Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Basherri Sareak topaketak egingo ditu beraien lana ezagutzera emateko

Kontsumo talde eta kooperatibetan parte hartzen duten ekoizle eta kontsumitzaileen topaketa egingo dute azaroaren 5ean. Basherri Sareak Gipuzkoan egiten duen lana gizarteratzeko modu bat izango da egun osorako prestatu duten egitaraua.

Basherri Sareko Gipuzkoako kontsumo talde eta kooperatibetan parte hartzen duten baserritar eta kontsumitzaileek topaketa egingo dute azaroaren 5ean, Andoainen. Gainerako herritarrei ere zabalik egongo da jardunaldia, non hitzaldi, dastaketa eta antzerkia izango diren.

Zumea plazan izango da zita. 10.30ean babarrun txapelketari hasiera emango diote, ondoren Kataluniako Ca la Paca egitasmoko kideek hitzaldia eskainiko dute, euren lantaldeak nola egiten duen lan azaltzeko. Geroxeago, 14.30ean bazkari herrikoia egingo dute eta arratsaldean “Sandia baten jirabirak” antzerki emanaldia izango da Yokerendan taldearen eskutik. Amaitzeko, kontzertua izango da gaztetxean.

Topaketa honen helburua Basherri Sarearen eginkizuna gizarteratzea da. Egunean zehar elikadura subiranotasuna, kontsumo arduratsua eta nekazaritza jasangarria izango dituzte hizpide. Era berean, Basherri Sarea zabaltzeko intentzioa dute. «Kontsumo talde eta kooperatiben sarea gara. Gipuzkoan badaude 70 bat talde. Honela nekazariak ziurtatzen du kuota batzuen bidez bere barazkiek irteera izango dutela, jendeari astero otar bat eramanez. Kontsumitzaileek aukera dute baserritarren lurrak ezagutzeko, baratzearen nondik norakoak… zuzeneko hartu-emana dago», aipatu zuen sareko koordinatzailea den Joana Iñigezek.

Sarean parte hartzeko batzarretara agertzearekin edo Basherri Sarearekin zuzenean harremanetan jartzearekin nahikoa da. «Guk sarea guztion artean egiten dugu. Interesatzen zaiguna da jendeak parte hartzea. Inor ez dago inoren gainetik, denek dute ahotsa eta erabakitzeko aukera», azaldu zuen baserritarrak.

Honek azaldutakoaren arabera, talde bakoitzean kontsumitzaileak eta ekoizle bat daude, eta ekoizlea arduratzen da kontsumitzaileekin harremanetan jartzeaz. Sistema honen bidez 50 herritara iristea lortzen dute baserritarrek.

Talde bakoitzaren funtzionamendua ere desberdina da, partaideek erabakitakoa. «Batzuk kooperatibak dira, beste batzuk kontsumo taldeak, batzuetan batzarrak egiten dituzte beste batzuetan ez. Segun eta kontsumitzaileak zenbat konpromiso hartu nahi duen».

Sarearen betebeharra da kontsumitzaileak eta ekoizleak harremanetan jartzea, baina kontsumitzaile batek bere herriko kontsumo taldera jo dezake zuzenean. Astero jasotzen diren otarretan, normalean barazkiak izaten dira, baina batzuetan ogia, jogurta, arrautzak edo marmelada ere sartzen dituzte, eta hau ere talde bakoitzean erabakitzen dute.

Kontsumitzeko modua aldatuz

Urteak daramatza Basherri Sareak tokian tokiko elikadura ekologikoa sustatzen salmenta zuzenaren bidez. Izan ere, euren zerbitzuari esker, herritarrek modu ekologikoan ekoitzitako eta sasoikoak diren nekazaritza produktuak dastatu ditzakete astero. Nekazariek otarra prestatzen dute une horretan baratzean duten produktuekin eta kontsumitzaileek hilean behin ordaintzen diete. Garrantzitsuena ez da astean jasotzen duten barazki kopurua, baizik eta kontsumitzeko modua aldatzea.

Honela, bertako baserritarrentzat diru sarrera bat ziurtatzen da, gainerako bizilagunek aparteko produktuez gozatzen duten bitartean. Basherri Sarearen arabera, nekazaritza bultzatzen da horrela eta ekoizle berriak egotea ahalbidetzen da.

Gainera, lurrari eta herriari lotutako nekazaritza hedatzen du, baserri txikiei ere aukera emanez. Lekuko ekonomia sustatzen da, prezio duinak eskaintzen direlako bai ekoizleentzat eta bai kontsumitzaileentzat.

Sistema honen bidez lurraren emankortasuna zaintzen da eta elikagaiak urrutira bidaltzean sortzen den garraio kutsadura gutxitzen da. Bestalde, kontsumitzaileak bere elikagaiak nondik datozen jakiteko eta nekazaritza errealitatea gertutik ezagutzeko aukera dauka.