GARA
BAIGORRI

Nafarroa Garaia eta Beherea, lurralde loturak sendotzen

Bi Nafarroen XII. Mintegiaren harira, historia eta kulturarekin lotutako gaiak jorratzeaz gain, hainbat alorretan lankidetza garatzeko eta ekimen bateratuak sustatzeko interesa agerian jarri zuten atzo, Baigorrin.

Urtero eta txandaka, batean Nafarroa Garaian eta Beherean bestean, 2005az geroztik egiten den Nafarroa bien kultur topaketa aukera ezin hobea izan zen, atzo, Baigorrin, bi lurraldeen arteko harremanak sakontzeko borondate irmoa azaltzeko.

Hala adierazi zuten Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak, Max Brisson Pirinio Atlantikotako Kontseiluko presidenteordeak, Jean-Michel Coscarat Baigorriko auzapezak eta Louis Gentien Nafarroa Zaharreko Lagunen elkarteko kideak parte hartu zuten ekitaldi ofizialean.

Zenbait alor zehatzetan ekimenak sustatzeko interesa nabarmendu zuen Barkosek: larrialdi zerbitzuen koordinazioa, turismoaren garapena, negu sasoiko errepide arazoak, kirola, mugaz gaindiko proiektu berritzaileak, eta abar.

Jarduera komunen bidez «lurralde kohesioa» areagotu eta «ekonomikoki zein sozialki aurrera egingo» delakoan, dei egin zien erakundeei, enpresei eta herritarrei lankidetza proiektuak bultzatzera.