GARA
PARIS

Dozenaka lagun nora ezean, Calaisko kanpalekuaren hondakinen artean

«Ez da inor gelditzen», esan zuten asteazkenean frantses agintariek Calaisko kanpalekua hustu ostean, baina atzo dozenaka lagun ikus zitezkeen bertan, nora ezean zebiltzala, adingabeak barne. Estalperik gabe lo egin behar izan zuten, Save the Childrenek salatu duenez.

Kanpalekutik 5.600 lagun atera ondoren, agintariek hustutzat eman zuten Calaisko kanpalekua joan den asteazkenean, baina atzo goizean kazetariek ikusi ahal izan zuten dozenaka lagunek bertan edo oso gertu jarraitzen zutela, gaua estalperik gabe pasatu ondoren; bat bestearen ondoan, hotzari aurre egiteko.

Kanpalekuko mendebaldean zutik geratu ziren kanpin dendak eta etxolak bota zituzten atzo, goizean goiz hasita, hondeamakinek. Polizia, berriz, bertaratu nahi zuten kazetariak, herritarrak eta errefuxiatuak izutzen saiatu zen.

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak salatu du «oihana» deitu izan zaion lekuan dozenaka umek estalperik gabe lo egin beharra izan zutela, «Calaisen leku seguru bat ukatu zaielako». Kanpalekua suntsitu dutenez, «horietako askok zubi azpian, biltegietan eta ‘oihanean’ bertan pasatu zuten gaua, nahiz eta bertako egoera gero eta ezegonkorragoa den».

Errefuxiatuei laguntza eman nahian dabiltzan erakundeek kontatzen dutenak ezin du inor lasai utzi: «Propio eragindako makina bat suterekin, izena emateko zentroak itxita zeudela eta behin-behineko ostatuak lepo eginda, umeek ez dakite non babestu. Askok bertatik ihes egitea erabaki dute, agintariek abian jarritako prozesutik ez dutela ezer aterako ikusita», Save the Childrenen arabera.

Eritreako hiru umeak

Dorothy Sang gobernuz kanpoko erakundeko langilea adingabe horietako batzuei laguntzen saiatu zen asteazken gauean. Eritreatik etorritako hiru umerekin ibili zen ostatu bila. Bik hamahiru urte zituzten eta besteak, hamalau: «Inork ez zituen beraien erreguak entzun. Babeslekua ukatu zitzaien eta ‘oihanera’ itzuli ziren, suteen artean gaua pasatzera. Nola esan daiteke kanpalekuaren hustuketa arrakastatsua izan dela, horrenbeste ume hauskor atzean utzi dituztenean? Nola, azkenean ihes egitea erabaki behar izan dutenean?», galdetzen zuen Sangek, oso haserre.

Agintarien esanetan, 6.000 bat errefuxiatu zeuden Calaisen. Horietako askok ez zuten kanpalekua utzi nahi, erakunde humanitarioek esandakoaren arabera. «Oihana» utzita, hobeto artatuko dituzten zentro batean egon ahalko direla esan zitzaien, baina batzuek ez zuten gunetik joan nahi. Britainia Handia dute guztiek helburu, eta Calaisen egon nahi dute ferryren edo trenen batera igotzeko aukera izango dutelakoan.

Gobernuz kanpoko erakundeek egin dituzten kalkuluen arabera, 2.000 lagun baino gehiagok utzi zuten kanpalekua, hustuketa hasi aurretik.

Enegarren ultimatuma

Horiei guztiei beste ultimatum bat bota zieten atzo agintariek, enegarrena: «Azken proposamena da, propio prestatutako harrera zentroetara joan daitezen. Ondoren bestelako neurriak hartuko ditugu, esaterako, atxilotu eta herrialdetik kanporatzea», Fabienne Bucciok Gobernuaren eledunak kazetariei adierazi zienez.

Bucciok emandako informazioaren arabera, Calaisko kanpalekua ixteko asmoarekin zabaldu diren harrera zentroetan tratu hobea izango dutelakoan, Parisen edo Alemanian, esaterako, dauden errefuxiatu batzuek Calaisera joatea erabaki dute eta dagoeneko batzuk iritsi dira.