Amalur ARTOLA
DURANGO

Euskal komunitatea batzen duen azoka «Bizitzekoa DA»

Durangoko Azokari aspaldi aitortu zitzaion euskal komunitatea batzeko duen gaitasuna eta, abenduaren 2tik 6ra arteko 51. edizioari begira, ohiko bisitariei ongietorria egiteaz batera, sekula Azokara bertaratu ez direnak xaxatzea hartu du erronkatzat. Horrez gainera, Ipar Euskal Herriak eta gazteriak leku berezia izango dute Azokan eta berau hasteko 36 egunen faltan, «sabeleko tximeletak dantzan» dituela ziurtatu zuen Gerediagako Nerea Mujikak.

Zenbaki borobileko urteurrenek uzten duten ajearen arrastorik gabe aurkeztu zituen atzo Gerediaga elkarteak Durangoko Azokaren 51. edizioko irudia eta ildo nagusiak. «Gaurko aurkezpenak gonbidapen bat izan nahi du. Gonbidapena azokara urtero zatoztenontzat, berriro ere guregana etortzeko. Zuei esker baita azoka arrakastatsua, zuei esker jarraitzen dugulako hobetzen, edo saiatzen behintzat. Eta azokara inoiz gerturatu ez zaretenoi ere, gonbidapena: etorri. Ezagutu. Azokara etortzea merezi du. Gozatuko duzue. Egun-pasa etorriko zaretenak, zuen idoloak ezagutzera, aspaldiko lagunak ikustera, opariak erostera, parrandan... Azokak zuentzat guztiontzat du plana. Azoka bizitzekoa baita», esan zuen Gerediagako presidente Nerea Mujikak. Eta, hain justu, aurtengo leloa Azoka bizitzearen esperientzia horrekin eta bisitariak erakartzearekin lotuta dagoela iragarri zuen: “Bizitzekoa DA”.

Mujikaren hitzetan, berriki Deustuko unibertsitateak egindako ikerketa batek agerian utzi du Durangoko Azokara hurbiltzen den jendearen profila gaztetasunarekin lotua dagoela –batez besteko adina 37 urtekoa da eta hiru bisitaritik bat 16-29 urte artekoa da– eta gehientsuenak ohiko bisitariak direla. Gauzak hala, «sekula Azokara etorri ez diren horiek ere» erakartzea hartu dute erronkatzat. Era berean, Mujikak gogora ekarri zuen aurten hamar urte betetzen direla Gerediagak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) elkarlan hitzarmena sinatu zutenetik eta, alde horretatik, Ipar Euskal Herriak aurtengo Azokan «leku eta indar berezia» izango duela iragarri zuen. Horren adierazle, aurten lehen aldiz eskualde horretako artista bat izan dela kartela diseinatu duena, Baionan sortu eta egun Kanbon bizi den Christine Etchevers. Gerediagako kide Txelu Angoitiak azaldu bezala, Etchevers da Azokako kartela egin duen Ipar Euskal Herriko lehen egilea. Bere karreraren hasieran margolaritza figuratiboa landu bazuen ere, gerora arte abstrakturako joera izan du eta «kultura zaharren sinbolo eta grafismoan» oinarritu ohi da. Bere ibilbidean zehar sari ugari jasoa da –Europako Arte Akademiaren sari nagusia eta Imagination kopa eta Toulouse-Hispania Saloiko domina, besteren artean– eta, hegoaldean bereziki ezaguna ez bada ere, Ipar Euskal Herriko margolari esanguratsuenetakoa da.

Hitza hartuta, Etchevers pozik agertu zen Azokan parte hartu ahal izateagatik eta bere obraren bidez «berotasuna eta pasioa bistaratzen» ahalegindu dela ziurtatu zuen, «hori baita niretzat Azoka: dinamismoa, beroa eta bizitasuna». Kartela diseinatzeko orduan «elementu aunitz» barneratu dituela azaldu zuen: «Liburu eta diskoak daude, pertsona bat liburutik ihes egiten, ametsetatik ihes egiten. Letrak eta alfabetoa ere kartelaren zati dira, kolorea eta dinamismoa ematen diotelako».

Ipar Euskal Herriari tarte berezia eskaintze aldera 30 ekintzatik gora antolatu dituztela gaineratu zuen Mujikak. Horien artean, nabarmentzekoa da Etcheversen obren erakusketa bat hartuko duela Durangoko Arte eta Historia museoak. Azaroaren 17tik urtarrilaren 10era bitartean ikusi ahalko da.

Ikasle Eguna indartuz

Azoka, esan bezala, inoiz baino lehenago, abenduaren 2tik 6ra bitartean, egingo da aurtengoan. Mujikaren hitzetan, Ikasle Eguna hauspotzeko erabakia izan da: «Ikasle Eguna Azokako lehen egunean ospatzen da, eta laneguna izan behar du, ikastetxeetatik Azokara etortzeko aukera izan dezaten». Kulturaren plaza ostiralarekin abiatuko da, eta bertan parte hartzeko inoiz baino izen-emate gehiago izan direla ziurtatu zuen Mujikak, 6.000tik gora. Berrikuntza gisa, aurten arratsaldez nagusientzako jarduerak ere antolatuko dira. «Deialdi berezia egiten diegu euskaraz ikasten ari diren horiei. Esperientzia pilotua izango da, plaza mugatuekin eta denetariko proposamenekin; literatura ibilbideak, hip hop tailerrak, Wikipedia tailerrak…», iragarri zuen Mujikak.