GARA
IRUñea

5. urteurrenean, ados jarri dira PSN eta aldaketa sustatzen duten lau indarrak

ETAren erabakiaren bosgarren urteurrenaren harira Kongresuan PPk ekidin zuen ebazpenak ez du Iruñean ere guztien adostasunik lortu, PPk eta UPNk aurka egin dutelako. Baina beste adierazpen baten inguruan ados jarri dira Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, I-E eta PSN.

Aieteko Adierazpenaren eta ETAren erabakiaren bosgarren urteurrenaren ildotik, etorkizuna izan zuen atzo hizpide Nafarroako Legebiltzarreko Mahai eta Batzordeak, eta adierazpen baten inguruan bildu ziren Nafarroan aldaketa sostengatzen duten lau indarrak (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E) zein oposizioan den PSN.

Elkarbizitzaren alde egiten du idatziak, biktima guztiak ohoratzen ditu, etorkizuna ideia politiko guztien gauzapenaren eta irizpide demokratikoen bidez eraiki behar dela eransten du eta bertan ETAren armagabetzeari ere egiten zaio aipamena.

Joan den ostegunean Madrilgo Diputatuen Kongresuan PPk eragotzi zuen adierazpena du oinarri ekimen honek. Ainhoa Aznarez Legebiltzarreko presidenteak aurkeztu zuen. Baina Iruñean ere, PPko ordezkariak ez zuen onetsi eta oraingoan UPNkoen laguntza izan zuen. Carlos Garcia Adanero eledunaren esanetan, idatzi hori «Bilduk bat egin zezan» asmatu zuten eta «ez dela ez irabazlerik ez garaiturik izan irudikatu nahi du».

Aralar eta aldebakartasuna

Urtemuga honen inguruko balorazioa egin zuen Aralarrek atzo. Patxi Zabaletaren hitzetan, 2011ko urria hartan «gerra irabazi ez bazuen, bakearen apustua irabazi zuen ETAk. Frankisten oinordekoa den Estatu espainola, bost urte pasatu ostean, oraindik gerra irabazten saiatzen den bitartean».

Gernikako Akordioa edota Foro Sozialaren ahalegina txalotu ondoren, konponbidearen alde diren eragile guztien aldebakarreko ekarpena aldarrikatu zuen Rebeka Uberak, «hori baita berme bakarra. Nahiz eta jakin Estatu espainolak ez duela ekarpenik egingo».