Maider IANTZI
DEMOARSOREN EKITALDIA

GIZA KATE ANITZ BAT, ERABAKITZEKO ALIATUAK LORTZEKO BIDEAN MUGARRI

GURE ESKU DAGOREN DEIALDIARI ERANTZUNEZ, EUSKAL HERRIAREN ERABAKITZEKO ESKUBIDEA AITORTZETIK GAUZATZERA PASATUKO DIRA HELDU DEN MARTXOAREN 19AN EHUN BAT HERRI, TARTEAN OIARTZUALDEKOAK. ESKUALDEARI KOLOREA EMATEN DIOTEN KIDEAK GONBIDATU, ETA ERABAKITZE ESKUBIDEAN SAKONDU ZUTEN ATZO ERRENTERIAN.

Zubia lanerako aprobetxatu zuen Demoarsok, Oiartzualdeko erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak, eta herritar aunitz oporretan bazen ere, jende dezente bildu zuen ekitaldi bikoitz batean, Errenteriako Merkatuzar aretoan.

Aurtengo udaberrian iragarri bezala, datorren udaberriaren atarian, martxoaren 19an, Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela aitortzetik hautetsontziak atera eta eskubide hori gauzatzera pasatuko dira Oiartzualdeko herriak. Guztira ehun herri inguruk eginen dute urrats bera, Gure Esku Dagoren deiari erantzunez.

Bide horretan aliatuak bilatu nahian, eskualdeari aniztasuna eta kolorea emanez bizi politiko, sozial eta kulturalean parte hartzen duten lagunak gonbidatu zituzten atzo Demoarsoko partaideek.

Ekitaldiaren lehendabiziko zatian, Naroa Iturrik mugimenduaren orain arteko ibilbidea errepasatu eta, «komunitate sentituz eta komunitate gisa jokatuz», hemendik kontsultara bitarte jarri nahi dituen lau mugarriak aurkeztu zituen.

Lau etapa

Lehenengo mugarria, azaroaren 6koa, «sekulako erronka» da, Pasaiako badia inguratuko baitute erabakitzearen alde. 8.500 metro izanen dira, 10.000 lagun, 85 zati arduradun eta gonbidatu ezagunekin. Baina benetan nahi dutena kate infinitua osatzea da, eskualdea bezalakoa, alaia eta anitza. Data sinboliko batean, gainera: 1933an Autonomia Estatutuari buruzko galdeketan Oiartzualdeko emakumeek bozkatzeko eskubidea gauzatu zuten lehen alditik 83 urte beteko diren egunean.

Ondotik, azaro bukaeran, galderak definitzeko prozesu parte-hartzaileak abiatuko dituzte herriz herri, eta boluntarioak lortu eta aktibatuko dituzte, bozkalekuak zehaztu, lantaldeak sortu... Hurrengo urratsa urtarrilean kanpainaurrea hastea izanen da, etxez etxe atxikimenduak lortzea. Azkenik, otsaila erabakira eramanen dituen kanpaina herritarraren hilabetea izanen da.

Beira taldeak abeslari eta sortzaile ezagunekin batera Demoarso dinamikarentzat sortu duen abestiaren aurrerapen bideoa erakutsiz bukatu zen hitzorduaren aurreneko zatia. Bigarrenean, mahai-ingurua egin zuten. Xabier Oleaga gidari zela, Imanol Esnaola Demoarsoko kideak, Mario Zubiaga EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak eta Zelai Nikolas legelariak erabakitze eskubidearen kontzeptuan sakondu zuten, pentsamendua, estrategia, korrontea eta praktika esplikatuz, Gure Esku Dago mugimendua jende gehiagorengana zabaltzeko asmoz.

Egokituz, 2.0

Zubiaga erabakitzeko eskubidea definituz hasi zen. Bere ustez, “autodeterminazio eskubidea 2.0” litzateke. Agertu zuenez, autodeterminazio eskubideak «gerra egoera bat, oso latza, eskatzen du, edo egoera kolonial bat, edo oso nazio txiki eta homogeneoa izatea. Kasu horretan, nazioartean autodeterminazio eskubidea aplikatzea ez da oso zaila».

Baina Euskal Herrian, «nahiz eta egoera normalizatua ez egon, ez gara bizi kolonia batean eta ez dago eskubide bortxaketa izugarri bat nazioarteko parametroen arabera. Hemen herri bat dago, instituzioak ditu eta hemen bizi den jendeak askatasunean erabaki nahi du. Egoera normalizatu batean gara daitekeen autodeterminazio eskubidea da erabakitze eskubidea eta hori abantaila bat da».

Bi kontzeptuen arteko bigarren desberdintasun nagusia, Zientzia Politikoetako irakaslearen arabera, honakoa da: autodeterminazio eskubidea eskatu egiten da eta gero norbaitek aitortu behar dizu, estatuak edo nazioarteak. Erabakitzeko eskubideak, ordea, ez du horren beharrik: posible da aitortzea eta adostea, baina ez da derrigorrezkoa. Herri batek une jakin batean erabaki dezake, inoren zain egon gabe. Prozesua aldebakarrekoa izan daiteke.

Nikolasek, ikuspegi juridikotik, giza eskubideak duintasunarekin lotuta daudela eta etengabe garatzen doazela erantsi zuen. «Garrantzitsuena da nola doazen herritarrak estatuaren egiturak legitimo egiten, eta herritarrek uler dezakete, esaterako, lege espainola ezin dela katalanaren gainetik egon».

Kataluniarekin segituz, fiskalitatea kudeatzeko nahia azaltzean estatuaren ezetza jasotzeak kontraesan bat agerian jarri zuela esplikatu zuen Esnaolak. «Eskozian ere bazuten asmo bat Londreseko oligarkiak ez zuena, jendartea eta ekonomia beste era batera antolatzea. Horrek geldiaraz zitzakeen, baina kontrakoa gertatu zen: etorkizuna beste modu batera planteatu zuten». Beraz, kontraesanek aska gaitzaketela defendatu zuen: «Bertigoa senti dezakegu, baina ez da beste modurik».

«Legalki posible da»

Zubiagak gogoeta historiko batekin jarraitu zuen, azpimarratuz azken 200 urteetan ez dela belaunaldirik egon gurean gerrarik edo gatazka gogorrik ezagutu ez duenik eta ohartaraziz, desberdintasunak desberdintasun, sustraia bera izan dela beti: euskal herritarrek hemen erabakitzeko duten nahia. Orain arte konpontzeko «gerra errezetak» erabili direla ikusita, errezeta desberdin baten alde egin zuen: jendeari galdetzea ze arlotan erabaki nahi duen.

Erreferenduma legalki deitzeko, Nikolasek ziurtatu zuenez, sei bide ditugu espainiar Estatuan: «Lege aldetik ez dago arazorik. Borondatea behar da».

Eskubide hori gauzatzeko, herritarrak saretu eta mobilizatzea funtsezkoa dela gehitu zuen Esnaolak, sentsibilitate eta geografia ezberdinetatik, baina elkarrekin, gehiengo bat artikulatu, eta aldaketak eragiteko.

«Mundu mailan burujabetza bilakatu da hitz gakoa. Ez da moda arina; sakona da. Arlo guztietan erabakia gero eta urrunago dago, hodeian, eta ez dugu kontrolatzen. Defizit demokratiko izugarria dago», adierazi zuen Zubiagak. «Errenta banaketa ere desitxuratua dago: gutxi batzuek gero eta gehiago dute eta gehienok gero eta gutxiago. Hori oso lotuta dago erabakitzeko eskubidearekin», azaldu zuen eskubide hau ikuspegi zabalago batetik aztertuz. Arriskatzeko gonbita egin zuen, «I+G erabakitze eskubidea delako. Politikoki berritzen ari gara, eskubide bat sortzen. Merezi du Gure Esku Dagon parte hartzea».