GARA
DONOSTIA

Mobilizazio ugari egin dituzte Lomce eta Heziberriren aurka

Mobilizazio jendetsuak egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko hiriburuetan Lomceren aurka eta, baita ere, Lakuaren Heziberri dekretua errefusatzeko. Hezkuntza sistema duina aldarrikatu zuten, besteren artean, kalera atera ziren ikasle, guraso eta irakasleek.

Protesta jendetsuak izan ziren atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Lomce ez aplikatzeko eskatuz, Ikasleen Sindikatuak espainiar Estatu mailan egindako deiari erantzunez. ELAk eta Steilasek ordubeteko lanuzteak eta mobilizazioak egin zituzten, Ehige gurasoen elkartearen babesarekin, Lomcez gain, Heziberri dekretua gaitzesteko.

Eguerdian, Bilbo, Iruñea nahiz Gasteizen lagun ugari atera zen kalera Lomce, Heziberri eta errebalidaren aurkako oihu artean eta «hezkuntza duin baten defentsan». Arratsaldean ere mobilizazioak egin zituzten lau hiriburuotan, ELA, Steilas, CCOO, UGT eta Ikasleen Sindikatuak antolatuta.

ELAk eta Steilasek ordubeteko lanuztea deitu zuten goizerako Euskal Herriko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publiko zein pribatuan –ikastola pribatuak eta ikastetxe erlijiosoak barne–. Gustura ziren erantzunarekin. Jakinarazi zutenez, goizeko lehen orduan dozenaka ikastetxetan lanuzteak eta elkarretaratzeak egin zituzten langileek. Guraso eta ikasleen parte-hartzea ere aipagarria izan zen.

Lakuako iturrien arabera, lanuzteotan irakasleen %8k hartu zuten parte.

Halaber, bi sindikatuok elkarretaratzeak egin zituzten Iruñeko Hezkuntza Sailaren eta Bilboko Lakuaren egoitzaren aurrean.

Lakuari eta Iruñeari kritika

ELAko hezkuntza arduradun Alain Garciak «Euskal Herriaren beharrak aseko dituen hezkuntza sistema propioa» aldarrikatu, eta Lakuako eta Iruñeko gobernuei Lomce praktikan jartzea leporatu zien.

«Murrizketak izan dira, lan kargak handitu... Honen aurrean planto egin behar dugu, hezkuntza euskaldun, solidario, demokratiko eta parte-hartzailea lortzeko», erantsi zuen. Mobilizazioak «arrakasta handia» izan zuela nabarmendu zuen.

Steilas sindikatuko Ana Perezek, aldiz, «negoziazioan parte hartzeko eskubidea» defendatu zuen eta Heziberri «Lomce pil-pil erara» dela kritikatu. Nafarroan, bestalde, «inongo disimulurik gabe» praktikan jarri dutela gogorarazi zuen.

Iruñeko Hezkuntza Sailaren aitzinean, mila bat ikaslek «errebalida frankisten» kontra protesta egin zuten. Bereziki Batxilergoko eta DBHko ikasleak bildu ziren, hainbat lelo oihukatuz. Nabarmendu zutenez, Rajoyren Gobernuak era antidemokratikoan inposatu nahi ditu azterketa hauek. Gazteen iritziz, horren erakusgarri da errebalidak «uda betean eta hezkuntza komunitate osoari gordez» onartu izana.

Kritikatu zutenez, gisa honetako probek bilatzen dutena milaka eta milaka gazte hezkuntza sistematik «kanporatzea» da. Gaineratu zuten bereziki beren prestakuntza ordaintzeko baliabide ekonomiko gutxien dutenak kaltetzen dituztela.

Euskal eragileek deitutako mobilizazioekin bat egin zuen EH Bilduk. «Gure jarrera argia eta tinkoa da Lomceren eta Heziberriren kontra. Hau esanik, berresten dugu, orain inoiz baino gehiago, Euskal Herrian oinarrizko Hezkuntza Akordio zabal baten beharra dugula. Izan ere, Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzen hasteko agenda propio, adostu eta bateratua behar dugu», adierazi zuen.

LABek eta Ikasle Abertzaleek, aldiz, ez zituzten mobilizazioak babestu «bide propioari ekarpenik egin gabe, estatuko logikari erantzuten diotelako». Herri gisa «hausnarketa» egiteko gonbita luzatu zuen LABek.