zien Pedro Miguel Etxenike moderatzaileak eta, txantxak tartekatuz, XX. mendean sortzaileen adina atzeratzen joan dela agertu zuen Perezek, prestakuntza akademikoa gibelatu den gisan (jaso beharreko jakintza handiagoa delako).

Yustek mila hazi loratzen uztearen ideia nabarmendu zuen eta ikerketa taldeetan desberdin pentsatzen duen jendea sartzearena, paisaiaren esplorazio horretan norbaitek putzua topa dezan. Perezek zerbait berria sortzean erridikulua egiteko beldurra ager daitekeela erran zuen, bereziki haurrengan, eta horregatik eskolan ausardia saritzearen alde egin zuen. Ildo beretik, sortzaile izateko gauzak gaizki egin behar direla azpimarratu zuen Lakak: «Ikasleei esaten diet zenbat eta kaotikoagoa izan klasea, orduan eta arrakastatsuagoa izango dela».