GARA
IRUÑEA

«Momentuari helduz» ikuskizuna estreinatuko da gaur Bertsoaroa zikloan

“Momentuari helduz” ikuskizuna estreinatuko da gaur Iruñean, Bertsoaroa zikloan. Oskar Estanga eta Alazne Untxalo (bertsolariak), Satxa Soriazu (teklatua), Aritz Luzuriaga (baxua) eta Alberto Arteta (saxoa) arituko dira.

Ostegunean, munduko inprobisazio kantatuari buruzko hitzaldi bat emango du Andoni Egañak, 19.30ean, Kondestable Civivoxen. Bertsolari gazteenei emanaldi bat eskainiko zaie. Azaroaren 3an Unai Mendizabal, Sarai Robles, Eneritz Artetxe, Maider Arregi, Joanes Illarregi eta Maddi Sarasua arituko dira Kondestable Civivoxen, 20.00etan. Haurrek ere izango dute euren eguna, azaroaren 5a, larunbata. Hitzordua Sanduzelaiko Civivoxen da.

Azaroaren 8an emanaldi berezia izango da, “Oholtza” performancea. 19.30etik aurrera, Kondestable Civivoxen, Beñat Krolem artista-sortzailearen eta Jon Martin eta Jone Uria jardungo dira. Bertsoaroa azaroaren 10ean amaituko da Gurutzeko plazako Institutuko areto nagusian, 20.00etan. Unai Iturriaga, Saioa Alkaiza, Amets Arzallus, Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi eta Julio Soto izango dira bertan.

Emanaldiak doakoak dira, haurrei zuzendutakoak izan ezik, horietarako sarrera 3 eurokoa da. Gurutzeko plazako Institutuko areto nagusirako gonbidapenak aldez aurretik hartu behar dira, aretoan bertan, ordubete lehenago.