Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Modernitate bakan bat», 36ko gerra aurretik arteak izan zuen pizkundea aletuz

XX. mendeko lehen bi hamarkadetan Donostian izan zen kultur eta arte giroa ardatz hartuta osatu du San Telmo museoak «Modernitate bakan bat. ‘Arte berria’, Donostiaren inguruan. 1925-1936» erakusketa. Urte haietako estetika eta ideietan eragina izan zuten hainbat autoreren 160 obra biltzen ditu diziplina anitzeko erakusketa honek.

Hogeita hamar urte igaro dira San Telmo museoak XX. mendeko lehen hamarkadetako euskal artearen gaineko lehen erakusketa osatu zuenetik. «Euskal artearen aro hori aztertzen jarraitu nahi dugu, baina begirada berritzaile eta garaikide batez», azaldu zuen museoko zuzendari Susana Sotok, eta gehitu zuen eginkizun hori betetzera datorrela “Modernitate bakan bat. “Arte berria”, Donostiaren inguruan. 1925-1936” erakusketa.

Peio Aguirre komisarioaren hitzetan, 36ko gerra lehertu aurreko sasoi horretako artea ulertzeko garaiko testuingurua funtsezkoa da. «Donostia, batez ere, turismo aristokratikorako gunea zen eta burgesia merkataritzaren inguruan biltzen zen. Termak, hondartza, uda sasoia... Bilbon, aldiz, burgesiak industriara jo zuen gehiago. Testuinguru lokal honek arte molde berriak sortzeko oinarriak jarri zituen, ‘ismo’-en sorrera eta bi artista-kolektibo ekarri zituen, adibidez». Kolektibo horietara garaiko estetika eta ideietan eragina izan zuten zenbait artista bildu ziren eta, hala, erakusketan horietako zenbaiten obrak daude. Erakusketaren ardatza Jose Manuel Aizpurua arkitektoak eta Nicolas de Lekuona argazkilariak argazkilaritzara ekarri zuten «begirada modernoa» da eta, hortik abiatuta, hamahiru ataletan eta era ez kronologikoan sailkatuta, Jorge Oteiza, Maria Vallejo, Joaquin Labayen, Eduardo Lagarde, Jesus Olasagasti, Juan Cabanas Eruskin, Gabriel Celaya, Carlos Ribera eta Txiki Zabaloren lanak daude.

Erakusketak 160 obra biltzen ditu guztira; batik bat, argazkiak, kartelak eta fotomuntaketak, baina baita bestelako obra plastikoak (pintura, eskultura, tinta txinatarra...) eta eskutitz zein garaiko katalogo eta aldizkariak eta bi ikus-entzunezko ere. Horietako bat, Aguirrek nabarmendu zuenez, Lagarderen inguruko dokumental «ezezaguna» da.

Erakusketarekin batera, aro horren gainean egindako ikerketa biltzen duen katalogoa ere argitaratu dute, Aguirrek eta Jose Angel Medinak idatzia, eta erakusketaren «ezinbesteko osagarri» dena: «Erakusketara etortzen denak gehiago jakiteko beharra izango du eta hor edukiko du katalogoa, eta alderantziz; katalogoa esku artean duenak erakusketara etortzeko beharra sentituko du».

Ohi bezala, erakusketak irauten duen artean (2017ko otsailaren 5era arte) zenbait jarduera paralelo ere egingo dira heldu zein familientzat. Esaterako, azaroaren 9an bisitaldi gidatua izango da komisarioarekin (18.00, doan; aurrez izena eman behar da) eta gaur “Artean jazz. Mural musikala” tailerra izango da haurrentzat (17.00, 5 euro; toki mugatuak).

Azkenik, komisarioak nabarmendu zuen erakusketa hau estuki lotua dagoela San Telmoko beste areto batean Lucia Moholy argazkilariari eskainitakoarekin. «Elkarren osagarri dira, garai bateko artea erakusten baitute».