Jon LEUNDA
Aizkora

Atutxak gainerakoei koska bat ateratzen die oraindik

Bizkaitarrak ia hasieratik aurrea hartu, eta inork jarraitu ezin izan zionez, garaipen erosoa lortu zuen.

Aitzol Atutxak hirugarrenez jarraian lortu zuen atzo Euskal Herriko Lehen Mailako txapela. Bizkaitarra zen garaipena lortzeko faboritoa eta ez zuen hutsik egin. Otaegik eta Larrañagak osatu zuten podiuma berarekin batera.

1.000 ikusle batu ziren Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Leku horretan izanda, sarrera oso ona izan zela esan behar da, Bilbo ez baita aizkorazaleentzat lekurik aproposena, baina erantzun zuten. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu behar izan zituen.

Gehienen ustez, Atutxa eta Vicenteren arteko dema iragartzen zen, baina ez zen hala izan, nafar gazteak laugarren amaitu baitzuen. Saiatu zen, baina atzokoan lana luzea zen, ez zeukan kanporaketarekin edo Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finalarekin zerikusirik. Hala ere, ez dago Otsagabikoari gehiago eskatzerik. 19 urte besterik ez ditu, historian Euskal Herriko Lehen Mailan izan den finalistarik gazteena da eta izango du denbora txapelaren lehian aritzeko.

Atzoko ezustea Joseba Otaegik eman zuen. Zizurkildarrak final batean inoiz lortu duen posturik onena eskuratu zuen, bigarren amaitu baitzuen. Bera inork gutxik hartzen zuen kontuan, baina behetik gora egin zuen. Une askotan Larrañaga izan zen bigarren, baina azkenerako Otaegik azpeitiarrari aurrea hartu, eta Atutxaren hurrengo postua izan zen beretzat.

Izan ere, Aitzolek inori ez zion aukerarik eman. Hasieratik erakutsi nahi izan zuen atzoko onena zein zen, eta horretara joan zen. Aldeak ateratzen azkar hasi zen, eta lan erdietarako alde nabarmena ateratzen zien gainerakoei. Larrañaga zihoan bigarren eta berari bi minututik gorako aldea ateratzen zion.

Garbi zegoen zerbait gertatu ezean berak eramango zuela txapela, eta bigarren aldean ere bide beretik jarraitu zuen bizkaitarrak, lehen alde zuen aldea handituz, eta oso garaipen erosoa lortuz. Emozioa bigarren posturako izan zen, une askotan Larrañaga izan zelako postu horretan, baina Otaegik azken-aurreko enborrean aurrea hartu zion, eta alde handiarekin izan ez bazen ere, beretzat izan zen bigarren postu hori. Larrañagak behera egin zuen amaiera aldera, eta horrek galarazi zion une askotan eskuan izan zuen bigarren postu hori lortzea.

Saiatu zen

Iker Vicente ere saiatu zen postu hobe bat lortzen. Une batzuetan aurrerago ere ibili zen, baina gero ezin izan zion aurretik izan zituen aizkolarien erritmoari jarraitu. 19 urte besterik ez ditu, eta finalean sartzea bakarrik ere ez da meritu makala. Zerbait gertatu ezean, izango du oraindik txapelen bat edo gehiago lortzeko aukera ere.

Lopezen eta Mugertza II.aren lanak ere ez dauka aitzakiarik. Nafarra zen atzoko zaharrena; final batean baino gehiagotan izana da, baina une txarrak ere pasatu ditu, eta Bigarren Mailan ere eman behar izan du itzuli bat. Aurtengo helburua finalean sartu eta azkena ez geratzea zen, eta hori lortu zuen, eta gainera Urrezko Kopan aritzeko txartela ere eskuratu zuen. Mugertzarentzat aurreneko finala zen, eta berak ere lan itxurosoa egin zuen.

Inaxio Perurenak esku bakarrarekin berdindu du bizkarrean 240ko zilindroa

Atzoko finalean, aizkolariez gain, izan ziren beste ekitaldi batzuk ere Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta horien artean Inaxio Perurena izan zen. Harri-jasotzaile leitzarrak marka pertsonal bat egitea zuen helburu atzoko saioan. Horretarako 240 kiloko zilindroa eraman zuen, esku bakar batekin jasotzeko asmoz, eta helburua ongi bete zuen.

Bere helburua gutxienez jasoaldi bat ematea zen, marka egin ahal izateko, eta leitzarrak ez zuen izan inolako arazorik hasierako asmoak betetzeko, horrela bere marka pertsonala onduz. Inhar Urruzunok ere bazuen bi harrirekin marka pertsonal bat egiteko asmoa, baina min hartuta dago, eta beste egun baterako utzi behar izan zituen bere hasierako asmoak egungo Euskal Herriko txapeldunak. J.L.